Kantabriak ez du astelehenean irekiko muga

Kantabriako Gobernuak ekainaren 22ra atzeratu du mugen irekiera, Basurtuko ospitaleko agerraldiaren ondorioz. Halere, Revillak ez du baztertu hilaren 19an baimentzea.

Ertzaintzaren kontrol bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO, FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko ekainaren 11
12:40
Entzun

Kantabriako Gobernuak ez dio baiezkoa eman astelehenean Bizkaiko muga irekitzeari. Kantabriako Osasun Sailak eginiko txostena oinarritzat hartuta, Bizkaiko eta Arabako ospitaleetako agerraldiek eragin dute Kantabria aurka agertzea, batez ere Basurtuko ospitalekoak —25 kasu baieztatu dituzte—. Beraz, Nafarroako Gobernuak erabaki bezala, Kantabriak ere ekainaren 22ra atzeratuko ditu erkidego arteko joan-etorriak. Orduan, bertan behera geratuko dira erkidego batetik bestera ibiltzeko debekuak.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk nahi zuen astelehenean irekitzea EAEk Nafarroarekin, Kantabriarekin eta Errioxarekin dituen mugak. Berdin pentsatzen zuen Kantabriako presidente Miguel Angel Revillak ere, turismoa bultzatzeko asmoz; izan ere, joan-etorriak hirugarren fasea hastearekin batera baimentzearen aldekoak ziren biak. Espainiako Osasun Ministerioak baztertu egin zuen aukera hori.

Orain, Kantabriako Gobernuak atzeratu egin du beste astebete. Pablo Zuloaga gobernuaren bozeramaileak eman du erabakiaren berri, gobernu kontseiluaren bilera amaitu ostean, eta adierazi du «asmatu» egin dutela erabakiarekin. Atzo Errioxako eta Nafarroako gobernuek hartutako bide beretik jo dute. Revillak, ordea, ez du baztertu ekainaren 22aren ordez 19an irekitzea, betiere Bizkaiko eta Arabako ospitaleetako egoerak hobera egiten badu.

Kantabriako presidenteak azaldu du «arduragabekeria»  litzatekeela aldebakarreko erabaki bat hartu eta joan-etorriak baimentzea. Halere, ez da oso gustura agertu erabakiarekin: «Astebete lehenago edo geroago egiteak ezin du gauza asko asko aldatu». Haren ustez, «arriskutsuagoa» da 22an gerta daitekeena, bigarren fasean dauden erkidegoak zuzenean igaroko baitira «normaltasun berrira», hirugarren faserik gabe.

Goizean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak adierazi du Jaurlaritzak ez duela «presarik» hurrengo fasera igarotzeko. ETB1en eginiko elkarrizketa batean, azaldu du «zer gertatzen ari den kontuan hartuta eta Basurtuko eboluzioa nolakoa den ikusita» erabakiko dutela hirugarren fasearen amaiera aurreratu edo ez. Halere, sailburuak uste du Basurtuko ospitalean atzemandako agerraldia «kontrolpean» dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.