Bateragune auziagatik kartzelan zeukatela, Arnaldo Otegik La Directa-ri emandako elkarrizketan (2015) zioen Milenium trilogia irakurri zuten preso guztiak bat zetozela gauza batean: «Pasarte batzuk landetxe batean gertatzen dira, elurra ari du, protagonista nagusiak kafe beroa eta tostadak prestatzen ditu, azkenean zigarro bat erretzen du...; liburuan deskribatzen den hori guztia lurreko paradisuaren irudirik antzekoena zen guretzat». Martxoaren 1etik Otegi ez dago espetxean, haren bizitza pertsonala bestelakoa da, baina politikoki ez du paradisu bat aurkitu kanpoan. Lehen hilabetea oporretan egon ondotik, nazioartean Dublinen, Londresen, Bruselan eta Bartzelonan ibili da; Euskal Herrian, berriz, jendaurreko agerraldi jendetsuak izan ditu Elgoibarren, Donostian, Lazkaon eta Iruñean. Baina etxeko —ezker abertzaleko— egoera zertan den jakiteari ere eskaini dio denbora pixka bat; ez du garairik onenean aurkitu. Langai du, kideekin batera. Badu beste eginkizun bat: EAEko datozen bozetarako EH Bilduren lehendakarigaia izango da —gaur du aurreneko agerraldia, Bilbon—.
Estrategia «irabaztailerako» diskurtsoa gizarteratzea da Otegiren xedeetako bat, eta ezkerreko independentismoarentzat hiru bloke zehaztu ditu: aldaketa soziala, gatazkaren ondorioen konponbidea eta burujabetzaren bidea. EH Bilduko kide gisa egindako aurreneko agerraldian marraztu zuen bidea —apirilaren 16an, Bilbon—. «Baina gaur ez naiz politikara itzuli, kartzelatik ere politika egiten jarraitu baitut». Auzian 2009ko urrian preso sartu eta urtebetera El País-i emandako elkarrizketan ohartarazi zuen ez ziola utziko «konpromiso militanteari», eta kartzelan «gehiago trebatzea» izango zuela eginbeharretako bat. Politika egin zuen, beraz, espetxetik. Kasurako, hala nabari daiteke kartzelatik sei urte eta lau hilabete eta erdian emandako dozena eta erdi bat elkarrizketetan; haren gogoetak izan dute eraginik. Ez zuen ustez alferrik edo arduragabe hitz egin; «ondo informatutako baikor bat naiz».
Martxoan Logroñoko (Espainia) espetxetik irten ostean, ETBri eman zion lehen elkarrizketa —hiru egunera—. Han adierazi zuen ezker abertzaleak «urteetan» ez zuela jakin izan «interpretatzen» herri honek nahi duena, eta euskal gizarteak «exijitzen» ziela borroka armatuak «lehenago» bukatu behar zuela. «Autokritika» hori egin zuen Otegik. Kartzelako garaian ere aipatu zituen halakoak: «Gure herriak aspaldi planteatu zizkigun aldaketak ez ditugu beharrezko azkartasun eta inteligentziaz betetzen jakin», zioen duela ia bi urte BERRIAn. Orain sei urte, El País-en, esan zuen barne eztabaida Anoetako proposamena (2004) baino lehen egin izan balute seguruenik ondorengo bake prozesua ez zela pikutara joango. 2009an ekin zioten eztabaidari, eta, Otegiren arabera, «heldutasun prozesu luze baten ondorioa» izan zen emaitza. Preso urtebete zeramala El País-i emandako elkarrizketan aitortu zuen barne prozesuan «erresistentziak» eduki zituztela. «Urteetako lana eta pazientzia handia» aitatu izan ditu, halaber. «Eta gauza bat azpimarratu nahi dut: ez da izan euskal gizarteak ezker abertzalearekin konektatu duela; guk konektatu dugu aurreko estrategia ordezkatu nahi zuen independentismoarekin» (Gara, 2011). Bilduk oso emaitza onak lortu zituen udal eta foru bozetan, baina Otegik 2010erako argitu zuen ezker abertzaleak ez zuela «apustua berritu» hauteskundeetan pentsatuta, «belaunaldi berrietan pentsatuta baizik».
Giza eskubideei dagokienez, bederen, apustu berri haren atal gorena 2011ko urrian heldu zen, ETAk jarduera armatuaren bukaera jakinarazita. Joan den martxoaren 1ean, Elgoibarko harreran, Otegik adierazi zuen erabaki haren berri izan zuenean poz hartu zuela politikari batzuek-eta ez zutelako ibili beharko bizkartzainekin. Apirilean, La Sextako elkarrizketan, biktimekiko enpatia aipatu zuen. ETAren albiste hartatik hilabete batera, Vocento Taldeari azaldu zion garai berria gozatzeko aukera ez zuten pertsona guztiez akordatu zela. Duela hilabete, Bruselan Europako Parlamentuan bezala, iazko urrian, artean preso zela, erreparazioaz mintzatu zen La Directa-n: «Ez dago erreparazio nahikorik konfrontazio armatuko garai izugarri luzean bizia galdu zutenentzat. Baina posible da eragindako mina aitortzea eta sekula berriz errepika ez dadin lan egitea». Bartzelonan, iragarri du biktimekiko pauso gehiago emango dituela ezker abertzaleak.
Euskal presoen auzia konpontzeari buruzko jarrera aldatuz joan da, baina. Kartzelaldiaren hasieran, esaten zuen ETAren eta Espainiako Gobernuaren elkarrizketaren eremuan konpondu behar zela. Bi erakundeek zeharka hartu-emanak zituzten garaiak ziren, eta bazeuden konpromiso batzuk. ETAren Norvegiako egonaldia 2013ko otsailean amaitu zen, eta Otegik Al Jazeeran 2014an salatu zuen estatuak «askatasun prozesuan presoak zama» bilakatu nahi dituela. Urte hartako uda alderako, hedabideetan ari zen esaten presoen kolektiboak estrategia «berregokitu» beharko lukeela, «burujabetzaren prozesuan eragile garrantzitsu izateko» (El Punt Avui, 2013ko iraila).
2014ko urrian, BERRIAn, zehaztasun handiagoz aritu zen: «Gure estrategiaren ardatza prozesu independentistan jarri behar da, ondorioak hor kokatuz. Bere garaian prozesua bi alorretan zatitu genuen nahiko era mekanikoan: lehenik ondorioak gainditu, eta gerora etorriko zen gatazka politikoa gainditzea. Eskema horrek prozesua oso termino itxi eta mekanikoetan ulertarazi eta gararazi digu». Blokeoa ikusten zuen horrela, eta estrategia aldatu beharra zutela ondorioztatu. Rufi Etxeberria Sortuko Gatazkaren Konponbidearen arduradunak kartzeletako aldaketa marraztu zuen aurtengo urtarrilean, Iruñeko hitzaldi batean, eta ezker abertzaleak Abian barne eztabaida prozesuan baieztatu berri du, maiatzaren 7an behin betiko dokumentua aurkeztuta. Orain dela lau aste, Otegik ere iragarri zuen espetxeak hustuz joateko legediko «bitarteko guztiak» erabili behar direla.
