Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du EAEko Auzitegi Nagusiak gizon bati jarritako zigorra, bikotekidea hiltzen saiatzeagatik, sexu eraso bat egiteagatik eta emakumearen alaba adingabeari aizto batekin zauriak egiteagatik. Zigortutako gizona Alicia Aristregiren hiltzailea da: 2002an hil zuen Aristregi, labana sartuta, Atarrabiako autobus geltoki batean (Nafarroa). Gizonari 22 urteko kartzela zigorra jarri zioten hilketagatik, eta bi urtekoa urruntze agindua urratzeagatik. Hirugarren graduan zegoela, 2020an, orduko bikotekidea hiltzen saiatu zen, sexu eraso bat egin zion, eta bikotekidearen alaba, 12 urtekoa, zauritu zuen, Gasteizen.
Arabako Probintzia Auzitegiak 23 urteko kartzela zigorra ezarri zion. Zigortuak helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian. Auzitegi horrek zigorra igo zion, 27 urtera. Zigortuak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, eta auzitegi horrek berretsi egin du EAEko Auzitegi Nagusiak jarritako zigorra.
Akusatuak eta emakumeak 2020ko martxoan ezagutu zuten elkar, eta bikote harremana hasi. Urrian emakumeak gizonari esan zion haren jokabideak «estutu» egiten zuela eta arnasa hartu behar zuela. «Gizonak ez zuen erabakia onartu, eta emakumeak harremanarekin jarraitu behar zuela pentsatuta —emakumea izateagatik eta berarekin amodio harreman bat izateagatik—, behin eta berriz saiatu zen hura ikusten eta harekin harremana izaten», azaldu dute epaian.
Emakumeak gizonari jakinarazi zion ahizparekin pasatuko zuela urriko asteburu bat. Gizona emakumearen etxean agertu zen larunbat goizean. Ama-alabak lo zeuden. Gizonak etxera sartu nahi zuela esan zion emakumeari, tematu egin zen, eta emakumeak onartu egin zuen. Ahizparen etxera ez joateko eskatu zion gizonak; emakumeak erantzun zion baietz, joango zela, eta etxetik ateratzeko eskatu zion. Orduan, gizonak esan zion baso bat ur edan nahi zuela, eta sukaldera joan zen. Sukaldeko aizto bat hartu, eta mehatxu egin zion emakumeari. Felazio bat egiteko agindu zion; bestela, «alabaren bila» joango zela. Alabaren logelara joateko imintzioa ere egin zuen. Emakumeak, «izututa», felazioa egin zion.
«Hiltzeko asmoarekin»
Gero, berarekin izandako jokabidea eta jarrera aurpegiratu zizkion gizonak emakumeari. Emakumearen gainean jarri, hura geldiarazi, eta aiztokadak eman zizkion, «hiltzeko asmoarekin»: aurrena bularraldean eta gero gorputzeko beste leku batzuetan. Emakumeak besoa jarri zuen bere burua babesteko, eta lortu zuen aiztoa hartzea eta haren ahoa puskatzea. Baina gizonak aiztoaren gainerako zatiarekin jotzen jarraitu zuen.
Emakumeak laguntza eskatu zion alabari, oihuka. Alaba esnatu egin zen, eta egongelan agertu. Gizonak neskatoa ikusi zuenean, emakumea jotzeari utzi zion, eta alabarengana joan zen, aiztoa eskuetan. Atzetik heldu zion, eta zauri bat egin ukalondo batean. Emakumea alaba askatzen saiatu zen: gizonak utzi ez, eta berriro zauritu zuen.
Ama-alabek etxetik ateratzea eta laguntza eskatzea lortu zuten. Gizonak ihes egin zuen, eta urriaren 20an atxilotu zuten, Burlatan (Nafarroa). Emakumeak astebete pasatu zuen ospitalean. Epaian nabarmendu dute bularraldeko aiztokada heriotza eragiteko modukoa zela. Zortzi bat hilabete behar izan zituen zauri fisikoak sendatzeko. Ama-alabek tratamendu psikologikoa behar izan dute.
Berez, Arabako Probintzia Auzitegiak giza hilketa egiten saiatzeagatik zigortu zuen gizonezkoa. EAEko Auzitegi Nagusiak, berriz, hilketa saiakeragatik. Horrez gain, bi larrigarri aplikatu zizkion: delitua berriz egitea eta genero arrazoiengatik aritzea. Ondorioz, kartzela zigorra handitu zioten, 23 urtetik 27ra.