Egiptologia

Karlos Almorzak tesia irakurri du gaur Bartzelonako Unibertsitatean

Euskal Herrian egiptologiako ikasketa unibertsitarioak egiteko eskaintza eskatu du Almorzak. "5.000 urte berandu ari gara hurbiltzen euskaldunak egiptologiara".

Almorza, tesia aurkezten. Epaimahaian, Blanca Urgell. BERRIA
2015eko urriaren 23a
16:10
Entzun

Tesiaren izenburua Faraoien garaiko egipzieraren eta euskararen lan konparatiboen historia da eta Almorzak aztertu egin ditu azken hamarkadetan faraoien garaiko egipziera eta euskara lotzen zituzten teoriak; oso kritiko agertu da ikertzaile horiek erabili dituzten lan metodologiekin, eta ondorioztatu du ez dagoela arrazoi zientifikorik baieztatzeko bi hizkuntza horiek jatorri bera edo harremanik daukatenik.

Bikain kalifikazioa eman dio epaimahaiak, eta hurrengo egunetan epaimahaiak erabakiko du cum laude kalifakazioa jarriko dioten.
 
Epaimahaian Blanca Urgell egon da, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohi eta EHUko irakaslea. Urgellek, tesiaren balorazioa egiteko orduan, zorionak eman dizkio Almorzari, egindako lan bikainagatik eta tesia oso ikuspegi pedagikoarekin idatzita dagoelako: “Egiptologiaz ezer ez dakigunok erraz ulertzeko moduan egituratuta dago Almorzaren lana”.

Almorzak bi zuzendari eduki ditu tesian: Josep Padro, eta Joseba Lakarra, EHUko irakaslea.

Josep Padrok esan du kontuz ibili behar dela euskararen jatorriaz batean eta bestean agertzen diren teoriekin: “Txorakeria asko irakurtzen eta entzuten ari gara, edozeinek edozer gauza esaten du, eta hori larria da”. Lakarrak bat egin du Padroren kexuarekin: “Batzuek ez lukete erabili behar zientzia lantzeko jasotzen duten soldata publikoa, burugabekeriak idazten”. Euskal Herrian egiptologia ikasketak egon beharko luketela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.