Espainiarekin, ezin
Libre denetik sarri-sarri esan du «termino politiko eta demokratikoetan» ez dagoela zer egiterik Espainiako Estatuarekin. «Espainian une honetan bigarren trantsizioa egon daiteke? Espainiaren izaera plurinazionala eta herrien autodeterminazio eskubidea onartzen duen aldaketarik egon daiteke? Nik uste dut ezetz», zioen EH Bilduren izenean, apirileko prentsaurrekoan. Aberri Egunean Topatu.eus-en, antzekoa: «Espainiako Estatua ez da demokratizatuko». Iragan astean, Bartzelonan, Kataluniako prozesua laudatu zuen, «prozesu eredugarri, demokratiko eta baketsu bat abiatu duelako, eta 1978ko erregimenaren joskurak askatu dituelako». 2011n, Gara-n, uste zuen estatua bigarren trantsizioa egitera behartuta ikusten zela, baina aurreratu zuen itxurakeria bat izan zitekeela eta birzentralizazio batera zihoala estatua. «Testuingurua» hura zela, aldaketa estrategikoarekin ezker abertzaleak «politikoki aurrea hartzeko gaitasuna» erakutsi zuen. 2012ko elkarrizketa batzuetan ere aldebakartasuna laudatu zuen, «prozesuaren erritmo eta edukiak kontrolatzea ahalbidetzen duelako». «Haiek [Espainiak] errespetatzen ez gaituztenez, gu bagoaz» (NacióDigital, 2012), «Euskal Herria, Europako estatu berria» xede izanik. Alemaniako sozialdemokraziako kide «esanguratsu» batek hamar bat urte aitzin kontatu zion «pasadizoa» gogora zekarren hedabide hartan: «Esan zidan: 'Alemaniak ez du ezer egingo Euskal Herriaren independentziaren alde, baina, modu baketsu eta demokratiko batean aldarrikatzen baduzue, orduan ere ez du ezer egingo Espainiaren batasuna defenditzeko'».
Alde bakarreko bidean instituzioak beharrezko direla berretsi du asteotan, baina ohartarazi du ezinbestekoa dela herri mugimendua, baita herritarrei galdetzea ere. «Alternatibaren antolakuntzak behetik gorakoa, demokratikoa eta parte hartzailea, erabakiguneak jendartearengana hurbilduz», zioen hAUSnART-en orain lau urte, eta, gero, Franklin Roosvelt AEBetako presidente ohia aitatu zuen: «Zera esaten omen zien Etxe Zurira politika jakin batzuk eskatzera joaten zirenei: 'Oso ongi, ados nago. Orain, atera kalera eta behartu nazazue egitera!».
Ondorioz, Otegik dio instituzioak «tresna» direla. «Helburua da aldaketa politiko eta sozialaren zerbitzura jartzea instituzioak» (Gara, 2011). Uste duenez, prozesu horretan une jakin batzuetan zenbait herri galdeketa galtzea ez da atzerapausoa. «Gure jendeak erabakitzen badu, guk beti irabazten dugu» (La Sexta, 2016). Hartarako, «kultura politikoa sustatu behar da», erantzun zuen hAUSnART-eko elkarrizketan, eta baztertu egin zuen prozesua «gidaritza politiko klasikoetan» egitea. Kartzela utzi duenetik, nazioartera egindako bidaiez gain, batez ere «herriari entzutea» izan da haren egitekoa, hasieratik aitortu zuenez. Gaur du halako beste saio bat, Bilbon. Praktikak jarriko du bere lekuan, beste guztiak bezala.
Entzun eta egoeraren azterketa hobeak egiten asmatu beharko dutela ere iradoki du. «Estrategia martxan jarri genuenean, lehentasunak aldatu egin ziren jendearentzat. Ez genuen ondo irakurri hori» (Belodromoa, 2016). Krisi ekonomikoaz ari zen. 2012ko urrirako bota zuen abisu bat NacióDigital-en: «Gehiengoez hitz egiten hasi aurretik, [EAEko] legealdi honetako lehentasunak zehaztu behar ditugu, eta, nire ustez, hiru dira: bakea egonkortzea, esparru politiko berria diseinatzea eta krisi ekonomikoari aurre egitea». Berdinak ditu EAJk, bere erara.
Denbora faktorea
Aldatu zuten estrategia, eta Otegik 2011ko azaroan Vocento Taldean iritzi zion «termino politikoetan denbora faktorea» euren alde jarri zela, «ezker abertzalearen posizioak indartu egingo direlako, eta estatuarenak, ahuldu». Katalunian aipatu berri du hango prozesurako mesedegarri izan dela ETAren jardun armatua bukatu izana. Euskal Herrian ez da halakorik. EH Bilduk iazko urtarriletik du Euskal Bidea. Denboraren faktoreak faktore, Otegik maiz deitu du Euskal Herrian prozesu independentista bat martxan jartzera.
Prozesu horretan, arlo sozialak berebiziko garrantzia du ezker abertzalearentzat. Bistan da zer-nolako mezuak ari den azpimarratzen Otegi bera ere. «Herriek estatu duin batean bizitzeko eskubidea dugu», esan zuen Belodromoko harrera omenaldian, eta azaldu zuen zer den estatu duin bat: «Bertan bizi diren guztiei oinarrizko beharrizanak bermatzeko gai dena. Ez da estatu duin bat emakumeek beldurrez bizi behar duten estatu bat, oinarrizko errenta bermatzen ez duena, lurra zaintzen ez duena...». Etxegabetzeen auzia ere atera izan du, Europak iheslariekin duen jarrera... Kartzelaldiko elkarrizketetan ere nabarmentzen zuen «aldaketa soziala» behar duela Euskal Herriak, eta «irmoki» defenditu zituen «funtsezko zerbitzu publiko guztien unibertsaltasuna eta doakotasuna», «lan konkistak» borrokatu beharra, «aberastasunaren banaketa ekitatiboa».... Dena dela, Otegik dio ezker abertzaleak historikoki defenditu duela alor soziala sutsuki. La Directa-n esana iaz: «1980ko hamarkadan, Herri Batasunak Euskal Banku Publiko baten beharra planteatu zuen; Merkatarien Europa gisa definitu zuen Europako Batasuna; ekonomiaren sektore estrategikoen nazionalizazioa defendatu zuen... eta modaz pasatutako sozialista txoroak ginela esan ziguten. Orain, Jeremy Corbynek egiten ditu proposamen horiek, Alderdi Laboristako idazkari nagusi gisa».
«Zein fasetan gaude?», galdetu zuen Belodromoan. «Aldarrikapen fasetik independentzia eta sozialismoa egikaritzera pasatzea da oraingo fasea; irabaztea». Baina hori dena Euskal Herrian, zeinekin batera egin? Duela bi aste, Lazkaon, adierazi zuen EAJ ez dagoela «independentziarako klabean». Hil hasieran, Euskadi Irratian, esaldi grafiko bat: «Ibarretxerekin herri hau bizikletan zihoan; Urkullurekin ere bai, baina bizikleta estatikoan». 2013an, El Punt Avui-n ere goratu zuen Ibarretxe. Lizarra-Garazin (1998-1999) eta Loiolan (2006) EAJrekin ere saiatu zen Otegi akordio handiak taxutzen; orain badirudi ez duela haren zain egon nahi: «Goazen independentistok bidea jorratzera; gero etorriko dira», zioen Lazkaon. Gara-n, duela bost urte, aipu berdintsua, EBB kritikatu ondotik: «EAJko posizioa ez da aldaezina; independentiston indarraren arabera mugituko da». Ahal Dugu-Podemosi ere bota dizkio mezuak. Belodromoko ekitaldian «demokratizaziorako prozesu eratzailera» batzeko dei egin izanak oihartzun handia izan zuen. Iaz ere helarazi zien antzeko oharrik: «Estatuko nazio ezberdinetako prozesu eratzaile eta independentistak dira estatu osoan horrelako prozesu bat behartu ahal dutenak».
Arnaldo Otegi EAEko lehendakarigaietako bat ere bada dagoeneko. Kartzelako gaiak plazan gauzatzeko lana du aurretik.