Euskal lurralde elkargoa. Manifestazioa gaur. Martine Bisauta. Koordinazioko kidea

«Karrikara ateratzea da Vallsi egiten ahal diogun erantzunik hoberena»

«Mespretxua ez delako erantzun bat», erantzun «ofiziala eta serioa» eskatzen dio Parisi euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinazioak.

BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Garrantzi handia du gaurko mobilizazioak Martine Bisauta antolatzaileak dioenez. Frantziako gobernua begira egonen dela dio, eta horregatik dute manifestazio jendetsua eta plurala beharrezko: «Indar harremana erakusteko hitzordua da, eskaerak duen herri sostengua argira emateko mementoa».

Hasteko, zer diozu Manuel Vallsek egindako adierazpenaz?

Aste honetan, Vallsen partetik adierazpenak espero genituen, eta egin ditu. Mobilizazioa azkartzeko molderik hoberena da, eskertzen dut! Jendea hain da iraindua sentitzen, hain da irain handia, non eta horren araberako mobilizazioa ukanen duen parean. Erraten digu errepublikaren legedian idatziriko egitura bat lor daitekeela bakarrik, baina errespetu osoz oroitarazten diot estatutu bereziko lurralde elkargoa ahalbidetzen duela konstituzioaren 72. artikuluak. Gaur karrikan egotea da egiten ahal diogun erantzunik hoberena.

Deszentralizazio ministroarekin bilera, Hautetsien Kontseiluaren bozketa, koordinazioa, mintegia... Hainbat urrats egin dira euskal lurralde elkargoaren alde. Zer gehiago ekarriko du manifestazioak?

Lurralde honek modu anitzean eraman aldarri horri begira biziki garrantzitsua izanen da manifestazioa, ezin delako ez entzunarena egin populazioa mintzo denean. Horrez gain, prozesu horretan herritarren tokia inportantea da. Uste dut, gainera, hurbiletik begiratua izanen dela gaurkoa... Aurkakoek diote gutxiengo bat garela lurralde elkargoaz interesaturik, baina hori ez da egia. Paris begira egonen da, ikusten dugu zerbitzuek galdeketatzen gaituztela anitz. Indar harremana erakusteko hitzordua da, eskaerak duen herri sostengua argira emateko mementoa. Euskal lurralde elkargoak sostengu handia du eragileen eta hautetsien artean, eta manifestazioarekin erakutsi beharko diegu herriaren sostengua ere duela.

Paris begira egonen dela diozu. Baina kontuan hartuko ote du?

Erranen dute ezetz, ez duela garrantzirik, baina argi da gobernuak hurbiletik begiratuko duela. Planteatu agendari segi, memento batean Frantzia osoko kazetariei zuzenduko gara. Parisera joanen gara, eta, orduan, milaka eta milaka lagun batu dituen ereduzko mobilizazio bat baldin badugu bizitu berria, koordinazioak beste indar bat ukanen du aldarrikapena aurkezteko orduan. Oraindik ere 1999ko mobilizazioa gogoan du jendeak, 2013ko ekainaren 1ekoak ere beharko ditu izpirituak markatu. Gobernua eta aldarrikapena edozein izanda ere, herri mobilizazioak beti du bere garrantzia, gezurra da erratea ez duela indarrik.

Nahiz Batera-k dioen ez dela erantzun ofiziala, aldi bat baino gehiagotan jaso duzue ezetza erantzun gisa. Gauzak alda daitezkeela uste duzu?

Eramana izan ez den borroka da soilik galtzea segur garen borroka. Beraz, gu bururaino joanen gara. Erantzun epileptikoak ukan ditugu, sekula benetan erantzun gabe egitasmoari, ez naizelako segur proiektua bere sakontasunean aztertu dutenik. Alta, hurbiletik begiratzean, ohartzen gara zinez eskaera argumentatua dela. Ezezko biribila baino gehiago merezi du Euskal Herriak, beraz erantzun ofizial eta seriosa espero dugu gobernuaren partetik. Izan daiteke ezezkoa, horretaz kontziente gara, galdatutakoa ez den beste zerbait ere, horretaz arrunt ohituak gara hemen, baina erantzun bat behar dugu. Argi da borroka honen ondorengoa ez dela aurrekoa bezalakoa izanen, zerbait garrantzitsua gertatu da azken hilabeteetan, eta ezin gara iraganera itzuli. Gobernua ohartu behar da ezer ez dela lehen bezala. Beharbada, ez gara erabat asebeterik izanen, hori badakigu, baina erantzun beharko digute, argudiatuz zergatik euskal lurralde elkargorik ezin dugun ukan. Beste soluzio bat aurkezten badigute, aztertuko dugu, baina eraman dugun lan sakona ikusirik, Frantziako legediak ahalbidetzen duen guztia ikertu dugu, eta zinez ez dakit zer proposatzen ahalko luketen... Badakigu guk proposatutakoak duela bakarrik erantzuten gure behar eta nahiari. Baina errepikatuko dut: erantzun bat nahi dugu, mespretxua ez da erantzun bat.

Parlamentariek zuzenketak aurkeztuko dituzte. Koordinazioaren baitan elkarrekin lantzen dituzue?

Juristen esku da, eta aukera politikoen arabera moldatuak dira, zuzenketa toki egokian memento onean aurkeztea konplexua delako. Legea hiru zatitan zatitu dute, beraz une egokiena zein den ikusi behar dugu. Hori egiten dugu Euskal Herria hitzak egon behar duelako eztabaida horretan. Baina, nire ustez, eta ez naiz bakarra hori pentsatzen, gauza bat positibo gertatzekotan, goi mailako erabaki politiko batek du ekarriko, ez da zuzenketen bidez eginen. Zuzenketak aurkeztuz, arazoaren berri eman nahi dugu eztabaidan, baina parlamentarien bidea hauskorra da. Horregatik diotaterabide plantako eta iraunkorra gobernuaren baitarik etorriko litzatekeela, arazoa politikoa izaki erantzuna politikoa delako.

Euskal lurralde elkargoaren eskaerak duen sostengu handia eta plurala ikusirik, gobernuaren partetik ezetza lortzea, ezin ulertua izateaz gain, arriskutsua ere izan daiteke.

Hasteko, desilusio handia litzateke, lurraldeoi proposamenak egiteko eskatu zigun gobernuari erantzun diogulako gure proposamenarekin. Nik ez dakit zer gertatuko den. Denbora hartzen ahalko duen negoziazio fase batean sartuko ote gara? Gauza bat osoki erabakia proposatuko ote digute? Lurraldearen erreakzioa egin moldearen araberakoa izanen da. Lehenik eta behin, kontuan hartua izatea eskatzen du lurraldeak, hori faltan dugulako beti eta beti, bai eta ere hitz egiteko nahikeria. Nik ez diot uztaileko dugula lurralde elkargoa, baina elkarrizketak hasi behar du, aterabidea aztertzeko. Ez dut ezetza azaltzeko argudiorik ikusten, ez bada ez erratea ez errateagatik.

Ezetza politikoa litzateke...

Ezetza politikoak badaude, baina esplikatutakoak. Gurea ezetza politikoa litzateke, baina esplikatu gabekoa. Hautu txarrena lirateke hori. Ikusiko da, aitzina gaitezen pausoz pauso... Lehenik, gaurkoa; ondotik, Parisera eramanen dugu hitza, eta ageriko da. Bururaino eraman behar dugu borroka, ezin dugu gelditu bide erdian. Egindako lan hori herri honen DNAn idatzia izanen da, buruz bururako liskarrak gainditurik, anitzek eraman lan eta trukaketa memento baten gisara. Azpimarragarria da lurralde elkargoak duen adostasun politikoa, eta, beharbada, horrek ere du trabatzen.

Parlamentariek maiz erraten dute adostasun zabalagoa beharrezkoa dutela. Gaur egun lorturikoa baino urrunago joan gaitezke?

Aldi honetan adostasun hein horretan geldituko gara. Gobernuak benetako elkarrizketa bat planteatzen balu, agian beste batzuk lotuko lirateke mugimenduari. Herri hauteskundeak hilabete batzuen buruan ditugu, hori badakigu, eta adostasun horrek mantendu beharko du. Hori diote Parisen oso gaizki tratatuak direlako. Oso zaila zaie, ez dira batere ulertuak. Horregatik zaie biziki inportantea adostasun zabal hori. Horren berri ematen dabiltza, baina Pariskoak ez dira ohartzen, buru gainetik pasatzen zaie! Egoera ez da berdina izanen haientzat astelehenean, zeren nahi ala ez, manifestazio handia hor izanen dutelako froga gisa.

Errealitatetik hain urrun izaki Paris, ezetza erantzun dezakete, ondorioez kontziente izan gabe.

Posible litzateke, bai. Baina goiko arduradun politikoek txostenak dituzte hala ere, suprefetura bat daukagu Baionan... Erantzunarekin beren ardurak hartuko dituzte. Bretainian ere sendi da nahikari bera; nortasun handiko lurraldeetan da ezberdintasunerako eskubidearen aldarria entzuten. Alderdi politiko guztiak kausitzen dira hori eskatzen dutenen artean, eta parean jakobinoak ditugu. Bai ezkerrean, bai eskuinean, alderdi guztietan dira azkar jakobinoak. Oso pisua da oraindik estatuaren zentralizazioa, eta gobernua edozein izanik ere, hori dugu beti oztopo. Zaila da, baina ez gara horregatik geldituko. Egindako lan hori herri honen historiaren etapa bat baldin bada, etapa bat izanen da, beste bat etorriko da ondotik. Kontua da aldi honetan sekula n egin ez dugun gauza bat egin dugula. Garaipena ekarriko digun ukaldia dea? Ikusiko da. Dena dela, segituko dugu, eta hori buruan sartu behar dute.

Hala ere, oroit gara Deszentralizazio ministroak «Euskal Herriaren aitorpena» hitzeman zuela. Nola interpretatu behar dira hitz horiek?

Ez dut ezagutzen Lebranchu, eta ez nintzen harekin egindako bileran. Pertsonalki uste dut gobernuak Lebranchu bakartu duela. Dituen sustrai bretoiekin etorri da, lurraldeetako eztabaidak entzuteko gaitasunarekin. «Lagundu nazazue laguntzen» erran zien ere bileran, eta uste dut zintzoki zioela hori. Deszentralizazio proiektu handinahia zuen orokorki, baina ezin izan du egin, denak aurka zutitu zaizkiolako, aldaketarik ez dute nahi izan. Eragile guztiak Matignondik pasatu ondoan, Lebranchuren proiektutik ia ez da ezer geratu. Atzera egin behar izan du. Europako herri kontserbadoreenean bizi gara. Frantziako administrazio sistema modernizatzeko behar gorria bada, eta hori nahi zuen. Baina interes partikularrak ere badira, eta proiektua zangopilatua izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.