Koronabirusaren eta hari aurre egiteko neurri murriztaileen ondorioz, presoek behin eta berriro izan dute mugatua kanpoarekin komunikatzeko eskubidea. Izan ere, bisean bisekoak maiz eten dizkiete, eta bisiten ondotik berrogeialdiak egin behar izaten dituzte hainbat kartzelatan. Sarek eta Etxerat-ek eskatu dute eten ditzatela «komunikatzeko eskubidearen» urraketa horiek: «Bada garaia eskubide hori berreskuratzeko, familia loturari eusteko, modu humanizatuan jokatuz». Jakinarazi dutenez, asteon euskal presoen senideek gutunak bidali dizkiete espetxeetako zuzendariei, horixe eskatzeko. Salatu dute, gainera, presoen urruntzeak zaildu egiten duela arazoa: «Dagoeneko bi urte dira berrogeialdiak egiten direla eta komunikazioak galtzen direla, kasu askotan EAEtik eta Nafarroatik kanpoko espetxeetara egindako joan etorriak gehituta, eta horri gehitu behar zaio urruneneko espetxeetara bidaiatzen daramaten urte luzeek pilatutako nekea».
Eguerdian Gasteizen eginiko elkarretaratze batean ohartarazi dute egoera hortaz Etxerat-ek eta Sarek, Arabako Salhaketa elkartearen babesarekin egindako protesta batean. Nabarmendu dute «delikatua» dela presoak bizitzen ari diren egoera, eta «gizarteak» ezin diola «uko» egin haien osasunerako eskubideari. Eskatu dute lehentasuna eman diezaiotela presoen osasun baldintzak hobetzeari, «COVID-19ari dagokionez ez ezik, osasunaren arlo guztietan» ere bai. Protestan adierazi dute «kontzienteki» egin dutela mobilizazioa lehen arretaren aldeko «mobilizazio eta alarma une» batean, haiek ere uste baitute, «erremediorik» jarri ezean, egoera «kritikoa» ez dela pandemiaren ondorioetara mugatuko. Galdegin dute, halaber, neurri murriztaileetatik harago, «gainerako gizarte eremuetan pandemiaren aldaera berriari malgutasun handiagoz heltzeko benetako urratsak» egiten ari direla kontuan hartuta, espetxeetan ere «erantzukizunez eta ausardiaz» joka dezatela, «egoera oso gogor bati oztopo gehiago erantsi gabe».
Neurri zehatzak
Eskaera konkretuak egin dituzte Sarek eta Etxerat-ek gaur Gasteizen eginiko protestan: COVID-19aren ondorioz orain arte galdu diren komunikazioak berreskuratzea; «denbora tarte laburretan» antigeno testak masiboki egitea; berrogeialdietarako espazio «nahikoak» egokitzea kasu positiboak daudenean; eta, kasu horietan, presoek gutxienez telefonoz komunikatzen jarraitu ahal izatea, «senideekiko inkomunikazioaren ziurgabetasuna» ekidinda.
Neurri horiek ez ezik, eskatu dute «espetxea ez den beste aukera» batzuk ere azter ditzatela, «ausardiaz»: erraterako, larriki eri diren presoak aske uztea, hirugarren graduak ematea edota eskumuturreko telematikoak ezartzea.