EAEko Auzitegi Nagusiak hamabi urte eta erdiko kartzela zigorra berretsi dio gizon bati, bikotekidearen biloba adingabeari sexu erasoa egiteagatik. Garaje komunitario batean egin zion sexu erasoa, auto baten barruan, haurrak 8 urte zituenean.
Arabako Probintzia Auzitegiak jarri zion zigorra, baina zigortuak helegitea aurkeztu zuen. Argudiatu zuenez, epaia «adingabearen testigantzan soilik» oinarritu zen. Adierazpen horien sinesgarritasuna zalantzan jarri zuen, eta arrazoitu zuen epaiketan ez zela egon kontakizun hori berretsi zuen froga objektiborik. EAEko Auzitegi Nagusiak, baina, iritzi dio Arabako Probintzia Auzitegiak emandako epaia arrazoizkoa eta logikoa dela, eta erantsi du biktimaren kontakizuna «koherentea, arrazionala eta sinesgarria» dela; are, gehitu du adingabeak kontatutakoa berretsi zutela frogek.
Epaiaren arabera, hamabi urte eta erdiko espetxe zigorra bete beharko du zigortuak, eta gero bost urte zaintzapean egon. 7.000 euro eman beharko dizkio biktimari, beste zenbait neurriren artean.
Epaia ez da irmoa, eta helegitea jar dakioke Espainiako Auzitegi Gorenean.