Kantu bat gauzak okertzen direnerako

Faxismoaren kontra ausardiaz eta aliatuekin nola egin duten azaldu dute Nati Rufok, Pili Urkiak eta Karmele Santosek. Hain zuzen, hori aldarrikatzen du aurtengo leloak: ‘Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak’.

Nati Rufo, Pili Urkia eta Karmele Santos militante feministak eta antifrankistak, Errenterian. MAIALEN ANDRES
Nati Rufo, Pili Urkia eta Karmele Santos militante feministak eta antifrankistak, Errenterian. MAIALEN ANDRES
gurutze izagirre intxauspe
2025eko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kantuak agertzen dira emakumez osatutako sare, borrokagune eta lantegi askotako kroniketan. Errenteriako (Gipuzkoa) talde feministaren ernamuina jarri zutenen artean ere bai. «Si los curas y frailes parieran, el aborto sería legal, como son de derechas y hombres, no nos quieren dejar abortar» (Apaizak eta fraileak erdituko balira, abortua legezkoa litzateke, baina eskuinekoak eta gizonak direnez, ez digute abortatzen utzi nahi). Edo: «Exijimos derecho al aborto, exijimos derecho a abortar, que sea libre y gratuito, para quien lo quiera realizar» (Aborturako eskubidea exijitzen dugu, abortatzeko eskubidea exijitzen dugu, librea eta doakoa izan dadila, egin nahi duenarentzat). Eta ez zioten kantatzeari utzi, ezta gauzak oso zail eta ilun izan zituzten boladetan ere. 

Karmele Santosek (1947, Errenteria), Pili Urkiak (1955, Oiartzun, Gipuzkoa) eta Nati Rufok (1953, Errenteria) abestu dituzte kantuok, aurtengo Martxoaren 8rako mugimendu feministak hautatu duen leloari tiraka BERRIAk elkartu dituenean. Mugimendu feministaren aurtengo leloa hau da: Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak. Santosen, Urkiaren eta Ruforen bizi ibilbideen laburpena ematen du. Errenteriako mugimendu feministaren sorburuan egon ziren, beste hainbat emakumerekin batera; artean talde feministak osatzeko zeudenean, aitzindari izan ziren.

Ez dute ahazteko 1970eko hamarkadaren amaiera. Franco hil berria zen, alderdi politikoak legeztatzen hasiak zeuden, eta kaleak bor-bor. Giro hartan aktibatu zen mugimendu feminista. Rufo: «Gogoan genituen sufragisten borrokak, Estatu Batuetan egiten ari zirenak, Frantzian 68ko maiatza… Horiek guztiak erreferente ziren hainbat kausatarako, baita gurerako ere». 

Alderdietan militatzen ari ziren ordurako, baina aldarrikapen feministak txertatzeko eskatu, eta gizonezkoek beti geroratu egiten zituzten eskaera haiek: «Aldarri feministak urtu egiten ziren Euskal Herriaren askatasunaren borroka orokor horren barruan». Horregatik erabaki zuten talde feminista bat eratzea.

Antifrankistak feminismoan

Santos: «Egizu kontu frankismo betetik gentozela. Erakutsi zigutena zen emakumeok ezkondu eta haurrak izan behar genituela. Etxe batean semeak eta alabak baldin bazeuden, semeei ematen zitzaizkien ikasketak, alabek ezkondu behar bazuten ez zutela ikasketarik behar pentsatuta. Egoera hartan, borroka antifrankistan sartuta geunden batzuk. Pentsa, kontu korronte bat ere ezin genuen ireki senarraren edo aitaren baimenik gabe!». Borroka antifrankista feminismoan egiten hasi ziren, eta, horregatik, ez zioten frankismoari bakarrik aurre egin behar izan, baita militatzen zuten talde edo erakundeetako gizonei ere.  Urkia: «Gure kideak gizonezkoak eta ezkertiarrak ziren, baina haien bilerak beti garrantzitsuagoak ziren gureak baino». Santos: «Hori da, eta aurre egiten hasi ginen. Hor hasi ziren gure aldarrikapenak. Dibortziorako eskubidea aldarrikatzen hasi ginen, abortatzeko eskubidea, emakumeen aurkako tratu txarrak salatzen…».

Esparru guztietatik iristen zitzaien matxismoa. Urkia: «Ez zen normalena, baina justu guk hirurok enpresetan lan egiten genuen. Jendea sobran zegoenean, esaten ziguten bikotekide gizonezkoa ere lanean baldin bazen emakumea etxera joatea zela normalena, bi soldata genituelako. ‘Nola bi soldata? Nik nirea daukat, lan egiten dudalako’, azaldu behar izaten genuen; horren alde ere borrokatu behar izan genuen». Rufo: «Eta frankismoak inposatutako rolak zeuden: gizonak etxeari eusteko soldata ekartzen zuen, eta emakumeari sumisioa baino ez zitzaion geratzen. Horregatik, lehen aldarrikapenetako bat horixe izan zen: emakume bakoitzak bere soldata edukitzeko eskubidea zuela».

«Zirrikitu matxista bazter guztietan dago, eta horixe eraitsi behar da, horrek feminismoa suntsitu nahi duelako»

NATI RUFO

Hamaika batzar egin zituzten mezu horiek helarazteko. Elkarrekin saretzen eta eusten joan ziren: «Ordurako bagenuen autoestimu pixka bat eta formakuntza pixka bat feminismoan; horregatik hasi ginen gizonei aurre egiten. Emakume batzuk bazeuden oso ideia argiak zituztenak, eta talde baten ernamuina orduantxe jarri zen».

Abortua

1970eko hamarkada amaiera hartan esku artean izan zituzten aldarrikapen nagusietako bat abortu libre eta doakoaren aldekoa izan zen. Santos: «Abortua ez zen legezkoa hemen, baina Iparraldean ez ikusiarena egiten zuten. Bagenekien Miarritzen [Lapurdi] bazela abortuak modu seguruan eta ondo egiten zituen ginekologo bat. Hara deitzen genuenean, ez dut gogoan zer esaten zen, baina klabean hitz egiten genuen. Pentsa: ‘Badituzu piperrak?’ Bai erantzunez gero, joan gintezkeen. Biteri tabernaren aurrean geratzen ginen, 16:00etan. Batzuetan autoa izaten genuen, beste batzuetan ez». Rufo: «Noski, gidatzeko baimena ere oso gutxik zuten, eta autorik ere ez zegoen». Urkia: «Nik banuen gidatzeko baimena, baina etxean auto bakarra zegoen, eta lehentasuna gizonak izaten zuen, haren bilerak beti garrantzitsuagoak zirelako nireak baino».

Santosi askotan egokitu zitzaion abortatzera zihoan emakumearen laguntzaile izatea; harrotasunez kontatzen du, gainera: «Eta bagenituen gizon aliatuak ere. Lan txanden arabera antolatzen ginen. Miarritzera beti arratsaldez joaten ginen. Behin autobusez joatea egokitu zitzaidan, eta joatea, tira, baina  abortua egindakoan itzultzea ez zen erraza. Askotan, andre horiek abortatzen zuten beren gizonak ezer jakin gabe, haur txikiak etxean utzita, edo emakume oso gazteak ziren… eta abortua egin ostean hiru bat eguneko atsedena aholkatzen zuen medikuak. Haiek itxura egin behar zuten gero, ezer pasatu ez balitz bezala!». 

Askori lagundu zien Miarritzerako bidean; astean bitan edo hirutan joaten zen. Gehienetan konbentzimendu osoz egiten zuten emakumeek bidea, baina gogoan du behin ez ziola lagundu bati: «Neska bat gerturatu zitzaidan esanez ea lagundu nezakeen, baina ez nuen oso konbentzituta ikusten. Bikotekidea bai, hark ez zuen haurra izan nahi eta ordainduko zuela zioen, baina emakumea ez nuen horrela ikusten. Uko egin nion laguntzeari: ez bazegoen konbentzituta, ezin nuen eraman!».

Trastelekutik ateratzen

Rufok beste ertz bat ikusi dio gai horri: «Noski, eta haur asko jaio izan dira nahi gabe ere. Frankismotik gatoz, Eliza rolak inposatu nahian jo eta ke, sexualitateari zegokion guztia bekatua zelako, dena trastelekuan ezkutatu ziguten, ez bizitzeko, eta gu hantxe, dena trastelekutik ateratzen, dena tabua zen eta!».

Urkiak bazuen gidatzeko baimena, eta maiz egiten zuen bidea: «Nik ez nuen jakiten nor sartuko zen autoan. Eta behin, ikusi nuenean nor sartu zen, biok zur eta lur geratu ginen. Lankide bat zen, eta lantokian ez ginen ondo moldatzen. Gero asko eskertu zidan eraman izana». 

Nati Rufo, Pili Urkia eta Karmele Santos militante feministak
Pili Urkia, Nati Rufo eta Karmele Santos, berriketan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Diskrezioa, konplizitatea eta konfiantza ezinbesteko bidelagunak izan ziren nahi gabe haurdun geratu ziren emakume haiek modu seguruan abortatu ahal izan zezaten. Herrian jakina zen talde feministaren bidez egin zitekeela hori. Santos: «Dirua zutenek autobusa hartzen zuten Bilbora, gero hegazkina Londresera edo Amsterdamera, eta han egiten zuten. Baina gehienek ez zuten dirurik hura pagatzeko».

Miarritzerako bidea merkeagoa zen, eta segurua. Abortatzen zuenak berak lortzen zuen gehienetan dirua, baina izan zen talde feministak lagundu zuenik ere. Urkia: «Kasuren batean, Elizatik ere, laguntza humanitarioaren poltsatik ere iritsi zen zerbait».

Abortuaren aldeko borrokak luze jo zuen, eta protesta asko egin behar izan zituzten. Rufo: «Haietako batean, lineako autobus bat bahitu genuen. Autobusean sartu, eta gidariari esan genion herri osoan ibiltzeko, guk abortu librearen eta doakoaren aldeko megafonia pasatzen genuen bitartean. Gidariak esan zigun abisua pasatu behar zuela. ‘Ez abisu eta ez ezer’, esan nion, ‘zuk herrian buelta bat eman, eta gero lasai ederrean ospa, ez da ezer gertatuko’. Eta halaxe egin zuen». 

Bidean, beste hamaika borroka gurutzatu ziren, eta, besteak beste, orduan familia planifikaziorako zentroak eskatzen hasi ziren, antisorgailuak zerbitzu publikotik denen eskura jartzeko, medikuntza pribatuan ordainduta ematen zituztelako. Horretan ere aitzindari izan ziren, Errenterikoa izan baitzen lehenengoetakoa. Urkia: «Haurtzaindegiak ere ireki genituen. Han lan egiten zutenak feministak ziren, eta lorpen handia izan zen hura martxan jartzea, emakumeak etxetik kanpoko lanean murgildu ahal izateko».

Batzar feministak eratzeak autonomia handia eman zien gaitegiak eta borroka eremuak identifikatzeko, eta lehentasunak jartzeko. Rufo: «Guk asko hitz egiten genuen gure artean, gure beharrak identifikatzen genituen, ez dira zerutik erortzen, elkarren berri asko genuen. Asko hitz egiten zen gizonek ere ardurak hartzeaz». Santos: «Bai, eta alderdi barruetan militatzen ere nahiko lan izan genuen. Uste dut azkenean behartu genituela pentsaera pixka bat aldatzera, ez genuelako etsitzen gurean».

Gaur egungo begiradaz aztertzen ditu orduko usteak Urkiak: «Pentsa, ni duela 40 urte baino gehiago dibortziatu nintzen gizon ezkertiar jator batengandik. Lehenengoetakoa izango nintzen herrian. Uste duzu zaintza partekatua bazegoela? Hamabostean behin hartzen zuen semea, asteburu batean. Handik hiru bat urtera, esan nion agian gehiago partekatu beharko genukeela. Esan zidan: ‘Bai? Baina hain ondo ikusten dut zurekin!’. Eta ni puztu egin nintzen, pentsatu nuen, ‘ze ona naizen, ezta?’, pentsa! Mugimendu feministan egonda ere, zer pentsaera genuen!».

«Gure kideak gizonak eta ezkertiarrak ziren, baina haien bilerak beti ziren garrantzitsuagoak gureak baino»

PILI URKIA 

Bide luzea ibilita, eztabaida asko eginda, baina gauza batzuk lortu direlakoan dago Rufo: «Entzun dut Emakundek aurten hartu duen leloa [Ni feminista naiz], eta asko gustatu zait; azkenean ez gara marimutilak, bizardunak, itsusiak…». Izan ere, etengabe auzitan jarria sentitu da: «Urte asko daramatzat batzarretan-eta parte hartzen, eta urteek erakutsi didatena da emakumeok esaten duguna esaten dugula ere beti epaituko gaituztela; gizonak, berriz, munduko tontakeriarik handiena esanda ere, txalotu egingo dituztela. Zirrikitu matxista bazter guztietan dago, eta horixe eraitsi behar da, horrek feminismoa suntsitu nahi duelako, eta emakumeak mendean hartu».

Urkiak atzera begiratu du berriro: «Mobilizazio oso indartsuak zeuden; 1970eko hamarkadan eta 1980. urtearen hasiera hartan ia egunero zegoen autobusen bat erreta kalean, mobilizazioak… eta hor igual emakumeak pasiboagoak ginen». Rufo: «Ez, kontua da ez ginela hain agresiboak». Santos: «Horixe bera!». Rufo: «Testosterona erakutsi behar dute beti, hori gertatzen da gaur egun ere».

Indarkeria matxista

Emakume talde antolatua zen, eta herrian emakumeen artean zeuden kezkak jasotzen zituzten. Indarkeria matxistaren berri izaten bazuten, ekintza zuzenera jotzen zuten. Rufo: «Akzio-erreakzioa zen. Emakumeren bat etortzen bazitzaigun esanez bikotekideak edo gizonezko batek gaizki tratatzen zuela, ekin egiten genion». Gizonari buruzko datuak lortzen zituzten, nondik nora ibiltzen zen egunean, eta emakume talde batek inguratu egiten zuen toki jakin batean. «Esaten genion, ‘kontuz, badakigu hau eta hau egiten ari zarela, jakin ezazu emakume hori ez dagoela bakarrik, defendatu egingo dugula’». Santos: «Bai, behin topoaren irteeran itxaron genion bati, eta Natik [Rufok] begietara botatzeko esprai bat zeukan, azkenean denoi bota zigun! Kar-kar!». Rufo: «Ez nekien nola erabiltzen zen eta!». Urkia: «Kar-kar! Izuak jota geunden, e!». Baina ausardiarik ez zuten falta.

«Izu ikara barreneraino sartuta geneukan, baina horrek ez gintuen paralizatzen»

KARMELE SANTOS

Kasu hartan, gogoan dute nola emakumea etsita zegoen bikotekide zuen gizonarekin. Santos: «Ez zion bizitzen uzten, autoko gurpilak zulatzen zizkion, mehatxuak egin… Gu tren geltokira joan ginen gizonari esatera gelditzeko horrela jokatzetik, eta gizona harrotu egin zen, aurre egin zigun; orduan, Natik [Rufok] espraia atera zuen, haizea zebilen, eta denak begiak gorrituta atera ginen handik! Udaltzaina ere etorri zen, eta gizonak salatu egin gintuen. Epaiketa ere izan genuen». 

Auzia ez zen ezertan geratu. Urkia: «Baina eraginkorra izan zen. Emakumea etorri zitzaigun eskertzera, azkenean bakean utzi zuelako».

Rufo: «Beste batean, udaletxea garbitzen zuen emakume bat etorri zitzaigun esanez gizonak egurtu egiten zuela. Bagenekien gizona egunero osasun etxetik pasatzen zela, eta han elkartu ginen dozena bat emakume gizon hari aurre egitera. Denak izututa geunden, nerbioak jota, baina ausart, eta hasi ginen esaten gizonari bagenekiela andrea jotzen zuela, momentuan inprobisatzen genuen esan beharrekoa, eta niri atera zitzaidan: ‘Gainera, zu burusoila zara!’ Kar-kar! Baina zer ikusi ote dauka! Bueno, horrek ere emaitza ona izan zuen, bakean utzi zuen».

Hainbat bortxaketa egin zituen gizon baten berri ere izan zuten. Ekintza hartara emakume asko makila eta guzti bildu zirela kontatu dute. Halako batean, auzo bateko taberna batean zegoela jakin zuten; hara joan zirenerako, ordea, norbaitek abisua eman zion, eta ospa egin zuen. Udaletxera jo zuten gero, eta eskatu zuten persona non grata  izendatzeko, eta lortu zuten hori ere. Ez zen gehiago azaldu herrian.

Rufo: «Gero bazen beste bat, Oriokoa, andreak jo eta bortxatzen zituena; nik Donostiako asanbladan izan nuen haren berri. Jakin genuenean Orion zegoela, talde sendo bat elkartu, eta hara joan ginen. Kartelak genituen haren aurpegiarekin, andreen kontra egiten zituenak salatzeko, eta, kola poteekin kartelak paretetan jartzen ari ginela, jakin genuen udaletxean zela. Hara joan ginen, eta hara non ateratzen den bera. Hasi ginen builaka, zer egiten zuen salatuz, eta hark ezetz, guk baietz, bagenekiela batek baino gehiagok hala esanda eta bat eta beste… Azkenerako, hari kola potea burutik behera bota! Kar-kar!».

Santos: «Badut beste bat gogoan, ez naiz izenarekin akordatzen, pentsa: ‘Pepito Gonzalezek, 5. pisuan bizi denak, andrea jotzen du’. Gizona taxista zen, eta gauean taxisten gremioa pasatzen zen, eta kartelak kentzen zituen. Biharamunean berriz jartzen genituen, berriz kendu, eta berriz jarri. Horrela ibili ginen».

Motibazio politikokoak

Mobilizaziorik jendetsuenak, dena dela, motibazio politikoko bortxaketekin lotutakoak izan zirela kontatu dute. 1979ko azaroaren 14tik 1980ko maiatzaren 7ra motibazio politikoko bederatzi bortxaketa, bi hilketa eta hainbat eraso saio izan ziren Errenteria aldean. Eraso bakoitzean bi edo hiru gizon armatuk parte hartu zuten: autoz eramaten zituzten neskak babesik gabeko lekuetara, ideologia politikoari buruzko galdeketak egin, eta zigorgabetasun osoz jarduten zuten; batzuetan, GAEren (Espainiako Talde Armatuak) edo BVEren (Batallon Vasco Español) izenean bere gain hartzen zituzten erasoak. Hasi ziren moduan amaitu ziren, sei hilabeteren buruan. Guztiek izan zuten jarduteko modu bera, garai eta toki bertsuan. 

Mobilizazio oso jendetsuak izan ziren bolada hartan. Gipuzkoa osotik joan zen jendea protestetara. Rufo: «Horrek guztiak indartu egin gintuen; elkartu eta mugimendu feminista sendotu zuen. Kalean ibilbideak egiten genituen 20:00etatik 23:00etara, eta manifestazio oso jendetsuak kalea gurea zela aldarrikatzeko». Santos: «Izu-ikara barreneraino sartuta geneukan, baina horrek ez gintuen paralizatzen».

Urkiak badu gogoan beste emakume talde bat: «Eta gero zeuden atsuak komandokoak. Haiek bai  emakume gogorrak! Gu baino zaharragoak ziren. Grisen edo polizien furgonetetan atxilo zeuden herriko seme guztiak handik ateratzen zituzten, hori ausardia!». Rufo: «Egunero zen. Fabrikatik bat kanporatzen bazuten, denok kalera ateratzen ginen».

Askatasun sexualaren aldeko borroka ere garatu zuten garai hartan. Lesbianentzako lehenengo batzordeak orduan sortu zituzten: lehenik, mugimendu feministaren barruan, lesbianek euren aldarrikapen propioak garatu zituzten; gero, Gipuzkoako Lesbiana Feministen Kolektiboa osatu zuten. Atzetik etorri ziren Bizkaikoa, Arabakoa eta Nafarroakoa.

Rufok, Urkiak eta Santosek hamaika bilera, borrokaldi eta gatazka konpartitu dituzte, kantatzeaz ahaztu gabe. Bizialdi osoa borroka feministan eman ostean, bidea egin dela pentsatzen dute, baina etorkizunari mesfidantzaz begiratzen diote. Rufo: «Hemen dena borrokaren bidez lortu da, eta hori mantendu egin behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.