Karlos Zurutuza kazetariak jaso du prentsa idatziko Argia saria

Merezimenduzko saria Txillardegiri eman diote; telebistakoa Kanaldude Iparraldeko herri telebistak jaso du

2012ko Argia sarietako irabazle guztiak, elkarturik, atzo, sari banaketaren amaieran. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Usurbil
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Karlos Zurutuza BERRIAko kolaboratzaileak irabazi du 2012ko prentsa idatziaren Argia saria. Iaz Libiako egoerari buruz BERRIAn idatzitako artikulu sortarengatik saritu du astekariak Donostiako kazetaria. Usurbileneman zituzten sariak (Gipuzkoa), Atxega jatetxean, atzo. Euskal hedabideetako eta euskalgintzako pertsona ezagun ugari izan ziren han, sari banaketa ikusteko. Libiako egoerari buruz idatzitako kroniketan erakutsitako «ausardia eta trebezia» saritu du astekariak. Zurutuzak esan zuen «munduko ogibiderik aberasgarriena» iruditzen zaiola berriemaile izatea.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri eman diote merezimenduzko Argia saria. Xabier Letona Argia-ko zuzendariak Txillardegik euskalgintzaren alde izandako konpromisoa nabarmendu zuen:«Euskalduntasuna ulertzeko era zor diogu». Joseba eta Maddi Alvarez seme-alabek jaso zuten garaikurra. Haren semeak esan zuen Txillardegik saria gustura hartuko zuela. Aitaren ibilbidea eta egungo testuinguru politikoa, dena esaldi batean laburbildu zuen: «Ilunpean jaio zenak argitasunean utzi gaitu». Gaur bi aste hil zen Txillardegi.

Hurbiltasuna saritu du Argia-k irratiaren arloan. «Irratigintzaren beste dimentsio bat» erakusteagatik eta Ipar Euskal Herriko hainbat toki ez ezik hango biztanleak ere protagonista bihurtzeagatik eman diote saria Euskal Irratietako Gure bazterrak saioari. Luzien Etxezaharretak eta Jakes Casaubonek hartu zuten hitza. Euskal irrati libreen indarra nabarmendu zuen lehenak. Euskal Herriko «historia ezkutua argitaratzeko» ahalegina nabarmendu zuen, berriz, Casaubonek. Hamabost urte bete ditu irratsaioak.

Ipar Euskal Herriko hedabide batek irabazi du telebistako Argia saria ere: Kanaldude herri telebistari eman diote, «hurbilekoa, edukia zaintzen duena, herritarrek egina eta herritarrentzat izateagatik». Ximun Karrere eta Pantxika Maitiak jaso zuten garaikurra. Telebista parte hartzaile, tokiko eta euskarazkoaren alde agertu zen Karrere.

EITB Nahieran webguneak jaso du Interneteko saria, «benetako zerbitzu publikoa» emateagatik. Iñako Gurrutxaga ekimeneko arduradunak esan zuen «hasieran» daudela. Bi erronka azpimarratu zituen: edukiak deskargatzeko lizentzia lortzea eta euskal eremu publiko digitala.

Publizitate saria Azpeitiko Ikasberri ikastolako Klikmetroak ekimenak jaso du, Kilometroen hastapeneko ideia berreskuratzeagatik. Aitor Unanue ikastolako lehendakariak esan zuen «mugarik gabeko elkarlanaren emaitza» dela eta hurrengo antolatzaileei ekimenak «on egin» diezaiela opa zien.

Euskal hedabideen egoera

Letonak, sariak banatu aurretik, euskal hedabideen egoeraz hitz egin zuen. Laguntzeko deia egin zien instituzioei, egoeraz jabetzen ez direlako: «Jarraitu behar dugu pentsatzen zergatik ote garen hain hutsalak errepideen eta trenbideen alboan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.