Kartzela zigorra berretsi diote bikotekideari su eman zion gizon bati

21 urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra bete beharko du. Iruñean 28 urteko gizon bat atxilotu dute, sexu erasoa egotzita.

Indarkeria matxistaren kontrako protesta bat, iaz. IÑIGO URIZ / FOKU
Indarkeria matxistaren kontrako protesta bat, iaz. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko urriaren 28a
12:20
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko salak berretsi du Bizkaiko Auzitegiak gizon bati ezarritako 21 urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra: 2022ko apirilaren 30ean Bilbon orduko bikotekideari su emateagatik. Erasoak zauri larriak eragin zizkion emakumeari. Halere, ez lehenbiziko epai hartan ezta oraingoan ere ez dute indarkeria matxistatzat jo erasoa.

Akusatuak lehenbiziko ebazpenari errekurtsoa aurkeztu zion, errugabetasun presuntziorako eskubidea urratu zitzaiola argudiatuta. Ordea, Auzitegi Nagusiak dio «nahikoa froga» dagoela haren aurka, eta Bizkaiko Auzitegiak «modu arrazionalean» baloratu zuela kasua. Zehazki, Bizkaiko Auzitegiak frogatutzat jo zuen akusatua «hiltzeko asmoz» aritu zela, eta haren xedea zela ziurtatzea emakumeak ez zuela haren kontra deklaratuko gizonak irekia zuen beste auzibide batean. Horretarako, erregai bat bota zion emakumeari, eta hura lo zegoen bitartean su eman; hala, «erredura oso larriak» eragin zizkion, batez ere aurpegian. Bikotea bizi zeneko Atxuri auzoko lonjan eta ondoko eraikinean ere kalte materialak eragin zituen suteak.

Hala ere, lehenbiziko epai hark zehaztu zuen ez zela indarkeria matxista izan: «Frogatuta dago akusatuak biktimaren bizitzaren kontrako atentatua egin zuela bere burua babestearren biktimak beste auzibide batean egin zezakeen edozein akusaziotatik; beraz, haren kontrako erasoa emakumea izateagatik izan zelako usteak indarra galtzen du».

Gizonari 18 urteko kartzela zigorra ezarri diote hilketa saialdiagatik, bi urte eta lau hilabeteko bertze zigor bat emakumearen deklarazioa indarkeria erabiliz galarazten saiatzeagatik, eta bertze urtebeteko bat emakumearen sakelako telefonoa lapurtu eta handik datuak hartzeagatik. Biktimari 600.000 euro ordaindu beharko dizkio, hari eragindako kalteengatik. 28 urtez emakumearengana hurbiltzeko debekua ere ezarri diote.

Atxilotua Iruñean

Iruñeko Udaltzaingoak 28 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbat goizaldean, emakume bati ukituak egitea egotzita. Hiriburuko Gazteluko plazan gertatu zen, eta, akusatua ihes egiten saiatu bazen ere, atxikitzea lortu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.