Tuterako (Nafarroa) Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3. Epaitegiaren aginduz, behin-behinean kartzelan sartu dute Nafarroan bi laborari hiltzeaz akusatutako gizona. Epailearen irudiko, gizon horietako bat hil zuela erakusten duten «zantzu objektibo nabarmen eta fidagarriak» daude. Atxilotuari leporatzen diote Nafarroan bi nekazari hiltzea: bat Tuteran, 2023ko azaroaren 22an, eta bertzea Ribaforadan, hilabete bat geroago, abenduaren 21ean. Horrez gain, Vilanova de la Barcan (Herrialde Katalanak) bertze nekazari bat hil izana ere egozten diote. Hilketa hori 2024ko urtarrilaren 5ean izan zen.
Apirilaren 9an Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuen Frantziako justiziak erabaki zuela martxoaren 25ean Beziersen (Frantzia) atxilotutako gizona Espainiaren esku uztea; atzo egin zuten hori. Akusatua gaur deklaratzekoa zen Tuterako epaitegian, baina uko egin dio epailearen aitzinean solastatzeari —Ribaforadako hilketari lotuta—. Tuterako hilketagatik deklaratzera deitu beharra dute oraindik, eta Herrialde Katalanetako hilketaz arduratzen den Lleidako auzitegiak deituko dio gero.
Hildako hirurak nekazariak ziren, eta, Poliziaren ustez, lanean ari zirela egin zieten eraso. Ez dago argi, baina, zergatik eraso zieten; bere garaian, poliziek baztertu egin zuten lapurretaren hipotesia. Hala ere, 2023ko abenduaren 21ean izandako hilketan, Ribaforadan, nekazariaren autoa lapurtu zuen erasotzaileak. Auto hori Katalunian agertu zen, hango hilketaren harira; hala, ondorioztatu zuten bazitekeela hiru hilketak lotuta egotea. Operazioak ia urte eta erdi iraun du. Tuterako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3. Epaitegia da auziaren arduraduna.
Orain, albiste agentziek jihadismoarekin lotu dute akusatua. Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako bertze zigor bat betetzen ari zen, eta, ondorioz, eskumuturreko telematikoa zeraman, baina kendu egin zuen lehenengo hilketa gertatu baino bi hilabete lehenago.