Euskal presoak

Kantu gaualdia, Harrera sostengatzeko

Harrerak, euskal preso eta iheslari ohien laguntzeko elkarteak, besteak beste ekarpen ekonomikoak ziurtatzen ditu. Elkartea babesteko, gaualdi berezia antolatu dute biharko, Pagolan. Didier Agerre preso ohiak Harreraren garrantzia aipatu du.

Didier Agerre, ekitaldiaren antolatzaileetako bat. JOANES ETXEBARRIA - IPARRALDEKO HITZA
Joanes Etxebarria.
2022ko otsailaren 11
14:21
Entzun

Pagolan biharko antolatu duten gaualdiari pentsatzean, “segidan” deliberatu zuten Harrera elkartearen alde eginen dela, Didier Agerren erranetan, euskal preso ohiak eta iheslariak laguntzeko. Azken urte hauetan, preso anitz libratuak dira zigorra bete ondotik; ondorioz, Harreraren diru beharrak ere handitu dira. Gastuen gorakadari aurre egiteko, beraz, Harrerak urtero saltzen duen janari saskiaz gain, eta pertsona batzuen ekarpen ekonomikoaz gain, proposamen kultural berriak agertu dira urte hastapen honetan: bertso saio bat izan da berriki Hendaian, eta kantaldia izanen da Pagolan bihar.

Joan den ekainean itzuli zen Didier Agerre bere herrira, Pagolara, hogei urteko presondegi zigorra bete ondotik. ZEN sostengu batzordearen laguntzak bi hilabetez “burua uretik ateratzen lagundu” zion, erran duenez, eta ondotik lan egiteko “deliberoa hartu” zuen. Baina pagolarrak aitortu du garrantzitsua dela Harreraren laguntza. “Beti bada elkartasuna, hori ez da ukatu egin behar, baina bada Harrerak egiten duen lana ere, eta kasu batzuetan, ez dut erranen miseria gorrian direla, baina alimaleko nekeziak dituzte aitzina egiteko”.

Maila juridikoan, osasun sailean eta laguntza ekonomikoa ziurtatzen ditu Harrerak. Presondegitik atera berria denarentzat, edo errefuxiatuarentzat, laguntzaileak bideratzen ditu, batetik: izan administrazioan egin beharreko urrats desberdinetan laguntzeko, edo osasun arrangurei aitzin egiteko, kasu guztietan elkartean laguntza ekar dezaketen pertsonak badirela ziurtatu du Agerrek: “Badira berezituak diren pertsona batzuk eta beti laguntzeko prest direnak”.

Osasun arazoetan badira ohikoak direnak, nornahik dituenak, baina badira eritasun larriak dituzten pertsonak ere. Duela zenbait urte, adibidez, Oier Gomez euskal preso ohiak, dokumental batean, bere lekukotasuna eman zuen Harrerak mediku berezituekin harremanak ukaiten nola lagundu zuen kontatzeko, besteak beste; 2019ko urtarrilean zendu zen Gomez. Gaur egun ere, Agerre preso ohiak dioenez, badira egoera larrian direnak: “Ezagutzen ditut batzuk, sobera publiko egin nahi ez dutenak, eta deabruaren problemak dituztenak”.

Testuingurua ere aldatu da azken urteetan, militanteen adinak aitzinatu arau. “Preso ohiak geroz eta zaharrago dira, eta horiek ere lagundu behar dira. Azken urte honetan, adibidez, badira zahar etxeetan sartu diren errefuxiatu edo preso ohiak, eta horrek kostu bat badu”, zehaztu du Agerrek. Beste egoera batzuk ere aipatu ditu: urte anitzez erbestean, presondegian edo Ipar Euskal Herrian berean egon direnak, hain zuzen. “Bere ingurugiroaren erroak galdu dituztenak dira horiek, eta lansari tipiak edo erretreta tipiak dituztenak —geroz eta gehiago dira—, baldintzak tipituak dituztenak. Bada errealitate hori, eta miseria ere bai”.

Pagolako kantaldia ere, Agerren ustez, “parada bat da oihartzun bat emateko” Harrerak egiten duen lanari. Horregatik, hasiera emateko, elkarteko kide batek eta preso ohi pagolarrak hitza hartuko dute, gaualdia “bozgorailu” ere izan dadin, ez bakarrik musika. Pagolan ariko diren musikari gehienek, gainera, “aitzineko urteetatik urratsak eginak dituzte, eta Lannemezango presondegira hurbildu zituzten”, Agerrek dioenez.

Elkartasuna joan-jinean

Amets Arzallus eta Odei Barroso bertsolariak; Aitor Gorosabel, Xabi Bastida, Mixel Etxekopar, Galtxetaburu, Niko Etxart eta Anje Duhalde musikariak, eta Xiberoots taldea ariko dira herriko gelan, 20:00etan hasirik. Gaualdian ariko diren gehienak egon ziren Agerrekin, preso zen garaian: “Guretako hats baten gisakoak ziren kanpotik horra ziren artista horiek. Egia da guhaurren aldetik, barnetik, lan bat eramaten genuela eta artistikoki hau edo hura lantzen genuela; eta horri esker, inportantzia haboro ematen genuen artista batzuk bisitan horra zirelarik”.

Mixel Etxekopar horien artean zen, eta Musikartzela liburuan plazaratu berri du, ZTK argitaletxean, bizi izan duen esperientzia hori: urteetan joan-jinak egin ditu presondegira, beste artista batzuekin gehienetan. “Gure artera agertzeko eman duten urratsak zinez balio berezi bat hartzen zuen, eta, hats berri bat emateaz gain, momentu goxo bat iragateko parada zen beti”, oroitzen da Agerre.

Su ta Gar taldeko kideak, berriz, Pagolara 1997an joan ziren lehen aldiz, errepikak egitera disko bat prestatzeko. Agerrek hamar urteko kondena bete zuelarik, berriz ere Pagolara itzuli zen taldea, elkartasun kontzertu batean jotzeko. Bihar bi taldekide igoko dira tauladara: Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida.

Didier Agerrentzat, segida ukanen duen saioa da biharkoa. “Data hori istant bat da, baina hortik aitzina beharrak beti hor egonen dira, eta geroz eta handiagoak izanen dira; Horrek erran nahi du halako ekimenak emendatu beharko direla, bide ekonomikoak ziurtatzeko”, nabarmendu du euskal preso ohiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.