Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hamahiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra berretsi du 38 urteko gizon batentzat, 2018an emaztea bi aldiz bortxatzeagatik eta hari tratu txarrak emateagatik. Ezingo da emazte ohiarengana hurbildu, ezta harekin harremanetan jarri ere, hamazazpi urte eta bederatzi hilabetean.
Nafarroako Probintzia Auzitegiak ezarri zion zigorra, maiatzean, eta Justizia Auzitegi Nagusiak nabarmendu du sententzia hura egokia izan zela: frogak «arduraz» aztertu zirela, baieztatu zituztela, eta emaitza «fidagarria» izan zela. Gehitu dute biktimak esandakoa «oso sinesgarria» dela, eta ezin dela ondorioztatu zigortuarekin harreman txarra zuelako edo asmo txarrez esan zuenik.
Zigortuari sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten bortxaketa bakoitzagatik, urtebetekoa ohiko tratu txarrengatik, eta bederatzi hilabetekoa ezohiko tratu txarrengatik. Emakumeak uko egin zion kalte ordainari. Fiskaltzak 23 urte eta hamar hilabeteko zigorra eskatu zuen epaiketan: hamar urtekoa bortxaketa bakoitzagatik, hiru urtekoa ohiko tratu txarrengatik, eta hamar hilabetekoa ezohiko tratu txarrengatik. Akusazio partikularrak 24 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, eta defentsak, berriz, errugabe izendatzeko.
Aringarri gisa aplikatu zioten luzamen bidegabea: auzia ez zen zortzi hilabete baino gehiagoan geldirik egon, baina, maiatzeko sententziaren arabera, «ez zen arrazoizkoa horrelako prozesu bat bideratzeko eta auzitara eramateko bost urte behar izatea». Larrigarri gisa aplikatu zioten, berriz, ahaidetasuna.
Erabateko kontrola
Senar-emazteak Perukoak dira sortzez. Gizona 2017an hasi zen Nafarroan bizitzen; emaztea eta bikotearen bi alaba urtebete geroago iritsi ziren. Urtebete horretan, bideo deien bidez izaten zuten elkarren berri, eta senarrak emaztea behartu egiten zuen sakelako telefonoarekin etxea erakustera, baita oheen azpiak ere, etxean beste inor ez zegoela ikusteko. Horrez gain, une oro argazkiak bidaltzera ere behartzen zuen, «genitalenak ere bai, ikus zezan ea sexu harremanik izan zuen beste norbaitekin».
Emaztea eta bi alabak Nafarroara iritsi eta gero, zigortuak emaztea iraindu eta gutxietsi egiten zuen, epaiaren arabera. Emaztea non zegoen zekien une oro, GPS baten bidez kontrolatzen baitzuen. Emaztearen dirua ere kontrolatzen zuen. Eta lagunak egitea eta etxetik ateratzea ere galarazten zion, senarrarekin berarekin ez bazen.
«Menderatze hori» sexu harremanetan ere baliatzen zuen, epaiak zehaztu zuenez: emazteak sexu harremanik eduki nahi ez zuenean, senarra haserretu egiten zen, modu bortitzean erantzuten zion, eta esaten zion emaztearen betebeharra zela berarekin sexu harremanak izatea, «Espainiara ekarri izana ordaintzeko». Senarrak bortxatu egin zuen emazteak ezetz esan zion bi alditan.