Martuteneko (Donostia) kartzela zaharra ordezkatuko du Zubietako berriak (Donostia-Usurbil). Espainiako Barne ministroak aspalditik proposatutako proiektua martxan jarriko du, eta badirudi Gipuzkoak espetxe berri bat izango duela. Abuztuaren hasieran jakin zen, ordea, eraikitzekoak ziren espetxearen ordez gizarteratze zentro bat egingo dutela. Halairagarri zuen Donostiako alkate Eneko Goiak, eta adierazi zuen Donostiako Udalaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioetan «begi onez» ikusi dutela erabaki hori. Oraindik ez da irmoa erabakia, ezta ofiziala ere, baina udalak jakinarazi die albistea zenbait komunikabideri. Iturri horien arabera, Martuteneko kartzela «aurki» eraitsiko dute, haren ordez gizarteratzeko zentro bat eraikitzeko. Zentro berrian, hirugarren graduko presoak geratuko lirateke —egun, Martutenen daudenen herenak dira—; alegia, egunez lanera edo ikastera ateratzeko baimena dutenak eta menpekotasunen aurkako tratamenduak jasotzen dituztenak. Gainerako presoak —lehen eta bigarren gradukoak— Zaballako espetxera (Araba) eraman beharko dituzte.
Presoekin lan egiten duten abokatu talde eta elkarte batzuek, hain zuzen ere, aldaketa horrek sorraraziko dituen beharrak aintzat hartzeko eskatu dute, besteak beste aldaketa horrek kasu askotan bide luzeagoa eginaraziko dielako presoen senideei. Zaballako espetxea duela zazpi urte zabaldu zuten, eta mila presorentzako tokia du; egungo datuak aintzat hartuta, Martutenetik 200 inguru eramango lituzkete hara.
Kartzelan diharduen elkarteetako bat da Arrats. Beste elkarte batzuekin batera, ESEN —Espetxe Sarea Euskadi Nafarroa—taldearen parte da. ESENen barruan diharduten eragileen arabera, oro har, Hego Euskal Herrian dagoen kriminalitate tasa ikusita, nahikoa da Zaballako espetxearekin. Kartzela gehiago eraikitzearen «aurka» daude, eta, oro har, Bizkaian eta Gipuzkoan gizarteratze zentroak egitearen aldekoak dira: justizia ulertzeko beste era bat zabal dadin. «Justiziaren eta espetxeen modelo aldaketa aldarrikatzen dugu, ez kartzela gehiago eraikitzea», adierazi dio BERRIAri Arrats elkarteko ordezkari batek. Delituak egiten dituztenei kartzela zigorra ezarri beharrean, uste dute beste ondorio klase batzuk sustatu behar direla, eta espetxeak salbuespena izan behar duela. Sustraiko aldaketak nahi dituzte.
Txikitzen, txikitzen
2005eko uztailean, Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak eta orduko Donostiako alkate Odon Elorzak Zubietan espetxe berria eraikitzeko hitzarmena sinatu zuten. Hasieran, 2.000 presorentzako lekua izango zuela esan bazuten ere, geroago jakinarazi zuten espetxe ertaina izango zela. Txikitzen joan zen egitasmoa. 2005eko azaroan hitzartu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Zubieta auzoko lurrak uzteko aurreakordioa. Akordio horrekin, Martuteneko espetxea Zubietara eraman ahal izango zuten, eta Martutenen, orain espetxea dagoen lekuan, etxebizitzak egingo lituzkete, gehienak babes ofizialekoak. 2012an Espainiako Gobernuak eten egin zuen espetxeaegiteko plana eta ikerketa bat agindu zuen azpiegituraren inguruan: fruituak orain heldu direla dirudi.
Kezka
Zubietako Herri Batzarreko kideei, oro har, «ondo» iruditzen zaie kartzelaren ordez gizarteratze zentro bat egitea; bertan egongo den jendearentzako abantailak eta integrazio bide hobe bat ekarriko baditu, egokitzat jo dute aldaketa. Hondakinak errausteko eta tratatzeko planta bat ere han egiten ari dira, ordea, eta azpiegitura ugaritasun horrek sorrarazten die ezinegona. Donostiak«bistan nahi ez dituen» azpiegiturak Zubietan jartzen dituela salatu dute sarri. Horrez gain, errauste planta eta kartzela egiteko erabilitako lur eremuak desjabetzen bitartez hartu dituztela ere azaldu dute, ez erosita; ondorioz, sentitzen dute bertako jendearekiko ez direla «sentiberak» izan instituzioak.
Kartzela, baina bestelakoa
Martuteneko kartzela eraisteko asmoak lehengoan dirau; kartzela berri bat egitekoak, ez. Hain zuzen ere, agintariek jakinarazi dute gizarteratze zentro bat egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu