Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hamabost urtetik hamalaura murriztu du Angel Bozari ezarritako kartzela zigorra. Boza da 2016ko sanferminetako lehen gauean 18 urteko emakume bat bortxatu zuten bost gizonetako bat. Erabakia soilik baietz da baietz legea aplikatuta hartu dute. Lehenago ere saiatu zen Boza bere zigorra leuntzen lege hori baliatuta; lehen instantzian, Nafarroako Probintzia Auzitegiak ezezkoa eman zion aurtengo otsailean. Epaileek argudiatu zuten hamabost urteko zigorra «sexu askatasunaren aurkako delituen arauketa berriaren arabera ere ezarri» daitekeela.
Oraingoan, ordea, Auzitegi Nagusiko epaileek ez dute erabaki bera hartu. Auzitegiak berak jakinarazi duenez, taldeko bost kideetako bati —ez du zehaztu zeini, baina hainbat hedabidek eman dute Bozaren izena— zigorra murriztu diote soilik baietz da baietz legea aplikatuta. Dena den, oraindik helegitea jar dakioke erabakiari Espainiako Auzitegi Gorenean.
2019. urtean ere Gorenak berrikusi zituen Iruñeko talde bortxaketako espetxeratuen zigorrak. Sexu abusutzat ez, sexu erasotzat hartu zuten bortxaketa. Ondorioz, bederatzi urteko zigorrak gogortu zituzten: lau akusaturi hamabost urteko kondena ezarri zieten, eta bosgarrenari, berriz, beste bi urte gehitu zizkioten, biktimari sakelako telefonoa lapurtzeagatik.
Legezko gutxiengoetatik hurbil
Nafarroako Auzitegi Nagusiaren arabera, orain zigorra arindu behar da, hain justu, Gorenaren epai hura kontuan hartuta: hamabost urteko zigorra ezarri zuen, orduko «legezko kondena txikienetik hurbil». Izan ere, garai hartako zigor kodeari erreparatuta egindako kalkuluen arabera, erasotzaileari ezar ziezaiokeen kondena «hamalau urte, hiru hilabete eta egun bateko espetxealditik hamazortzi urtekora bitartekoa» zen, bortxaketa jarraituaren delituagatik eta hainbat larrigarri kontuan hartuta. Lege berriak gutxieneko hori «nabarmen» jaitsi zuenez, zigorra proportzionalki murriztu behar dela ondorioztatu du auzitegiak.
Iazko urrian onartutako arauaren arabera, sarketa duten sexu erasoak zazpi eta hamabost urte arteko kartzelaldiarekin zigor daitezke, eta oinarri horri erantsi behar zaizkio larrigarriak —besteak beste, erasoa taldean egitea—; bi larrigarri edo gehiagorekin, zigor tartearen erditik gora ezarri behar da kondena. Hortaz, Nafarroako Auzitegiak egindako kalkuluaren arabera, erasotzaileari jar dakiokeen zigorra hamahiru eta hamazortzi urte artekoa da, eta Gorenak egokitzat jo zuenez zigor txikienera «hurbiltzea»—uste baitzuen orduko kondena txikienaren urte kopurua proportzionala zela akusatuen egoera pertsonalarekin eta erasoaren larritasunarekin—, auzitegiak orain hamalau urtera jaitsi du kondena.
Bi epailek egin dute erabakiaren alde: Joaquin Galve Sauras Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Francisco Javier Fernandez Urzainkik. Hirugarren epaileak, Esther Erice Martinezek, zigorra murriztearen aurkako botoa eman du, eta kritiko mintzatu da zigorra zehazteko moduarekin. Auzitegi Gorenaren beraren ebazpenak aipatu ditu, argudiatzeko zigorra ezin dela zehaztu «proportzionaltasun aritmetikoko irizpide soilei jarraiki». Erantsi du halako berrikuspen bat ezin dela «abstraktuan» baloratu, baizik «zehatzago», hau da, epaitutako kasuan ezar daitekeen zigorra aztertuz, delituan eragina izan duten elementu guztiei erreparatuz eta Gorenaren epaiak ezarritako «irizpide indibidualizatzailea» kontuan hartuz.
Albistea jakin bezain pronto, UPNk dimisioak eskatu ditu Espainiako Gobernuan, «lotsagabekeria horren erantzule nagusian».
Esto debería ser motivo para dimisiones o ceses inmediatos en el Gobierno de Sánchez, máximo responsable de esta indecencia.
— UPN (@upn_navarra) September 12, 2023
La realidad es que no lo han hecho tras las más de 1.000 rebajas y no lo harán ahora con el caso que impulsó a Montero a redactar esta ley chapucera.
No… https://t.co/DpRUexRJpL