Apirilaren 9tik, aske da Sara Majarenas (Donostia, 1980), hamahiru urtez preso egon ostean. Bizimodu librera egokitzen ari da, baina, gertukoekin egotearekin batera, astia du orain azken urte eta erdian gertatutako guztiak hausnartzeko. Haren bikotekide ohiak labanaz eraso zion Izar alabari, eta hilzorian utzi. Zauri fisikoez osatu zen umea, baina auziak ertz ugari azaleratu zituen: indarkeria matxista, emakume presoen egoera, amatasuna eta kartzela, ume motxiladunak... Hilabeteotan Izarrekin Sara Etxera plataformak egin du kasuaren jarraipena, eta, datorren iganderako, ekitaldi bat antolatu du; plataformaren azkena. 12:00etan egingo dute, Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuan.
Zer moduz libre?
Oso ondo. Oso pozik, izugarrizko zama gainetik kendu izanaren sentsazioarekin. Gutxiago pisatzen dut astelehenetik [barreak]. Nire eta nire alabaren bizitza kontrolatu dutenaren sentsazioa izan dut, hiru urteetan baina batez ere azken urtean, eta hori gainetik kentzea izugarria izan da. Hala ere, sentitzen dut etxeko lan asko ditudala egiteke, barnean; gertatu zaigun guztia asimilatu behar dut, azken urtea ez baita izan asimilatzekoa, eustekoa baizik. Inoiz ez dut hain nire egin eutsi gogor esaera. Eutsi behar horretan, barneko sentimendu asko geratzen dira landu gabe.
Ama-alabak ez banantzea, Izar eskolatzea, Donostiaratzea... iazko urtarriletik honakoa borroka etengabea izan da?
Baldintzak duintzea... hori borroka erantsi bat izan da, aurreko guztiekin: Izarren osasuna bermatzea, haren eta nire osasun psikologikoa bermatzea...
Nola laburtuko zenuke bi hitzetan nola sentitu zaren?
Oso preso. Nire mina ez da baloratua izan. Indarkeria matxista jasan dugu, eta horri ez zaio kasu egin. Zero tolerantzia esaten da, baina nik ez dut hori sentitu indarkeria matxistarekiko; bai, ordea, zero tolerantzia gurekiko, preso politikoekiko. Berdin du zer egiten diguten, zer pairatzen dugun, gu akabatzen saiatzen diren. Pisu handia izan da gure eskubideak bermatuak ez sentitzea.
Zigorra azken egunera arte bete duzu. Zer pentsarazten dizu?
Hasieratik hala izango zela esan izan balidate, errazagoa egingo zitzaidakeen. Martxoaren 2 hartan, gure aldarrikapena zen ezin ginela banandu. Lortu genuen. Orduan esan izan baligute egia, ez gintuztela bananduko baina azken egunera arte egon beharko nuela preso, jakingo nukeen zer zen egia eta zer espero behar nuen. Aldiz, kontrakoa izan da; itxaropena saltzen aritu dira. Horrek eragin dit nuen askatasun apurra galtzea. Espetxean esan ohi dugu egia jakiteak aske egiten zaituela, horrek ahalbidetzen dizula erabakiak askeago hartzea. Hori ere ez didate eskaini.
Sentitu duzu isilarazi edo engainatu zaituztela?
Erabilia sentitu naiz. Ni etxe horretara iritsi nintzenean, orri bat sinatzera derrigortu ninduten, adieraziz ez nuela harremanik izango komunikabideekin. Noski, sinatu nuen galdetu edo pentsatu gabe ondorioetan. Paper horrek ere preso sentiarazi nau. Nire ahotsa entzutea interesgarria izan zitekeen, baina nik beldurra nuen: «ez badut sinatutakoa betetzen, zer egingo dute? Berriro barrura sartu?». Beti Izarrekiko banaketaren beldur nintzen. Pazientzia eskatzen dizute, diskrezioa... Ematen du dena zure ardura bihurtzen dutela; baimena ematen dizutela «ongi portatzen» bazara, eta ongi portatzea da isilik egotea. Ez da justua.
Mehatxua nabaritu duzu?
