EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bost urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra berretsi dio gizon bati, bikotekidearen alabari sexu erasoak egiteagatik. Adingabeak 9 urte zituen, eta gizonak Donostiako etxe batean egin zion sexu erasoa, bikotekidea lanean zegoen bitartean.
Zigortuak errekurtsoa jarri zuen, argudiatuz gertakarien inguruan egindako interpretazioa ez zetorrela bat errealitatearekin eta epaileak bere erruduntasunari buruzko «ondorio okerrak» atera zituela. Baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez ditu aintzat hartu argudio horiek, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hasieran ezarritako zigorra berretsi du.
Sekretua gordetzeko eskatu zion
2020ko martxoaren 14tik hasi eta urtebetez, auzipetua adingabearen amak «harengan jarritako konfiantzaz baliatu zen», eta neskari sexu erasoak egin zizkion, epaiaren arabera. «Nagusitasunez» jardun zuen: batetik, neskaren adinagatik, eta, bestetik, ama etxetik kanpo zegoelako. Akusatuak «jolasteko» aitzakia erabili zuen neskatoarekin, eta, ondoren, sexu erasoa egin eta gero, haien arteko sekretua gordetzeko eskatu zion.
Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu argudioak, uste baitu probintzia auzitegiak «modu logikoan eta zentzudunean» osatu zuela epaia. Erantsi du adingabearen deklarazioak bete zituela fidagarritzat jotzeko irizpideak; beraz, «haren testigantza behar besteko kargu frogatzat har daiteke inkulpatuaren errugabetasun presuntzioa ezerezean uzteko».
Epaian nabarmendu dute neskatoaren bertsioa «argia, finkoa eta objektiboki sinesgarria» izan zela, eta kontraesanik gabea. Are, kanpoko beste elementu batzuek kontakizuna berretsi zuten, hala nola amaren deklarazioak eta auzitegiko psikologoek.
Epai hau ez da irmoa, eta haren aurkako errekurtsoa aurkez daiteke oraindik.