Kartzelan sartu dute Kayle Villar Pons hiltzeaz akusatutako gizona

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, elkarretaratzeak eginen dituzte iluntzean Iruñean eta Gasteizen.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deitutako elkarretaratzea, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deitutako elkarretaratzea, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz - Isabel Jaurena
IRUÑEA
2024ko urriaren 10a
15:20
Entzun

27 urteko gizon bat kartzelan sartzea agindu du Iruñeko guardiako epaitegiak, Kayle Villar Pons iruindarra hiltzea leporatuta. Atzo goizaldean hil zuten Villar, Arrotxapea auzoko etxabe batean, labankadaka. Zehazki, Carmen Baroja Nessi kaleko lokal batean hil zuten 20 urteko emakumea, 01:15 aldera. Poliziak azaldu zuenez, emakumea etxabean zegoen, eta eztabaida izan zuen erasotzailearekin. Horren ostean, gizonezkoak hainbat labankada eman zizkion bularraldean. Ospitalean hil zen emakumea, zauriengatik.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, elkarretaratzeak eginen dituzte Gasteizen eta Iruñean gaur, eta Bilbon eta Donostian bihar. Hilketa salatzeko oharra zabaldu dute: «Urteak daramatzagu salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela».

Azaldu dute kasuaren «konplexutasunak» agerian utzi dituela «indarkeria matxistak har ditzakeen hamaika formak»: «Agerikoa da legeak ez duela indarkeria bere osotasunean aintzat hartzen, horrek ematen diren egoera batzuk ezkutuan uzten dituelarik. Horregatik, mugimendu feministak ez du biolentzia matxista bikote harreman afektiboen ondorio bezala soilik ulertzen». Hortaz, egoerari aurre egiteko indarkeria matxista «lehen mailako arazo sozial eta politikotzat» hartzeko eskatu dute.

Horrez gain, «erabat deuseztatu» dituzte «indarkeria matxista gorrotozko diskurtso arrazistak hedatzeko baliatzen dituzten hedabide eta jendarteko jokabideak».

Nafarroako mugimendu feministak, berriz, gogorarazi du «indarkeria matxistak bost emakume erail dituela aurten Euskal Herrian». «Aski da! Amorruz, minez eta inpotentziaz aterako gara kalera berriz ere, gure bizitzak arriskuan direla oihukatzera».

Ez dute protokoloa aktibatu

Iruñeko Udalak, ordea, ez du aktibatu indarkeria matxistari lotutako protokoloa. Udaleko iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, Udaltzaingoaren ikerketak ez du auzia hilketa matxista gisa identifikatu, «motibazioa beste bat izan daitekeelakoan». Iturri horiexek gehitu dute udala «zain» dagoela, ikerketak zer ondorioztatuko.

Hedabideek zabaldu dituzten berrien bidez jakin da hilketa jazo den etxabean bizi zirela biktima bera, erasoa egotzita atxilotu duten gizonezkoa eta beste hainbat pertsona, maizter denak, hainbat bizilekutan banatuta. Jakin da, halaber, etxabe horren jabea hil berri duten emakume gaztearen aita dela.

Hedabideetan hitz egin du gizon horrek; aditzera eman duenez, atxilotu duten gizonarekin liskar ugari izanak zituzten maizterrek, tartean alaba, eta horietako hainbati mehatxuak eginak zizkien. Alabari propio heriotza mehatxuak egin zizkiola esan du.

Maizter horrekin zituen arazoen ondorioz hura urrunarazten eta handik kaleratzen saiatu zela azaldu du gizonak, baina ezin izan zuela. Besteak beste, Poliziarengana jo izan zutela esan du gizonak, maizter horren kontrako hainbat salaketa jarriak zituztela, eta urruntze agindua ere eskatua zutela.

Efe agentziaren arabera, liskar giroan bolada luzea zeramaten atxilotuak eta gainerako zenbait maizterrek, eta elkarri hainbat salaketa jarriak zizkioten. Jakinarazi du, halaber, orain dela gutxi atxilotuta eduki zutela orain hilketa leporatuta atxiki duten gizonezkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.