Iratxe Sorzabalen tortura salaketa egiaztatua egon arren, Parisko Dei Auzitegiak hura Espainiaratzea onartu zuen urriaren 9an, Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaera ontzat hartuta. Xantiana Cachenaut abokatuak iragarri zuen Parisko Kasazio Auzitegira joko zutela, hark galdera hau egin ziezaion Europako Batasuneko Luxenburgoko auzitegiari: «Euroagindu eskaera bat tortura bidez lortutako aitorpenetan oinarritzen bada, eskaera jaso duen estatuak errefusatu behar du? Eta, hala bada, zer kontrol maila izan behar dute epaileek horrelako kasuetan?». Atzo arratsaldean eman zuen erabakiaren berri Parisko Kasazio Auzitegiak: uko egin dio Luxenburgoko auzitegira jotzeari, eta ontzat eman du Parisko Dei Auzitegiaren erabakia. Cachenautek adierazi du errekurtso aukerak aztertuko dituztela ebazpen idatzia jasotzean.
Sorzabalek 2001ean Guardia Zibilaren esku jasandako torturak izan dira aferaren erdigunean. 2015ean Baigorrin (Nafarroa Beherea) atxilotu zutenean, haren tortura salaketak frogatzeko prozedura bat irekitzeko eskatu zion Cachenautek instrukzio epaileari. Istanbulgo Protokoloa aktibatu zioten, eta mediku aditu baten azterketa izan zuen Fresnesko presondegian (Paris): «Medikuaren arabera, Sorzabalen tortura salaketak sinesgarritasun osoa du; estres post-traumatikoa antzeman zion», azaldu zuen urrian abokatuak.
Gaur egun, aukera gutxi daude euroagindu bat ukatua izan dadin, eta legeak aurreikusten ditu. Baina Europako Batasuneko Luxenburgoko auzitegiak beste kasu batzuk ireki ditu 2016tik aitzina, eta jurisprudentzia sortu. Hala, eskaera ukatzeko motibo gisa onartu du euroagindua eskatu duen estatuko espetxe baldintzak tratu txarrekin parekatzea, eta euroagindua eskatu duen estatuko epaileen independentzia falta ere bai. Sorzabalen euroagindua aztertzeko auzi saioan, Luxenburgoko auzitegiari epai aurreko galdera egiteko eskatu zion epaileari euskal presoaren abokatuak. Helburua: eskaera ukatzeko motibo gisa onartua izatea, hain zuzen, euroagindua torturapean egindako adierazpenetan oinarritzea. Epaileak ez zuen onartu, eta erabaki zuen Sorzabalen torturak frogatuak badira ere horrek ez duela aldatzen aferaren mamia, Sorzabalek ez dituelako gezurtatu adierazpen horiek. Erabaki hori da Parisko Kasazio Auzitegiak atzo ontzat eman zuena.
Orain dela aste batzuk, agerraldia egin zuten Bake Bideak eta LDH Giza Eskubideen Ligak Parisen, Sorzabalen kasua azaltzeko. Frantziako prozeduran, euskal presoaren oinarrizko eskubideak «zangopilatuak» izan direla esan zuen Gregory Thuan abokatuak. Michel Tubiana LDHko ohorezko presidentearen iritziz, ezinbestekoa da iraganean gertatutako guztia argitara agertzea: bai ETAren ekintzak, baina baita Espainiako Estatuarenak ere. «Zauriak ixteko, biktimen aitortza beharrezkoa da; giza eskubideen errespetua ezin da aldakorra izan».
Plaren euroagindua, gaur
Gaur emanen du Parisko Dei Auzitegiko instrukzio ganberak David Plaren kontra Espainiak 2011n ezarritako euroagindu eskaeraren erabakia. 2015eko irailean atxilotu zuten Pla, Baigorrin (Nafarroa Beherea), Iratxe Sorzabalekin batera, eta aurten epaitu dute, ETAko kide eta ordezkari izatea leporatuta. Bost urteko zigorra beteta, apirilaren 18an gelditu zen aske.
Kasazio Auzitegiak ontzat eman du Iratxe Sorzabal Espainiaratzea
Uko egin dio haren torturez Luxenburgoko auzitegiari galdetzeari. Errekurtso posibleak aztertuko dituzte euskal presoaren abokatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu