Kartzela zigorra berretsi diote bikotekide ohiaren etxeari su eman zion gizonari

EAEko Auzitegi Nagusiak bat egin du Arabako Probintzia Auzitegiaren sententziarekin.

Indarkeria matxistaren kontrako mobilizazio bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Indarkeria matxistaren kontrako mobilizazio bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko irailaren 20a
15:00
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Arabako Probintzia Auzitegiak gizon bati ezarritako zazpi urte eta erdiko zigorra, haren bikotekide ohiaren etxeari su emateagatik ezarria, emakumea eta haren ama hil eta gero. Hilketa horrengatik duela bi urte zigortu zuen Arabako Auzitegiak, epai irmo baten bidez. 47 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Ordea, joan den maiatzaren 27an Arabako Auzitegiak bertze zigor bat jarri zion: etxeari su emateagatik, genero indarkeriaren astungarriarekin. Bigarren sententzia horren kontra helegitea jarri zuen akusatuak, baina EAEko Auzitegi Nagusiak ez du onartu.

Horrez gain, Arabako Auzitegiak ebatzi zuen gizonak 30.379,62 euro eman beharko zizkiela bi semeei, kalte materialengatik eta bertze 30.000 euro «eragindako sufrimenduagatik beren amarekin, amatxirekin eta haurtzaroarekin lotutako objektuak eta oroitzapenak suntsitzeagatik». Erabaki hori ere berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Halere, sententzia ez da irmoa, eta kasazio errekurtsoak aurkeztu ahalko dira horren kontra.

Erasoak Nafarroan

Leitzako Udalak atzo iluntzean jakinarazi zuen herriko bestetan lau eraso matxista egon zirela —abuztuaren 10etik 15era bitarte ospatu zituzten—. Horietako baten berri bestetan izan zuten, Emagin taldearen arreta telefonoan, eta bertzeen berri Lañaide talde feministak izan du, besten ondoren. Erasoak gaitzetsi ditu udalak, eta azaldu lanean jarraituko dutela «jarrera horiek desagerrarazi eta festa libreak lortu arte».

Lañaide talde feministak eta herriko gazte asanbladak, berriz, idatzi bat zabaldu dute: «Zuzenki salatu den erasoa gure espazioan eman denez, guk babes osoa adierazi nahi diogu egoera garratz hau bizi behar izan duen pertsonari, baita herri mailan erasoak jasan dituztenei ere; ez zaudete bakarrik».

Iruñeko Udaltzaingoak, berriz, jakinarazi du gizon bat atxilotu zutela atzo indarkeria matxista egotzita. Horrez gain, bertze bat ere atxilotu zuten, «etxeko indarkeria» leporatuta. X sare sozialaren bidez eman dute horren berri, eta zehaztu guztira zazpi lagun atxilotu zituztela atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.