Kartzela galeria batean, bakarrik

Jon Enparantza presoa «muturreko» eran bakarturik dagoela salatu dute Donostiako hainbat eragilek.Neurriak eskatu dituzte.Bakartua dute, egunero ziegan miaketak izaten ditu, eta galarazia du ume denak batera ikustea

enekoitz esnaola
Donostia
2014ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Jon Enparantza abokatua (Donostia, 1968) Navalcarneroko espetxean dago (Espainia), etxetik 485 kilometrora. Modulu huts batean daukate, bera bakarrik. Ez du, beraz, beste presoen ahotsik entzuten. Isiltasuna beti.

Aldi batez preso arrunt batekin izan du hartu-emanik une labur batzuetan, baina hura jadanik ez dago Enparantzaren moduluan, eta euskal presoak kartzela funtzionarioekin baino ez du kontaktua, eta hori, izaten dena izaten da.

Egunean bi aldiz du atarira irteteko aukera. Txikia da patioa, horma handiak dauzka, eta, hara ateratzen den garaiagatik ez ezik, paretek eguzkia ikustea eragozten diote. Presoak lau hilabete daramatza eguzkia ikusteke. Zuri-zuri dago, haren emazte Maider Alustizak dioenez. Gainera, patioak estalperik ez dauka.

Senideen eta lagunen bisitak astegunez ditu. Ondorioz, bisitariek eskola edota lanorduak galtzen dituzte. Eta, modulu osoan bakarrik dutenez, presoak bisita orduetan ere ez du beste inor ikusten. Navalcarneron beste hiru euskal preso daude.

Ziegatik ateratzeko, miaketaegiten diote espetxezainek, eta haren ziega egunero miatzen dute.

Bost ume ditu presoak, baina kartzelan bost umeak ezin ditu batera ikusi. Bisita bakoitzeko, gehienez ere, hiru ikustea onartzen diote. Eta hilean familiako bis bakarra duenez, bost umeak bi hilean behin ikusten ditu, bi alditan. «Familiarekiko distantzia» handitu egiten da horrela, Alustizak azaldu duenez. Hori gutxi ez, eta Alustizak dio funtzionarioek bera biluztera behartu izan dutela, bestela haurrak aita ikusi gabe geratuko zirela esanda.

Enparantzaren andreak hamabostetik behin izaten du bisita intimoa. Senarra «oso indartsu» dagoela uste du, baina bien arteko solasean hark arreta sarri galtzen duela ere badio; «deszentratu egiten da». Bakarturik egotearen osasun ondorioen beldur da Alustiza.

Urtarrilaren 8an atxilotu zuten Enparantza, ETArekin lotuta, eta espetxe araudiaren 10, 91.4 eta 94. artikuluak ezarri dizkiote hasieratik. Artikuluon arabera, muturreko arrisku arrazoiak behar dira preso bati erregimen itxia aplikatzeko. Espetxe zuzendaritzak esaten du hark ETArekin lukeen harremanagatik dagoela aipatutako erregimenean.

«Oso gogorra da hau guztia», salatu du Alustizak.

Atzo Donostiako Antigua auzoko hamasei eragilerekin prentsaurreko bat eman zuen presoaren emazteak. Enparantza «muturreko eran bakartuta» daukatela esan dute, eta haren eskubideen alde sinadurak biltzeari ekin diote, Jose Luis de Castro Espaniako Espetxe Zaintzarako epaileari, Donostiako Udalari eta Iñigo Lamarca EAEko arartekoari helarazteko.

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, Guardia Zibilak atzeman zuen duela hamar hilabete, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldeko beste zazpi kiderekin batera. Haietako bat da Arantza Zulueta abokatua, eta hura ere bakarturik daukatela gogoratu nahi izan dute Antiguako eragileek. «Muturreko egoeran dauden euskal preso bakarrak dira biak. Argi dago mendekua dela. Espainiak ez du errespetatzen espetxe legedia. Nazioarteko erakundeen arabera, inor bakartzera eta isiltasunera kondenatzea onartezina da, tortura modu bat delako». Enparantza Euskal Herritik gertuen dagoen kartzela batera eramateko eta hari dagozkion eskubide guztiak errespetatzeko eskatu dute.

Joan uztailean Europako abokatuen AED eta ELDH elkarteek gogor gaitzetsi zuten bien egoera: abokatuen jazarpena, atxiloketa, espetxeratzea eta bakartzea.

ETAren mezulari izatea egotzita, 2010eko apirilean ere atxilotu zuten Enparantza, beste abokatu batzuekin batera, eta urte bereko abenduan atera zen kartzelatik, 60.000 euroko bermea ordainduta. Javier Gomez Bermudez epaileak aurtengo ekainaren bukaeran jakinarazi zuen auzipetuta dagoela, ETAren «espetxeetako fronteko» kide delakoan.

Alfonso Zenon, absolbitua

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak absolbitu egin du Alfonso Zenon euskal presoen abokatua, Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohiaren aurka ustez egin zituen akusazioen delitua preskribatuta jota. Ez da sartu auziaren mamian.

Aresek Zenonen aurkako kereila aurkeztu ostean, Bilboko Zigor Epaitegiak aurtengo otsailean epaitu egin zuen abokatua, eta handik hilabete batera, zigortu. 11.480 euro eta auziak eragindako kostuak ordaintzera zigortu zuen —11.480 euroetatik bost mila Aresentzat ziren—.

2010eko urtarrilaren 26an Ertzaintzak Ondarroan (Bizkaia) eginiko operazioaren ostean, Zenonek adierazi zuen atxilotuek torturak jasan zituztela, eta orduko Herrizaingo sailburu Ares egin zuen erantzule.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.