Kartzela, gizartearen diskriminazioen ispilu

Espetxe Zuzenbideari Buruzko I. Kongresua antolatu dute Bizkaiko Abokatuen Elkargoan. Adituen arabera, diskriminaziorik izan ez dadin, ezinbestekoa da «paradigma aldaketa bat».

Espetxe Zuzenbideari Buruzko I. Kongresua, atzo, Bizkaiko Abokatuen Elkargoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Espetxe Zuzenbideari Buruzko I. Kongresua, atzo, Bizkaiko Abokatuen Elkargoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko irailaren 27a
05:00
Entzun

Espetxe politikaren arabera, kartzelan dauden pertsona guztiek eskubide berak izan beharko lituzkete. Baina hala al da? Brais Varela Asturiano EAEko Gurutze Gorriko espetxe arretako proiektuen koordinatzailearen arabera, ez: «Tentsio juridikoa dago espetxe politikaren eta migrazioarekin lotutako legediaren artean; migratzaileen eskubide batzuk haien administrazio egoeraren araberakoak dira». Gines Zamora Gil Sevillako (Espainiako) Abokatuen Elkargoko abokatuak ere uste du espetxea «gune plurala» izan arren «homogeneotasunera» jotzen duela, eta horrek «bazterketa eta diskriminazioa» eragiten dituela. «Kartzela errealitatearen isla da».

Espetxean dauden pertsona zaurgarrien inguruan mintzatu ziren atzo Varela eta Gil, Carmen Meneses Falcon antropologo eta Comillas Eliz Unibertsitateko irakasle eta ikertzailearekin batera. Bizkaiko Abokatuen Elkargoan antolatutako Espetxe Zuzenbideari Buruzko I. Kongresuan hartu zuten parte. Varelak migratzaileen inguruan hitz egin zuen, eta Gilek, LGTBI pertsonen inguruan. Menesek, berriz, emakumeen egoera izan zuen hizpide. Gaur izango da kongresuaren bigarren eta azken eguna.

«Tentsio juridikoa dago espetxe politikaren eta migrazioarekin lotutako legediaren artean; migratzaileen eskubide batzuk haien administrazio egoeraren araberakoak dira»

BRAIS VARELA ASTURIANOEAEko Gurutze Gorriko espetxe arretako proiektuen koordinatzailea

«Beti esaten dute espetxe administrazioa gainezka dagoela, eta dituzten baliabideekin ez direla gai egungo egoerari aurre egiteko», ekarri du gogora Gilek. «Hori horrela dela ulertu behar badugu ere, ezin gara konformatu», erantsi du. Izan ere, salatu du LGTBI aktibistek «zuriketa arrosa» pairatzen dutela: «Esaten dute denak alde daudela, baina gero, eraginkortasunari dagokionez, ezer gutxi egiten dute».

Gilek azaldu duenez, LGTBI pertsonek euren «identitatea ukatu» behar dute kartzelan, «gutxieneko segurtasun batekin» bizirauteko. «Zaurgarritasun handi bati egin behar diote aurre; horren isla da erasoen eta abusuen biktima direla», zehaztu du. Komunitateko pertsona guztiek «bazterketa» jasaten duten arren, Gilek transengan egin du azpimarra: «Bazterketa nabarmenagoa jasaten dute, babes falta dute, eta ez dago politika aktiborik». Sevillako abokatua gainerako abokatuei mintzatu zaie, eta ohartarazi die «behartuta» daudela LGTBI pertsonen errealitatea ezagutzera eta haien eskubideak berma daitezen lan egitera.

«Kartzela gizonek gizonentzat sortutako sistema bat da, gizonen gizarteratze beharrak asetzeko pentsatua»

GINES ZAMORA GILSevillako Abokatuen Elkargoko abokatua

LGTBI pertsonak ez dira kartzelan diskriminazioa pairatzen duten bakarrak. Izan ere, Gilek argi utzi du: «Kartzela gizonek gizonentzat sortutako sistema bat da, gizonen gizarteratze beharrak asetzeko pentsatua». Are gehiago, «heteroarauaren» parte diren gizon «zisgeneroentzat» dago egina. Hortaz, emakumeek ere badute zer esan. Hain justu, kartzeletan dauden emakumeei buruzko ikerketa egin du Menesesek.

Patio txikiagoak

Elkarrizketa eta galdetegien bitartez, Menesesek kartzeletan egin beharreko «hobekuntzak» atera ditu argitara. Besteak beste, ohartarazi du emakumeen guneak «txikiagoak» direla: «Esate baterako, patioak askoz txikiagoak dira. Ratio kontua dela esango dute, baina ez da hori: kondena luzeak dituztenean, ikusmen txikia izateak emakumeei eta haien osasunari eragiten die». Horrez gain, gizonen kartzeletan egoteagatik, «infantilizazioa» eta «gehiegizko babesa» pairatzen dituzte. Eta «indarkeria obstetrikoa» ere salatu dute: «Emakumeek esan dutenez, ginekologoarengana joan behar izan dutenean, Polizia dena entzuten aritu da, edo ez dizkiete eskuburdinak kendu».

«[Emakumeek gizonek baino] Patio askoz txikiagoak dituzte. Kondena luzeak dituztenean, ikusmen txikia izateak emakumeei eta haien osasunari eragiten die»

CARMEN MENESES FALCONAntropologoa eta Comillas Eliz Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea

Bestela daude espetxean dauden migratzaileak. «Tokiko biztanleei ez zaie zalantzan jartzen euren egoera administratiboa edo nazionalitatea; migratzaileei, ordea, bai», azaldu du Varelak. Hortaz, adierazi du espetxe politikak «talka» egiten duela Atzerritarren Legearekin. Esate baterako, migratzaileak kanporatuak izan daitezke. «Espetxe politikaren helburuetako bat gizarteratzea da, baina zein gizarteratze mota landu daiteke migratzaileekin, kanporatuak izateko arriskuan badaude?», bota du galdera Gurutzeko Gorriko kideak. Era berean, espetxe politikaren arabera, «preso guztiek» dute aukera lan egiteko. Atzerritarren Legeak, baina, eskubide hori «murrizten» du: «Administrazio baimen batekin bakarrik egin dezakete lan».

Diskriminazio mota guztiei aurre egiteko, Gilek uste du ezinbestekoa dela «paradigma aldaketa bat». Hau nabarmendu du: «Orokortasunera jotzea saihestu behar da, espetxe tratamendu egoki bat egin ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.