2016ko sanferminetako talde bortxaketaren biktimari hiru hilabetez jarraitu eta zelata egin zioten bi detektiberentzat kartzela zigorrak eskatu ditu biktimaren defentsaren abokatuak. Bost erasotzaileetako baten amak bi detektibe kontratatu zituen sexu erasoaren biktimaren bizimoduaren berri izateko. Defentsaren abokatuak eskaeran azaldu duenez, hiru hilabetez jarraitu zioten biktimari, eta haren bizitza intimoaren irudiak hartu zituzten, aisialdirako eremu pribatuetan familiarekin eta lagunekin zegoela. Hiru hilabeteko jarraipena egin eta gero, detektibeek osatutako txostena talde bortxaketaren akusatuen kontrako ikerketan sartu zen, baina epaiketan kendu egin zuten.
Detektibeek hartutako irudien artean zeuden biktimaren eguneroko bizitzako une pribatuak: esaterako, lagun talde batekin igerileku batean zegoela. Argazkiari «barrez eta momentuaz gozatzen» iruzkina erantsi zioten. Beste irudi batean, biktima gurasoekin batera afaltzen ari zela atera zuten argazkia, eta iruzkina hauxe zen: «Familiarekin eroso afaltzen». Detektibeek ondorioztatu zuten talde bortxaketaren biktimak ez zuela bere ohiko bizimodua aldatu gertaeraren ondorioz. «Erretzen du, gauez ateratzen da, eta lagunekin kafea hartzen du», deskribatu zuten.
Biktimaren abokatuak bi urte eta egun bateko espetxe zigorra eskatu du bi detektibeentzat. Abokatuak bi delitu egotzi dizkie: sekretuak argitara atera izanaren delitua eta intimitatearen aurkako delitua —osotasun moralaren aurkakoarekin batera—.
Ez da detektibe horien jardueraren legezkotasuna zalantzan jartzen den lehen aldia. Madrilgo epaile batek bi aldiz artxibatu zuen ikerketa, salatzailea deklaratzera deitu gabe. Detektibeek ez deklaratzeko eskubidea baliatu zuten. Madrilgo Probintzia Auzitegiak, ordea, bi aldiz behartu zuen epailea auzia zabaltzera, «delitu zantzuak» ikusi zituelako.
Zigorra murrizteko bi eskaera
Sanferminetako bortxaketarengatik espetxean dauden bost gizonetako bik —Jose Angel Prendak eta Jesus Escuderok— Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri zien zigorra berrikustea eskatu dute. Alegazioak aurkezteko epea amaitzen denean, eskaera aztertuko du Nafarroako Auzitegiak. Nafarroako Gobernuak gaur bertan aurkeztu du zigorrak berrikustearen aurkako idazki bat. Felix Taberna presidenteordeak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak, herri akusazio gisa, zigorrak murrizteko baldintza juridikorik ez dagoela uste du, «zigorren atzerako eraginaren ondorio den murrizketa automatikoa ez baita modu mekanikoan aplikatu behar». Tabernak argudiatu duenez, «zigorrak dauden bezala mantentzeko bezain larria da delitua».
2016ko sanferminetan, bost gizonek eraso zioten 18 urteko emakume bati: atari batera sartu zuten, bortxatu, erasoa bideoan grabatu, eta sakelako telefonoa kendu zioten emakumeari. Nafarroako auzitegiek —bai Probintzia Auzitegiak, bai Auzitegi Nagusiak— sexu abusutzat jo zuten, ez sexu erasotzat. Bederatzina urteko espetxe zigorra ezarri zieten bost akusatuei. Biktimaren abokatuek, herri akusazioak eta Nafarroako Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuten, eta, azkenean, 2019an, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen delitua sexu abusua ez baizik eta sexu erasoa zela.
Horren ondorioz, parte hartu zuten bost gizonei —Jose Angel Prenda, Jesus Escudero, Alfonso Jesus Cabezuelo, Antonio Manuel Guerrero eta Angel Boza— hamabosna urteko espetxe zigorra ezarri zien bortxaketa delitu jarraitu batengatik. Iazko uztailean, Angel Bozak zigorra murrizteko eskatu zuen, eta hamabost urtetik hamalaura laburtu zioten espetxealdia. Murrizketa hori Espainian 2022an indarrean sartu zen sexu askatasunaren berme integralari buruzko 10/2022 Lege Organikoaren —soilik baietz da baietz legea— interpretazio baten babesean egin zuen Auzitegi Gorenak.
Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoak aurkeztutako idazkian dioenez, kasu bakoitza banan-banan aztertu behar da, eta sanferminetako talde bortxaketaren kasuan, bere garaian erabili zen araudiaren arabera, ez zitzaien kondenatuei gehienezko zigorrik ezarri. Era berean, foru gobernuak uste du gertakarien larritasunari ere erreparatu behar zaiola.