Bihar bukatuko dute, Lezon (Gipuzkoa), Karlos Saldise zenaren oroimen egitaraua, ekitaldi nagusia eta bazkaria eginda. Atzo 40 urte bete ziren Espainiako talde parapolizial batek Saldise hil zuenetik Lezon, tiroz, eta urteurrenerako sortutako herri batzordeak eta Egiari Zor fundazioak osatu dute egitaraua —aldizkari bat ere argitaratu dute—. Orain arte, honako hauek izan dituzte: Iñaki Egaña Euskal Memoria fundazioko presidentearen hitzaldi bat; argazkia eta adierazpena; ikurrina eta lore sorta bat jartzeko ekitaldia; eta gaur, Karlos Saldise: herriari loturiko bizitza betea kultur ikuskizuna izango da (Gezala aretoa, 19:30). Biharko ekitaldia Saldise plazan izango da, 12:30ean, eta ondoren bazkaria egingo dute, ikastolan.
Etxeko atarian hil zuten, 1980ko urtarrilaren 16an, 33 urte zituela, eta Espainiako Estatuak artxibatu egin zuen kasua handik hamar astera. Madrilek inoiz ez dio aitortu biktima izaerarik. Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea eta euskararen aldeko ekintzailea zen Saldise, eta HBko kidea ere bai. Askotan jaso zituen mehatxuak, eta etxea hainbat aldiz arakatu zioten. Pasaiakoa (Gipuzkoa) zen sortzez, Donibanekoa.
Egiari Zor fundazioak dioenez, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan «estatuaren aparatuek gerra zikina baliatu» zuten euskal iheslarien, ezkerreko militanteen eta abertzaleen kontra egiteko. «Estatu terrorismoaren lehen belaunaldi hark ATE, GAE, Triple A eta BVE siglapean egin zituen erasoak. Gerora iritsi zen GAL, PSOE gobernura ailegatzearekin batera». Bi taldek aldarrikatu zuten Saldiseren hilketa: BVE Batallon Vasco Españolek, Egin egunkarian, eta GAE Grupos Armados Españolesek, El Diario Vasco-n.
«Karlos Saldise ez zen izan estatu terrorismoaren biktima bakarra», adierazi du Egiari Zorrek, 40. urteurreneko aldizkarian. «Gutxienez beste 79 pertsona ere hil zituen gerra zikinak, Euskal Herriko hainbat txokotan: Astigarragan, Errenterian, Andoainen, Loiun, Alonsotegin, Ziburun, Miarritzen, Kanpazarren [Arrasate]… Inolako alderdi politikok, inolako gobernuk, ez du egundo
erantzukizunik bere gain hartu».
Egañak azaldu du UCD Espainiako Gobernuan egon zen garaian zortzi-bederatzi izen desberdin erabili zituztela talde parapolizialek, «baina zuzendaritza bera zuten». Haren ustez, 1980ko hamarkadan BVEk lau komando zituen, eta, azterketa baten ondoren, konbentzituta dago Jean Pierre Cheriden taldeak hil zuela Saldise.
Egiari Zor fundazioak dio estatuaren orotariko biolentziak jasan dituzten biktimen eskubideen defentsan lan egitea dela bere eginkizuna, «euskal gatazka politikoan gertatutako guztia ezagutzeko eta ezagutarazteko, eta biktima guztiei aitortza eta erreparazio maila berbera ziurtatzeko».
«Terroristatzat daukate amnistiaren aldekoa izateagatik»
Karlos Saldiseren arreba Karmelek aldizkarian esan du «euskararen eta herrialdearen alde» lan asko egin zuela bere anaiak, «armarik hartu gabe», eta oraindik ez dakiela zergatik hil zuten. «Ez du batere aitortzarik, terroristatzat daukate-eta amnistiaren aldekoa izateagatik».
Euskal Autonomia Erkidegoan 1978-1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko legea onartua du Eusko Legebiltzarrak. Jaurlaritzak jasoa du Saldiseren hilketa Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri (1960-2010) dokumentuan.