Euskal presoak

Kartzelan dauzkaten AAMko kideak ere sakabanatu egin dituzte

Inor ez dago Euskal Herriko espetxeren batean.

2008ko irailaren 29a
13:30
Entzun
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakitera eman duenez, AAMren kontrako epaiketan zigortu eta kartzelatu zituzten kideak sakabanatu egin dituzte. Hasieran Soto del Real (Espainia) espetxean sartu zituzten, eta orain inor ez daukate Euskal Herrikoren batean. Espainiako Espetxe Zuzendaritzak irizpide horixe du euskal presoekin.

Kartzelan dauzkaten AAMko kideak:

- Joan Mari Olano, Segoviara (Espainia).

- Julen Zelarain, Huelvara (Espainia).

- Aitor Jugo, Valentzia III.era (Herrialdeko Katalanak).

- Txema Olabarrieta, Villabonara (Asturias, Espainia).

- Asier Virumbrales, Burgosera (Espainia).

- Xabin Juaristi, Mansillara (Leon, Espainia).

- Felipe Arriaga, Darocara (Zaragoza, Espainia).

- Iñaki Loizaga, Soriara (Espainia).

- Alex Velasco, Valladolidera (Espainia).

- Gorka Txokarro, Topasera (Salamanca, Espainia).

- Gotzon Amaro, Duesora (Kantabria, Espainia).

- (Maite Diaz de Heredia ere kartzelatzeko agindu zuten, baina aurretik zen espetxean, beste auzi bategatik).

AAMk kritikatu egin du sakabanatzeko neurria. "PSOEk espetxe politika anker hau muturreraino eramateko apustuaren baitan eman diren lekualdatzeak direla ulertzen dugu. Espetxe politika honen zutabeetako bat da sakabanaketa, mendekuan oinarritua eta preso politikoen senide eta lagunak zigortzera bideratua".

Espainiako Auzitegi Nazionalak irailaren 17an jakinarazi zuen epaia, eta espetxe zigorra agindu zuen 21 lagunentzat. Halaber, Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB) eta Askatasuna legez kanpokotzat jo eta haiek desegiteko agindu zuen.

Olanori, Zelaraini eta Jugori hamarna urteko kartzela zigorra jarri zien. Gainerakoei zortzi urtekoa. "Talde terroristako kide" izatea egozten die guztiei.

Zigortutako 21 lagunetatik zortziri etxera itzultzen utzi zien tribunalak, astean bitan sinatzera joateko baldintzarekin: Jon Beaskoari, Iker Zubiari, Josu Beaumounti, Julen Larrinagari, Ainhoa Irastortzari, Aratz Estonbari, Jagoba Terronesi eta Gorka Zulaikari.

Iñaki Reta ez zen auzitegira agertu, eta hura bilatu eta atxilotzeko agindu du epaimahaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.