Kargudun publikoen babesle

Jaurlaritzaren Etika Publikoko Batzordeak emandako ebazpenetatik %4,4tan egin du kargudun publikoaren aurka. Taldeak ez du eperik Sagarduiren kontsultari erantzuteko

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Eusko Legebiltzarreko korridoreetan hizketan, azaroaren 19an. DAVID AGUILAR / EFE.
jon olano
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Ez da eguneroko aktualitatean ageri, baina bai noizbehinka, polemikaren bat edo beste pizten denean. Azkena, COVID-19aren aurkako txertoen kudeaketarekin eta Basurtu eta Santa Marina erietxeetako kudeatzaileen jokabidearekin; zehatzago, Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak auzi horri aurre egiteko moduarekin. Otsailaren 5ean, eta oposizio osoa Sagarduiren dimisioa eskatzen ari zela, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarrean iragarri zuen Sagarduik Jaurlaritzako Etika Publikoko Batzordeari kontsulta egin ziola haren jokabideari eta karguan jarraitzeko egokitasunari buruz. Oraindik ez dago ebazpenik.

Batzorde horrek ez du epe zehatzik gai horren inguruko ebazpen bat emateko, baina, BERRIAk jakin duenez, udaberri edo uda alderako espero da erantzuna. Esperientziak erakusten du, ordea, sorpresa handia litzatekeela batzorde horrek Sagarduik karguan jarraitzearen aurkako ebazpena ematea. Hala erakusten dute datuek: Jaurlaritzak 2013ko urrian jarri zuen Martxan Etika Publikoko Batzordea, Jokabide Kodea betetzen dela zaintzeko, eta, harrezkero, 69 ebazpen eman ditu; horietatik hirutan baino ez du eman kargudun publikoaren aurkako ebazpen bat (%4,4); gehienetan, haren portaera onetsi du, edo irizpideak eman dizkio nola jokatu jakiteko.

2016ko kasu bat da azkena: batetik, ebatzi zuen kontsulta egin zuen kargudun publikoak euts ziezaiokeela karguari, «auzitegi edo epaile eskudunak, hala badagokio, ahozko judizioa abiaraztea erabakitzeko autoa ematen duen arte». Haatik, Etika eta Jokabide Kodeak dio edozein ordezkari publikok «erakutsi behar duen eredugarritasun publikoaren irudia kaltetzen duten ekintza, jardunbide zein gertaerek eragin zuzena badute herritarrek erakundeaz duten irudian etaordezkatzen duten erakundearen izen onean ere eragiten badute», Etika Publikorako Batzordeari jakinarazi behar zaiola, hark aztertzeko, eta ordezkari horrek ez zuelaeginbehar hori «behar adina bete».

Azken legealdian, batzordeak ez du eman ordezkari publikoaren interesen aurkako ebazpenik; hiru kasuak dira 2012-2016 aldikoak. Lehena 2013ko kasu bat da, eta bakarra batzordeak ordezkari publikoa kargutik kentzea proposatu zuena. Bi urte geroago, berriz, adierazi zuen interes gatazka zegoela kargudun publiko batek enpresa bati adjudikatu beharreko kontratuaren inguruan, eta, «alderdikeria edo faboritismo susmorik batere» egon ez zedin, kontsultagileariproposatu zioten ez ziezaiolaenpresa horri esleitu administrazio kontratua.

Legealdika, 2012-2016 legegintzaldian 46 ebazpen eman zituen batzordeak, eta 23 aurrekoan, abiatu zuten lehenbizikoan. Salaketei buruzkoak baino gehiago, nagusiki ordezkari publikoek eurek eginiko kontsultei buruzko iritzia eman izan du, eta, urteka, batzordea eratu zen urtean bertan pilatu zitzaion lan gehien: hamalau kasuri buruz erabaki behar izan zuen. Iaz, berriz, ez zuen ezein kasuri buruzko txostenik egin.

Haatik, Sagarduik aurkeztutako kontsultaz gain, batzordeak 2020an zehar jasotako beste bi gairi buruzko iritzia emateko dauka oraindik: horietako bat da Gogora institutuak EAJko kide baten enpresari emandako kontratu batzuei buruzkoa. Gogora-k 22 aldiz kontratatu zituen zuzenean Montairen zerbitzuak, eta beste sei aldiz zeharka. 762.886 euro gastatu zituen kontratazio horietan. Kasuak urtebete darama Etika Batzordearen mahaian. Aztertzeko duen beste gaia da enpresa batek Fatima Ansotegi Osasun Administrazio eta Finantzaketa sailburuorde ohia kargua utzi eta berehala kontratatu izanari dagokiona.

Bost dira batzordeko kideak: Olatz Garamendi Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua da batzordeburua, Jose Maria Armentia Funtzio Publikoko sailburuordea, Txetxu Ausin Diez eta Elisa Perez Vera bokalak, eta idazkaria, berriz, Jon Iñaki Urbina Garcia de Vicuña Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria. Ebazpen guztiak Jaurlaritzaren webgunean daude eskegita, eta, Etika eta Jokabide Kodearen 16.3 puntuak esaten badu ere Etika Publikorako Batzordeari dagokiola «Etika eta Jokabide Kodea betetzen dela egiaztatzeko urtero egingo den txostena lantzea», 2017an aurkeztu zen urte osoko memoria azken aldiz.

Auzibidean ikertuak

Kasuei erreparatuta, nabarmentzekoa da ordezkari publikoek eginiko kontsulta ugarik zalantza bera izan dutela: nola jokatu auzibidean ikertu gisa deklaratu behar badute. Jaurlaritzaren irizpidea izan da ikertutako kargudun publikoek karguari eustea, justizia administrazioarekin kolaboratzea eta, ahozko epaiketara iritsiz gero, hura kargutik kentzea gomendatzea. Irizpide horren egokitasuna defendatu zuen 2017ko memorian, argudiatuta2015etik 2017ra hamabost kontsulta ebatzi zituela kargudun publikoak auzibidean deklaratu behar izan zuelako, eta memoria egiterako itxita zeuden hamahiru auzietan, guztiak artxibatuta zeudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.