INCA proiektuaren koordinatzailea

Edoardo Mollona: «Kapitalismo digitalerantz goaz, eta datuak dira kapitala»

Enpresa digital handiek gizartean duten eragina aztertzen ari dira INCAkoak, eta, koordinatzailearen arabera, «oso boteretsuak» dira.

Edoardo Mollona, duela bi aste, EHUren Donostiako Ingeniaritza Eskolan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Edoardo Mollona, duela bi aste, EHUren Donostiako Ingeniaritza Eskolan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2024ko maiatzaren 28a
05:00
Entzun

Europako Batasunak finantzatutako INCA proiektuko ikertzaileak Donostian bildu ziren duela bi aste, eta Elhuyarrek egin zituen anfitrioi lanak, proiektuko kide da eta. «Botereari buruzko proiektu bat da INCA», azaldu du Edoardo Mollonak (Milan, Italia, 1967), INCA proiektuaren koordinatzaileak. Plataforma digital handien boterea aztertzen ari dira; zehazki, Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft enpresena —GAFAM akronimoa baliatuta biltzen dituzte bost enpresa handienak—. Duela bi urte ekin zioten ikerketari, eta beste bi dituzte aurretik. Ekuatorean bildu dira Donostian, eta helburua finduta daukate: «Mundu guztiak dio oso enpresa boteretsuak direla, baina zenbaterainoko eragina dute gure bizitzetan? Galdera horri erantzutea da proiektuaren helburua».

Europako prentsak plataforma teknologiko handiez duen irudiari buruz ikertu duzue berriki. Zeintzuk dira ondorio nagusiak?

Hedabide tradizionalak erabili ditugu ikerketarako —nagusiki, egunkariak eta aldizkariak—, oraindik ere badutelako rol garrantzitsu bat Europako diskurtso publikoaren argazki bat ateratzeko, eta hura ulertu ahal izateko. 2007tik 2022ra bitarte Europako hamazazpi herrialdetan argitaratutako 100.000 artikulu baino gehiago aztertu ditugu, algoritmoak baliatuta. Ondorio nagusia hau da: prentsaren %50ak enpresa teknologiko handi horiei buruzko mezu negatiboa erakusten du. %5ak, mezu positiboa helarazten du, eta gainerakoak neutralak dira.

Zer esan nahi du horrek?

Prentsaren %50 nolabait kezkatu egiten dutela plataforma teknologiko handi horiek. Zehazki, lau alorretan adierazten dute kezka. Lehenik, sare sozialetako jokabide okerrek eragiten dute kezka; adibidez, sare sozialetan gutxiengoen aurka helarazten diren mezu diskriminatzaileek eta sexu abusu digitalak, baita irudien esplotazio sexualak ere. Horrekin lotuta dago bigarren kezka: pribatutasuna. Enpresa horiek erabiltzaileen pribatutasuna urratzeak kezka sortzen du, baita algoritmoen bidez herritarren jokabidean izan dezaketen eraginak ere. Hirugarren kezka politikarekin lotuta dago: gardentasunarekin eta albiste faltsuekin. Laugarrena: enpresa teknologiko handiek diru asko irabazten dute, eta zenbait auzi izan dituzte zergekin lotuta. Beraz, Europako esfera publikoa kritikoa da enpresa teknologiko handiekin.

Informazioa da enpresa horien altxorrik handiena?

Asko idatzi da horri buruz, eta gu geu ere ari gara kapitalismo digitalari buruz ikertzen. Datu forma duen kapitala metatzen duen kapitalismo baterantz goaz. Kapitala metatzeko beste modu bat da. Interneten klik egiten dugun aldiro ematen dugu informazioa. Kontsumorako balio handia sortzen ari dira. Teknologia aurreratua duen hozkailu batek esaten dizu zer duzun barruan eta zer erosi beharko zenukeen. Zure beharretara egokitzen da. Agian aurrerago hozkailuaren bidez egin ahalko da erosketa supermerkatuan. Baina, aldi berean, hozkailu hori zuri buruzko informazioa metatzen ari da: zer kontsumitzen duzun eta zenbatero. Epe luzean arriskutsua izan daiteke.

Ildo horretan, GAFAM enpresek herritarren pribatutasuna urratzen dute?

Arazo handi bat da. Orain hori araututa dago, eta edozein webgunetan sartzean eskatzen dizute haien pribatutasun politika onartzeko.

Ez da ohikoa testu hori irakurtzea, ordea.

Ez, ez dugu irakurtzen normalean. Baina arauen erronketako bat da informazio hori irakurterraza egitea. Orain helburua da herritarrak pribatutasun urraketetatik babestea, eta norabide horretan doa Europako Batasuna. Zerbitzu Digitalen Araudiarekin pauso bat eman du aurrera.

Herritarren eta enpresa horien arteko harremana behar beste araututa dago?

Ez naiz oso optimista, baina Europako Batasunean saiakera batzuk egiten ari dira alde horretatik.

Aztertu beharreko beste harreman bat da enpresa horien eta zergen artekoa. Nolakoa da?

Horrelako enpresa batek haren egoitza jartzen badu zerga baxuak dituen herrialde batean, baina haren salmenta gehienak beste herrialde batzuetan —zerga altuak dituztenetan— egiten baditu, aberastasuna lekualdatzen ari da. Estrategia horiek erabiltzen dituzte, eta, finean, ez dituzte zergak ordaintzen ordaindu behar dituzten tokian. Benetako arazo bat da, eta multinazional guztiek erabiltzen dute estrategia fiskal hori. Enpresa digitalentzako zerga bat ezartzea ere proposatu dute zenbait herrialdetan, baina ez dute arazoa behar beste aztertu.

Zerga politika egiten dutenak politikariak dira. Haiekin lobby lana egiten dute?

Bai. Enpresa horiek hobeto ezagutzen dute teknologia, politikak egiten dituztenek baino, eta informazio transmisio hori badago. Hori ona da. Arazoa zera da: enpresa horiek soilik izan behar dute ahotsa haien eskariak politikariei helarazteko? Zer ondorio ditu horrek? Google, Amazon eta halako enpresak dira Europan diru gehien gastatu dutenak lobby lanean, eta haiek dira politikariekin gehien biltzen direnak, baina gardentasun handiagoa behar da.

GAFAM enpresak Europako Batasuneko politikariekin biltzen direnean, mahaiaren zein aldetan dago botere handiagoa?

Besteen jokabidean eragina izateko gaitasun moduan ulertzen badugu boterea, enpresa teknologiko handiak oso boteretsuak dira. Estatuekin parez pare jarrita, handia da haien boterea. Europako Batasunaren aurrean, orekatuagoa da balantza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.