Goizeko hamaika eta erdiak ingurutik arratsaldeko lauak aldera arte eduki du Guardia Zibilak Juan Joxe Agirre atxilotuta, komentuan bertan. Ofizioko abokatuarekin hamar bat minutuz deklarazioa hartu ondoren, kargurik gabe libre uztea erabaki du epaileak. Agirrek berak kazetariei agertu dienez, ETAko zuzendaritzako kideak ezagutzen zituen eta haiekin harremanik zuen galdetu diote behin eta berriz, eta berak ezetz erantzun du. Guardia zibilek esan omen diote Mikel Albisuri atzemandako agirieten azaltzen zela bere izena. Galdeketa amaitutakoan paper horiek eskatu dizkie Agirrek artxiboan gordetzeko, baina guardia zibilek erantzun diote ezin dizkiotela eman sumarioa isilpean dagoelako.
Behin libre utzi dutenean, komentu atarira irten da Agirre eta han zeuden herritar eta kazetari ugariak agurtu ditu. Gustura zegoela esan die, baina une estuak igaro dituela. Areago, guardia zibilak atxilotzera joan zaizkionean urduritasunaren urduritasunez zorabio txikia sentitu duela ere agertu du. Halaber, azaldu du guardia zibilek liburutegi guztia miatu dutela, paperez paper, baina ez duela uste ezer eraman dutenik. Agirre ez ezik, beneditarren komentuko abadea ere galdekatu dute, eta hari ere galdera bertsuak egin dizkiote.
Espainiako 'Efe' albiste agentziak "terrorismoaren aurkako iturrietan" oinarrituz zabaldu duenez, ETArekin zerikusia duelakoan atxilotu dituzte Agirre eta Etxeandi. Zehazki, Mikel Albisu ETAko buruzagi presoaren atxilotzearekin lotu dute fraideena, eta Frantziako Laurence Levert epaileak eman du agindua. Albisu joan den urrian atxilotu zuten, eta aipatutako iturrien arabera, hari atzemandako agirietan ageri diren Agirreren zein Etxeandiren izenak. Hain justu, ETAri buruzko dokumentazio jaso izana egotzi diete fraide biei.
Kezka bazuen Agirrek
Esan bezala, Agirre Lazkaoko komentuko artxibozaina da. Liburutegi horren ezaugarri da Euskal Herriko mugimendu politikoen artxibategi handienetako bat dela, bereziki mugimendu abertzaleen ingurukoa. Duela 30 urtetik talde zein mugimendu politikoek argitaratutako aldizkari, txosten, paskin eta bestelako agerkari guztiak biltzen eta gordetzen saiatu da Agirre. Euskal Herritik zein atzerritik bisitari asko jasotzen ditu liburutegiak, batik bat, unibertsitate ikerketak egiteko material bila.
Artxibozainaren hurbilekoek 'Efe'-ri agertu diotenez, bildutako materialaren artean ETArenak ere bazeuden. Hala, aldiro-aldiro erakunde armatu horren agiriak jasotzen zituela azaldu dute iturri horiek, baina berak eskatu gabe eta nork bidaltzen zizkion jakin gabe. Egun politika dena etorkizunean historia izango dela pentsatuta biltzen ei zuen dena. Nolanahi ere, "''Egunkaria'-rekin gertatu zena eta gero", biltzen zituen agirien kariaz atxilotua izateko beldurra zuela agertu zien azkenaldian hurbilekoei,.
Dionisio Amondarain idazle, beneditar eta Agirreren adiskideak Euskadi Irratiari agertu dio "sinestezina" dela Agirrek ETArekin inolako harremanik izatea.
Felix Urkola Lazkaoko alkateak (EAJ-EA), berriz, gertatutakoa "surreralista" dela iritzi dio. Komentu barrura sartzeko aukera izan du, eta Agirre ikustekoa ere bai. Guardia zibilen buruak "lasai" egoteko esan dio, baina Urkolak ez du lasaitasunerako motiborik ikusten: "Edozer gauza sinets daiteke egun hauetan herri honetan bertan gertatzen ari denarekin [astearten Anitz Eskisabel atxilotu zuten Lazkaon]; are eta gehiago egoera surrealista honetan, surrealista baita aita Juan Joxe lege antiterroristaren pean ikustea", adierazi du.
Esan bezala, Agirreren ezagun eta, oro har, lazkaotar asko hurbildu dira beneditarren komentura. Halaber, zenbait agintari eta politikari ere izan dira, besteak beste, Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Ahaldun nagusia, Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Onintza Lasa EAko Komunikazio arduraduna eta Joseba Permach Batasuneko mahaikidea. Guztiek gogor salatu dute atxiloketa, eta, oro har, euskal kulturaren aurkako erasotzat jo dute.
Sei polizia Belokeko monasterioan
Marcel Etxandi, berriz, ordubatak hogei gutxi aldera atxilotu dute, Ahurtiko Belokeko monasterioan. Parisko Terrorismoaren Aurkako Zuzendaritzako sei bat poliziak atxiki eta galdekatu dute. Halaber, Belokeko liburutegi handia eta fraidearen logela miatu dituzte eta beste sei mojeri ere egin dizkiete galderak , Etxeandirekin berarekin batera. Mikel Albisuri buruz eta haren aurkako polizia operazioan atxilotutako lagunen inguruko galderak egin dizkiete, batik bat. Azkenean, zazpiak hamar gutxi aldera joan da Polizia Belokeko monasteriotik, Etxeandi libre utzita.
Marcel Etxandi jakintza handiko pertsona da, bereziki erritoen, Euskal Herriko elizaren historiaren, filologiaren, teologiaren, etnologiaren eta filosofiaren inguruan hainbat lan egindakoa.
Atxiloketa
Kargurik gabe libre geratu dira Juan Joxe Agirre eta Marcel Etxandi fraide beneditarrak
Eguerdian atxilotu eta deklarazioa hartu ostean, Lazkaoko (Gipuzkoa) beneditarren komentuko fraide eta liburuzain Juan Joxe Agirre kargurik gabe libre utzi dute arratsaldeko laurak aldera. Zazpiak hamar gutxitan amaitu du Frantziako Poliziak Marcel Etxandiren galdeketa, eta hura ere aske geratu da. Juan Joxe Agirre eta Marcel Etxandi fraide beneditarrak eguerdian atxilotu dituzte, lehena Lazkaoko komentuan eta bestea Ahurtin (Lapurdi) Belokeko monasterioan. 75 urte ditu Agirrek eta Lazkaoko beneditarren liburutegi eta artxibategi handi eta oparoko arduraduna da. Etxandik, berriz, 70 urte ditu eta euskararen, zein, oro har, kulturaren arloan lan handia egin du. ETArekin lotura dutela egotzita, zehazki, Mikel Albisurekin, atxilotu dituzte biak. Frantziako Levert epaileak eman du agindua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu