Dimisioa eman du Mikel Irizarrek, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak. Urtearekin batera amaituko du diputazioan egindako bidea. Arrazoi pertsonalak eman ditu. Batetik, azaldu du «pila agortu» egin zaiola; bestetik, jakinarazi du etxean osasun arazo batzuk agertu zaizkiola. Aldundiak datozen asteetan jakinaraziko du zein izango den haren ordezkoa.
Euskalgintzan urteetako ibilia egin ondoren iritsi zen aldundira Irizar (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1954). Tokiko hedabideen arloan aritua da denbora luzez: Arrasate Press astekarian, Goiena taldean... Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari izan zen 2012tik 2014ra artean.
Bi urte egin zituen Topaguneko arduradun, beraz. «Kolpea ematea izaten da nirea; egon naizen lekuetan pare bat urtekoa izan da—orain laukoa, halabeharrez—. Egin nezakeen ekarpenaren zatirik handiena egina dago», esan zuen maiatzean BERRIAn egindako elkarrizketa batean. Bi urte eta erdi eginda utzi du kargua azkenean.
Agurreko mezuan adierazi du «oso gustura» dagoela egindako lanarekin. «Baldintzak sortu dira euskararen biziberritze prozesuari bultzada indartsua emateko». Batetik, azaldu du «sare instituzional indartsua» ari dela osatzen, elkar hartuta ari direlako Euskal Herri osoko erakundeak. Bestetik, gizarte eragileak hartu ditu bereziki gogoan, eta haien «errespetu eta konplizitate handia» eskertu du.
Bidegurutzearen ideiak indar handia hartua du euskalgintzan, eta Irizar izan da horren bultzatzaileetako bat; besteak beste, Berrikasi eta berrikusi dokumentuaren egileetako bat da. Nabarmendu du urteotan aldaketa handiak izan direla: «Egoera berrian gaude».
Aldaketa garai horretan aldundian egon izana «pribilegiotzat» jo du Irizarrek. Adierazi du izendapena ez zela ohikoa izan: alderdien dinamikatik at, euskalgintzako eragileetan aritutako pertsona bat jarri zutela erakundean. «Espero dut halakoak gehiagotan gertatzea». Izena ere aldatu zioten euskara atalari: Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza.
Aurrerantzean ere bidean arituko dela berretsi du. «Kargua utziko dut, baina ez euskaltzaletasuna».
SOSLAIA. Mikel Irizar
Kargua utzi du; «euskaltzale izateari, ez»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu