Kantuz agurtu dute Txato

Aitor Renteria BERRIAko kazetariari azken agurra egin diote Bilbon. Euskararekin eta herrigintza lanekin zuen engaiamendua nabarmendu dute

Aretoa beteta, atez kanpo jarraitu zuten ekitaldia dozenaka adiskidek. M. R. / ARP.
mikel p ansa
Bilbo
2014ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Adiskide bat bazen, orotan bihozbera...» kantatzen hastearekin barrenak inarrosi zitzaizkien beilatokian bildutakoei. Zen bezalako kantuzale eta bertsozalea izaki, adiskide eta senideek kantuz agurtu baitzuten, herenegun, Aitor Renteria Txato BERRIAko kazetaria. Malkoek zotinetan etenda bazen ere, hileta zibilean bildu zirenek Xalbadorren heriotzean, Txoria txori eta Arrosako zolan —Renteriak berak asmatutako hitzak ditu azken horrek — kantatu zituzten. «Gora bihotzak!!» idatzia zuen ekitaldirako atrilean itsatsitako afixak, Renteriaren argazkiarekin. Hilkutxan, xirula ezarria zioten gorpuari. Hur Gorostiagak egunkari honi larunbatean erran zion gisaz, pertsona «alaia, langilea eta baikorra» baitzen Renteria; langilea, gutxi bezalakoa, baina «bizitzen ere bazekien», eta musikarekin eta dantzariekin ekarri nahi izan zuten haren umorearen pitta bat.

Ehunka lagunek bete zuten Bilbaina beilatokiko aretoa, arratsaldeko 19:30erako. Ateetatik kanpo gelditu ziren dozenaka, hala ere. Senide eta lagunez aparte, Berria Taldeko ordezkariak —Beatriz Zabalondo presidentea, Iban Arregi kontseilari ordezkaria, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta dozenaka kazetari—, Euskal Irratietako ordezkariak, Gara-koak... Ezker abertzaleko kide zenbait ere bai —Joseba Permach Sortuko bozeramailea, Jone Goirizelaia abokatua, Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatua, Juan Mari Olano preso egondakoa, besteak beste—. Sorterrira itzultzen hasi diren iheslari ohi asko ere bertan ziren. Eta euskalgintzako kideak, Paul Bilbao Kontseiluko idazkaria esaterako. Jendetza bildu baitzen; asko ezagunak izan arren, gehienak adiskide zirelako bertaratu ziren.

Renteria larunbatean hil zen, Mungian (Bizkaia), bihotzekoak jota. BERRIAko Baionako delegazioburua izateaz gainera, Bertsularien Lagunak elkarteko kide, AEKn aritua eta iheslarien kolektiboko kide ere bazen, besteak beste. Azken agurra egitera joan zitzaizkionen artean sarrien aipatzen zen «galera handia» izan dela. «Sinestu ezinik» jarraitzen zuten gehienek.

Adiskide zerrenda luzearen adibide dira azken egunetan sare sozialetan agertutako dolumin mezuak ere. Atzo bertan Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiaren blogean agur mezu bat argitaratu zuten Renteriarentzat. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ere atzo zabaldu zuen mezua: «Guk, burkide eta askatasunaren aldeko militante zintzo bat galdu dugu; euskararen herriak, langile nekaezin bat. Eta hutsune erraldoi hori betekaitza dela jakinik, haren izena eta izana bizirik atxikitzeko aldarria lau haizeetara hedatzen dugu».

Euskara, herria, askatasuna

Arkaitz Estiballes bertsolariak hasi zuen igandeko agur ekitaldia, Renteriaren «bihotz handia» oroituz. Fermin Valencia kantaria ere han izan zen, gitarrarekin kantuan; «gaur Bilbo negarrez ari da, gaur Euskal Herria negarrez ari da». Joseba Permachek oroitu zuen «han» ezagutu zutela elkar eta Renteria «hemen» hil dela. Euskararekin, herrigintzarekin eta kulturgintzarekin izan zuen engaiamendua gogoratu ondotik, «han eta hemen gauza bera direla erakusteagatik» eskerrak emanez bukatu zuen hizketaldia.

Eta hunkituta hitz egin zuen Martxelo Otamendik ere. Renteria bileratik bilerara ibili ohi zela eta langile nekaezina zela gogoratu ostean, «azkeneko agindu» bat eman zion, oroituz berari aginduak ematea bezainbeste gustatzen zitzaiola Renteriari aginduak ez betetzea: «Hau duk azkeneko agindua: har ezak brotxa bat, eta, ortzean, letra larriz margotu hiru hitz hauek: euskara, herria, askatasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.