Esparru ugaritan aritutako dozenaka lagunek Demokrazia Bai izeneko manifestu bat argitaratu zuten iazko apirilean, Euskal Herria «herri eta nazio bezala aintzatesten» duen estatus baten beharra azpimarratzeko. Atzo, manifestu horrekin bat egin zuten instituzioetan ardurak izan dituzten ehun lagunek, eta, beste adierazpen bat plazaratuta, babesa azaldu diote erabakitzeko eskubidea jasoko duen estatus juridiko-politiko berri bati.
Testua izenpetzen dutenen artean daude Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Anjeles Iztueta, Tontxu Campos, Javier Madrazo, Gemma Zabaleta, Joseba Azkarraga eta Miren Azkarate sailburu ohiak, Daniel Arranz Bizkaiko gobernadore zibil ohia, Manuel Diaz Rabago Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko magistratu eta Arlo Sozialeko lehendakari ohia, Iñigo Iruin, Rafa Diez, Esther Larrañaga eta Mikel Arana legebiltzarkide ohiak, Patxi Zabaleta Nafarroako parlamentari ohia, Francisco Letamendia Ortzi Espainiako Kongresuko diputatu ohia...
Hogei lagun ziren agerraldira joatekoak, baina Bizkaiko metalgintzako grebak errepideetan trabak eragin dituela-eta, ezin izan ziren ailegatu joatekoak ziren ordezkari ohi ugari. Prentsaurrekoan izan direnen artean, Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaile ohiak hitz egin zuen, eta ohartarazi Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatutua «agortuta» daudela: «Hau guztia belaunaldi arteko itun baten bidez gainditu beharra dago; eraldaketarako gehiengo berriak behar dira; larritasun demokratikoko egoeran gaude; beldur gara inboluzio antidemokratikoa jada bertan dagoelako».
Hori horrela, bat egin dute estatus berri bat osatzearekin. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak oinarri batzuk adostu zituen iaz, eta, orain aditu talde bat testu artikulatuaren forma ematen ari zaie oinarri horiei—Autogobernu Lantaldeak atzo eman zion oniritzia aditu horiek epea luzatzeko eginiko eskaerari—. Ehun kargudun ohiek atxikimendua azaldu diete estatus berri horretan proposatzen diren «ildo nagusiei», hala nola «demokrazia, erabakitzeko eskubidean gauzatuta, behin betiko oinarrituta uzteko bizikidetza demokratikoa ez bakarrik euskal komunitate politikoaren baitan, baizik baita Espainiako Estatuarekiko harreman ereduan ere».
«Abagune garrantzitsua»
«Herritar soil» gisa agertu dira prentsaurrera, «Euskal Herri osoarentzat garrantzitsua den abagunean». Ontzat jo dute estatus politikoari buruzko eztabaida «Eusko Legebiltzarreko edo Nafarroako Parlamentuko hormen barrualdera» ez mugatzera, iritzi baitute «laburtu» egin behar dela gizartearen eta «estamentu politikoaren arteko distantzia. Herritarrek asko dute jokoan proiektu hauetan».
Izan ere, eztabaidan dauden markoek «lotura» daukate «ez bakarrik askatasunarekin», Azkarateren hitzetan: «Baita demokraziarekin eta gure herriaren aitorpenarekin. Noski, badu lotura horrekin guztiarekin, baina baita herritargoaren egunerokotasunarekin, gure aberastasuna sortu eta banatzeko ereduarekin, gure ongizate ereduarekin, gure giza garapen parekide eta iraunkorrerako ereduarekin ere».
Erabakitzeko eskubidea. Demokrazia Bai
Kargudun ohien babesa estatus berriari
Iazko apirilean aurkeztutako 'Demokrazia Bai' manifestuarekin bat egin dute instituzioetan aritutako ehun lagunek. Agortutzat jo dituzte Espainiako Konstituzioa eta 1979ko estatutua, eta «belaunaldi arteko itun bat» eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu