Denboraleak 134,4 km/h-ko haize ufadak utzi ditu Matxitxako lurmuturrean (Bizkaia), 123,8 km/h-koak Ordunte mendian (Gipuzkoa) eta 121,4 km/h-koak Jaizkibelen. Handienak Karrantzan (Bizkaia) eta Donostian neurtu dituzte. 142,9 km/h-ko haizetea izan da Karrantzan eta 135,1 km/h Donostian.
Biharko, abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzak, elurrarengatik, Gipuzkoa eta Bizkaia barrualdean, eta Araba osoan. 00:00etatik 09:00etara izango da indarrean. Goizaldean, elur maila 500-700 metroen artean kokatuko dela iragarri dute meteorologia zerbitzuek. Goizeak aurrera egin ahala, gora egingo du, arratsaldean 1.500 metro inguruan ezarri arte.
Itsasoan, berriz, alerta laranja jarriko du indarrean Jaurlaritzak, 00:00etatik 06:00etara. Bost eta sei metro arteko olatuak izango direla ohartarazi dute. Arratsaldean, abisu horia ezarriko da eta itsasoaren egoera lasaiagoa izatea espero da. Hala ere, goizean bost metro inguruko olatuak izango direla iragarri dute. Arratsaldean, 3-3,5 metro artekoak espero dira.