Damoklesen ezpata hor zegoen beti. Presio izugarria bizi izan dut, eta etxeko beste amekiko, lupa berezi bat nuela. Bakarrik bi orduz irten gintezkeen etxetik, eta, ziur aski, ez zatekeen ezer gertatuko bost minutu berandu iritsi izan banintz ere, baina beti duzu presio hori. Estres etengabean zaude; etxean, etxean zaudelako, eta kalean, garaiz itzuli behar duzulako. Txorakeria batean hanka sartzeak izan zezakeen zama sentitzen nuen.
Umearekin egoteko eskubidea gal zenezakeen?
Ez dut inoiz aipatu, baina bizpahiru astez, kustodia kendu zidaten. Nire ama ospitalean zegoen, eta nire alabari ebakuntza bat egin behar zioten bakoitzean, baimen bat behar da; baimen hori ez zioten nire amari eskatzen, Valentziako Gobernuak sinatzen zuen, hark zuelako kustodia. Nire bikotekidea zena saiatu zen alaba akabatzen, eta kustodia niri kendu zidaten! Eskerrak [kolektiboko] kideekin nengoen. Niretzat oso gogorra zenez Izarren gauzak zeuden modulura itzultzea, eskatu nuen lehen graduko modulura eramatea, baldintzak okerragoak baziren ere. Kideek dena eman zuten ni babesteko. Jende askok esan izan dit kanpotik sendo ikusten zitzaidala; parte handi batean, kideei esker izan zen.
Gai asko azaleratu ditu Izarri eta bioi gertatutakoak; adibidez, kartzelako amatasuna.
Espainiako legeriak baimentzen du ama izatea kartzelan, baina ez du baimentzen, 3 urtetik aurrera bereziki, egoera duin batean jarraitzea ama izaten. Badirudi soilik 0-3 urte bitartean izan zaitezkeela ama. Zer gertatzen da hortik aurrera? Batzuetan uste dut justuagoa litzatekeela ama izatea debekatzea. Zer gertatu da ama izan diren kide guztiekin? Are gehiago sakabanatzen dituzte, bakartuta dauzkate... hiru urtez bermatzen dizute 24 orduz elkarrekin egoteko aukera, baina, gero, hilabetean behin ikus dezakezu. Hiru urtetik aurrerakoa kritikatuko nuke. Ordura arte, badakigu zer den, kontziente gara non izango garen ama, eta dena ematen dugu ume horiek zoriontsu izan daitezen.
Ama izateak berez dakar sakabanaketa.
Ez dago modulurik, edo ez dute nahi: Iruñean eta Zaballan [Araba] tokia dago, baina amatasun moduluak soilik daude Aranjuezen [Espainia] eta Picassenten [Herrialde Katalanak]. Salbuespeneko egoera bat izan da Izarrena eta nirea, baina ikusi da posible dela banaketa hori ez gertatzea. Etxeok existitzen dira, kritikatu daitezke egoerak, baina posible da ez banatzea. Zergatik ez da aukera hori ematen?
Haur motxiladunen gaia ere azaleratu du zuen kasuak. Aske geratu osteko harreran, azpimarratu zenuen horretarako balio izan duela zuei gertatutakoak.
Zerbait positiboa izan badu honek guztiak, hori da balio izan duela ume motxiladunen egoera azaleratzeko, lantzeko. Behar hori aspaldi sentitzen genuen, baina ez zen modua ikusten. Positiboa iruditzen zait bide hori lantzen hastea, baina konponbideak ere behar ditugu, sufrimendu erantsi hau bukatzeko. Ez da konponbide bat ematen ari ume motxiladunen kasuan, haurtzaroa lapurtzen ari zaizkien arren; hala ere, lanketa honek izugarrizko babesa eman die umeei, haien tokia aurkitu dutelako. Norberak, txikia denean, sentitzen du bera dela hau bizitzen ari den bakarra, eta orain ikusi dute haiek bezala beste ume asko daudela. Horrek indartu egiten ditu. Izarrek eskatzen dit ume motxiladunen pelikula ikustea; niri iruditzen zait egon daitekeen pelikularik gogorrena dela, nik neuk oraindik negar egiten dudalako. Baina berak bere burua islatuta ikusten du, eta, ziur aski, beste ume batzuek ere bai.
Presoen senide adinekoen egoera lantzen ari da Etxerat. Zuen kasuan, zure ama Kontxi Ibarretak hartu behar izan du Izarren zaintza, Valentziara eta Madrilera bisitan joan da eta auzia jendaurrean salatzeaz arduratu da.
Amona Kontxiren rola ezkutuago geratzen da, baina erakusten du emakumeok zer eginkizun dugun, zer zaintza rol betetzen dugun. Tokatu zaio, berak ez du aukeratu senide izatea, ezta gertatu zena ere, eta hor egon da. Umeen gaia jorratzea oso garrantzitsua den bezala, adineko pertsonena ere landu beharra dago, kide asko daudelako haien gurasoak ikusi ezin dituztenak, eta legeria arrunta aplikatuta edo Euskal Herrian egonda gurasoak edo aitona-amonak ikusteko aukera izango luketenak.
Baimen batzuk izan dituzu. Orain, gradu aldaketen alorra lantzen ari da EPPK. Uste duzu bide bat zabaldu daitekeela?
Espero dut baietz. Salbuespeneko gauza batengatik izan bada ere, ikusi dugu posible dela baimenak ematea. Ez dugu lortu baldintzapeko askatasuna eta hirugarren gradua, baina ez du esan nahi lortuko ez denik. Egoera politikoa aldatzen ari da, ia egunez egun, eta konponbide markoa aurrera doa, poliki-poliki. Kolektiboa urrats ausartak egiten ari da, eta horrek desblokeoa ekarriko du halabeharrez. Konponbiderako beharrezkoa den bide bat da.
EPPKren azkenaldiko borroka ugari emakumeek eta horien egoeraren harira gauzatutakoak dira. Bada emakume eta preso izateagatik bestelako egoera bat bizitzearen kontzientzia?
Kartzela bera da matxista. Egunero bizi ditugu gauzak gogorarazten digutenak emakume hutsa izateagatik zigor bikoitza edo hirukoitza izan behar dugula.
Aitortu zaituztete indarkeria matxistaren biktima gisa?
Aitortza izan omen dut. Madrilgo etxean, genero indarkeriari dagokion leku bat betetzen ari nintzen, eta Izarren aurkako erasoaren epaiketa genero indarkeriaren epaitegitik bideratu dute. Hortik aurrera, autoestimua jaisten zaizu, errudun sentitzen zara... Urtarrilaren 15a baino lehen, ez nuen sumatzen inork egoerari zuen garrantzia ematen zionik. Baliabiderik ere ez ziguten ematen, eta, ziur aski, niri bezala, emakume askori. Ebidentziak eman behar dituzu. Emakumeoi ahotsa eman eta sinistu behar zaigu. Banalitate bat iruditzen zait esatea emakume batzuek asmatu egiten dutela. Erasoa baino lehenago hasi nintzen beldurrez bizitzen, eta ez zitzaidan irtenbiderik ematen. Esaten zidaten aguantatu beharko nuela, ni preso nengoelako eta bera ez.
Nola prestatzen da ume bat banaketaren momenturako?
Oso gogorra da. Umeak 2 urte dituenetik 3 betetzen dituen arte, une oro zaude pentsatzen momentu hori iritsiko dela. Nik urtebete bakarrik igaro behar nuen bananduta, baina beste batzuk hogei urterako banantzen dira, edo behintzat, konponbide bat aurkitzen dugun arte. Zure burua eta umearena momentu horretarako prestatzen ari zara, ipuinen, abestien eta baliabide pedagogiko guztien bitartez.
Zigorraren azken partean, gaixotu egin zara.
Tuberkulosia espetxean kutsatzen diguten gaixotasun bat da. Kide gehienak irteten gara espetxetik tuberkulosiaz kutsatuta. Proba bat egiten digute urtero, eta gehienek ematen dugu positibo. Gero gaixotasuna garatzen duzu edo ez, baina tuberkulina jada badugu, espetxea oso esparru egokia delako tuberkulosia zabaltzeko. Espetxean kutsatzen gaituzte, eta gero, osasuntsu bazaude edo ondo elikatzen bazara, ez duzu zertan garatu. Baina azken urtean ni ez nengoen ez osasuntsu, ez ongi jaten, eta gauza batek bestera eraman du.
[youtube]https://youtu.be/_e_BDKU0Bok[/youtube]
Sara Majarenas. Preso ohia
«Kartzela matxista da»
Duela bederatzi egun libre irten ostean, «izugarrizko zama» gainetik kenduta mintzo da Majarenas: indarkeria matxistaz, Izar alabaz, Kontxi amaz, espetxe administrazioaren «Damoklesen ezpataz». Bideoa elkarrizketaren bukaeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu