Atxiloketak

Karguekin aske utzi dituzte atzo Lekeition atxilotutako bi gazteak

Ondasun materialen aurkako delitu terrorista bat egitea leporatu diete. 

Ertzaintzaren auto bat, atzo, Lekeition. GEDAR LANGILE KAZETA
2021eko ekainaren 24a
13:05
Entzun

Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean telematikoki deklaratu ondotik, aske utzi dituzte atzo Lekeition (Bizkaia) atxilotu zituzten bi gazteak, karguekin. Ertzaintzak atxilotu zituen atzo goizean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko bosgarren Instrukzioko epaitegiaren aginduz, «ustez ondasun materialen aurkako delitu terrorista bat» egitea egotzita. Gaua Ertzaintzaren Deustuko (Bilbo) polizia etxean igaro dute.

Goizean deklaratu dute bi gazteek Santiago Pedraz epailearen aitzinean, eta karguekin aske utzi ditu horrek. 2020ko maiatzaren 13an Ean (Bizkaia) kutxazain automatiko bat erretzea egotzi diete. Koldo Tellitu gazteen abokatuak BERRIAri jakinarazi dionez, «azkar» eta «sinple» joan da deklarazioa, eta ez dago gazteen kontrako «froga sendorik».

Harriduraz mintzatu da Tellitu, atxiloketak urtebete geroago iritsi direlako: «Atzoko erakustaldia ez dator inondik inora bat gero leporatu dietenarekin. Ziur aski motibazio politikoak egon dira atzean; bestela ezin da ulertu», nabarmendu du Tellituk.

Atzo egunsentian hasi ziren miaketak, 07:00ak aldera. Ertzaintzaren hainbat patruilak bi gazteen etxeak miatu zituzten Lekeition (Bizkaia). Gedar kazetaren arabera, hiru orduz egon ziren haien etxeak miatzen, eta 10:30ak aldera eraman zuten atxilo bietako bat. Hedabideak zehaztu zuenez, bigarrena ere atxilo eraman zuten, 11:15ean, Deustuko polizia etxera.

Atxilotutako gazteei babesa erakusteko, elkarretaratzera deitu zuten atzo arratsean, Lekeitioko San Kristobal plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.