Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Nafarroako Probintzia Auzitegiak gizon bati ezarritako lau urte eta hiru hilabeteko zigorra, kalean zegoen emakume bati oldartu eta ukituak egiteagatik. Iruñean gertatu zen, 2022ko maiatzaren 8an. Biktima oihuka hasi zenean, alde egin zuen gizonak, baina hiriko Udaltzaingoak atxilotu zuen. Polizia etxera iritsi zenean, agenteetako bat jo zuen.
Probintzia Auzitegiak joan den ekainean zigortu zuen gizona: bi urte eta sei hilabeteko zigorra bete beharko du sexu erasoa egitegatik, eta urte bat eta bederatzi hilabetekoa agente bati eraso egiteagatik. Horrez gain, biktimari 3.120 euro eman beharko dizkio, eta kartzela zigorra betetzean zaintzapean aske egon beharko du hiru urtez. Poliziari ere 130 euro eman beharko dizkio.
39 urte ditu gizonak, eta haren defentsak errekurtsoa jarri zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, baina ez dute onartu. Izan ere, emakumea kalean zegoela gizonak lepotik hartu zuen, eskuan zuen sakelakoa kendu eta ukituak egin zizkion gero. Hortaz, epaileak ebatzi du hori sexu indarkeria dela, eta ezarritako zigorra bete beharko duela. Erabakia ez da irmoa, Espainiako Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkezteko aukera baitago.
Atxilotu bat Gasteizen
45 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Gasteizko Udaltzaingoak, bikotekidea mehatxatzea leporatuta. Judimendi auzoko etxe batean gertatu zen: Poliziak dei bat jaso zuen, gizon bat emakume bat jotzen ari zela erranez. Patruila bat bertaratu zen, eta gizona atxilotu zuten. Gaur utzi dute epailearen esku.