Karguan dagoenetik mehatxuak jaso dituela salatu du Andoaingo alkateak

«Gorrotoz beterik» egoteagatik Bilduko kideak «desagerrarazi» egin behar direla dio jasotako azken gutunak

Mehatxuen berri eman zuen Ane Karrere alkateak Bilduko kideek babestuta, atzo. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Ekainaren 12an karguaren zina egin zuenetik, mehatxuak jaso dituela salatu du Ana Karrere Andoaingo (Gipuzkoa) alkateak. Lau mehatxu gutun jaso dituzteguztira udaletxean, eta heriotza mehatxua egiten diote Karrereri joan den astean jasotako azken gutunean. Azken gutun hori, gainera, Joseba Barandiaran Andoaingo alkate ohiari ere zuzenduta dago. Mehatxuen berri emateko, Bildu alderdiko alkateak bere gobernukideek eta Bilduko zerrenda osatzen dutenek lagunduta prentsaurrekoa eman zuen Andoaingo Udalean, atzo.

«Ez zarete pertsonak, desagerrarazi behar diren gorrotoz beteriko piztiak zarete». Horixe dio azken gutunak, eta baita hau ere: «Aurkitu dituzuen besaulkietatik aterako zaituztegu momentu jakin batean, eta desagerrarazi egingo zaituztegu», «terrorismoa bakarrik praktikatzen duzue», edota «espainiarrak bezala hilko zarete, gure nazka eta arbuioarekin». Karrerek azaldu du gutunak berari zuzenduta egon arren, Bilduren proiektuaren alde «apustua» egin duten «pertsona guztiei» bideratuta daudela mehatxuak, eta esan du Andoainen «ehunka eta ehunka» izan direla apustu hori egin dutenak.

Jasotako gutunak «nortasun asmatuarekin» eginak diren susmoa du, eta nahiz eta Gipuzkoan sinatuta dauden, Madrildik bidaliak direla uste du. Gutunetako tonua «larrituz» joan dela ere adierazi du, eta heriotza mehatxua egiten diotela azkenekoan. Horregatik, salaketa jarri du Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren aurrean.

Jasotako beste gutunetako batean, berriz, Espainiako Gobernuaren aipamena egiten du, eta «ergela, alferrikakoa, nortasunik gabekoa eta kudeatzaile txarra» dela dio. Era berean, Euskal Herriko udaletan Bilduk hautetsiak izatea «PSOEri eskerrak» dela dio gutunak.

Gutunak honela jarraitzen du: «Berdin du, Espainian ohituta gaude konponbide handiak jartzen ordezkatzen gaituzten gaizki handiei, eta zuek zarete gaizki hori».

Panfletoak arkupeetan

Karrerek adierazi du, bestalde, ezezagunek jaurtitako panfletoak aurkitu dituztela udaltzainek udaletxeko arkupeetan hilabete hauetan.

«Alkatea, pistoladuna, terrorista», dio panfletoetariko batek. Beste batek, ostera, honako hau dio: «Ez dugu nahi terroristarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.