Kargutik kendu nahi dute Iruñeko udaltzainburua

Egotzitako delituak ukatu ditu Santamariak epaile aurrean, eta bide administratibotik joko duela dio akusazioak

Santamaria eta haren abokatua, atzo, auzitegira iristen. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Erredakzioa
Iruñea
2014ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
APM Udaltzainen Elkarte Profesionala sindikatuak iragarri du bide administratibotik joko duela Simon Santamaria Iruñeko udaltzainburua behin-behinean kargutik kentzeko. Akusazio gisa dihardu APMk Santamariaren aurkako auzian, eta hark Iruñeko 3. Instrukzio Auzitegian deklaratu ondoren jakinarazi zuen asmo hori Andres Buades abokatuak: udaltzainburuari auzibide zigortzaile bat irekitzeko eskatuko dute, bide penalean dagoen auzia ebatzi artean. Badaezpadako neurri gisa, Santamariak udaltzainburu izateari uztea nahi dute.

Zazpi delitugatik dago inputatuta Santamaria, eta atzo goizean deklaratu zuen, Maria Paz Benito epailearen aurrean. Langileen eskubideen eta biltze askatasunaren aurkako mehatxuak eta jazarpenak, lan diskriminazioa eta iruzurra egozten dizkiote, eta Iruñeko auzitegiko epaileak erabaki beharko du orain epaiketa egiteko besteko delitu zantzurik ba ote dagoen.

Udaltzainburuaz gain, kaporal bat eta hiru instruktore ere deitu dituzte deklaratzera; atzo izan ziren epailearen aurrean horietako bi, eta hilaren 11n joan beharko dute beste biek.

Protesta auzitegi kanpoan

Joan den hilean jakin zen Santamaria eta haren taldekoak inputatu zituela Benito epaileak, eta UPNk presio egin ziela APM sindikatukoei salaketarik jar ez zezaten. Atzo, elkarretaratzea egin zuten Iruñea Askatasunez taldeko hainbat lagunek auzitegiaren aurrean, Erregimena kanpora. Iruñean aldaketa lelopean. Enrique Maia alkatea eta Ignacio Polo zinegotzia aipatu zituzten, besteak beste, halako jarrerak babesten dituztela salatzeko.

Iruñeko udalbatzak hainbat aldiz gaitzetsi izan du Santamariaren jokabidea, eta epaileek ere behin baino gehiagotan deitu izan dute deklaratzera, antzeko kasuengatik. Eragileekin harremanetan direla jakinarazi zuten Iruñea Askatasunez taldekoek, «hiria izan dadin protagonista».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.