Kanpoko publizitatea murrizteko eskatu diote Euskal Elkargoari

Publizitatea Geldi kolektiboak bederatzi neurri proposatu dizkio Euskal Elkargoari, erakundea kanpoko publizitate gune eta euskarrien araudia berritzen ari baita. Araudia 2025eko uztaileko adostu nahi luke.

Publizitatea Geldi kolektiboko kideen agerraldia, Baionako herriko etxe aitzinean. I.E.
Publizitatea Geldiko kideen agerraldia, gaur, Baionako herriko etxe aitzineko autobus geltokian. I.E.
Iñaki Etxeleku.
2024ko abenduaren 4a
16:00
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoa duela lau urte hasi zen Herriarteko Publizitateari Buruzko Tokiko Araudia eztabaidatzen. Ipar Euskal Herriko 158 herrientzat publizitate eremuak finkatu eta euskarrien erabilpena arautuko duen dokumentua da. 2025eko uztaileko bururatu gogo du, 2026an bozkatzeko alde bat. Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboak badu urteak ari dela arautegi hori zorroztearen alde borrokatzen, publizitateak herritarrei ekarri kalteak gelditzeko —kolektiboak talde hauek biltzen ditu: CADE, Bizi, Paysages de France (Frantziako Paisaiak) eta Resistance a l’Agression Publicitaire (Publizitatearen Erasoari Buru Egin) ingurumen elkarteak—. Elkargoarekiko elkarrizketen lehen aldian parte hartu du. Kolektiboak dio kanpoko publizitatea «zinez azkarki ttipitzeko nahikaria» adierazi dutela hautetsiek, baina damugarria zaio, ele horiek «ez baitira konkretuki agertzen» araudi berriko «norabide orokorren testuetan». Horregatik, Euskal Elkargoak elkarrizketa tailer bat egitekoa zuelarik gaur, publizitatearen kontrako herritar taldeak bederatzi proposamen egin dizkio araudi berrirako.

Publizitatea Geldi taldea 2019an sortu zen, «kanpoko publizitatearen presioari buru egiteko», Elise Ayrault kideak oroitarazi duenez. Desobedientziazko ekintza ez-bortitz andana badu jada buruturik, gauez eta egunez, publizitateen salatzeko. Adibiderako, joan den neguan, autobus geltoki bateko publizitate argiztatu bateko argindarra erabili zuen salda berotu eta karrikan banatzeko. Modu horretan, erakutsi nahi zuen «zinez beharrezkoak» diren eginbideetarako balia daitekeela publizitatean ezartzen den dirua. Horrez gain, kanpoko publizitatearen kontrako agiria badute eskutan, 3.600 herritarrek izenpetua.

Taldeak, araudi berrirako bere neurri proposamenen aurkezteko, Baionako Herriko Etxearen ate aitzineko autobus geltokian emana zion hitzordua prentsari. «Hemen aurki daitezke publizitateak, alta monumentu historikoen ikusmen eremuetan debekatua delarik», erran du Ayraultek. Baina Baionako Udalak hitzarmena dauka JC Decaux publizitate euskarrien arloko enpresarekin, eta legeak baimentzen dituen salbuespenak onartzen dizkio. «Hori adibide bat da, baina beste salbuespen anitz ateratzen ahal dira», deitoratu du ekintzaileak. Preseski, salbuespenak bukatzea galdegin du ingurumen taldeak.

Publizitatea Geldik oroitarazi du nolako kaltea egiten duen bai ingurumen ikuspegitik eta bai publizitateak garraiatzen duen gizarte ereduari begira. «Publizitateak estereotipo eta jokaera anitz indartzen ditu: mendekotasunak, gehiegizko kontsumoa, genero estereotipoen eta sexismoaren indartzea, berotegi efektuko gasak isurtzen dituzten produktuen sustapena eta abar», adierazi du Ayraultek. Gehitu du bereziki «forma bortitz eta intrusiboak» direla publizitate argiztatua eta pantailetakoa. Gehiago dena: salatu du «finantza baliabide handiak dituen enpresa gutiengo batek» sustatzen duela publizitatea.

Elkargoaren kontraerranak

Ingurumen taldeak Elkargoari erakutsi nahi dio, gainera, erakunde publiko horrek berak finkatu politikekin kontraerranean daudela publizitateak zabaldu «normak eta jokabideak». Besteak beste, «gehiegizko kontsumoa bultzatzen du» publizitateak, eta Elkargoak bozkatu Klima Planaren kontra doa hori, taldearen ustez. Halaber, Lurralde Elikadura Proiektuaren aurka doa publizitateak «bultzatu janari txarra eta laborantza intentsiboa».

Euskal Elkargoko hautetsiek elkarteen aitzinean errana dute estatuko araudiak baino arau murriztailegoak aplikatzen diren eremu bat edo gehiago definituko dituztela araudi berrian. «Ikus eta sinets», diote Publizitatea Geldikoek. Kolektiboko eta CADE ingurumen elkarteko kide Bernard Martik oroitu duenez, hitz ederrak entzun izan dituzte lehenago ere, eta ikusi nola jaten zituzten ondotik. Aitzineko Euskal Kosta-Aturriko elkargoko publizitate seinaleen araudia segitu zuten, konparazione. «Baiona, Angelu, Miarritze, Bokale eta Bidarteko hiriak biltzen zituen araudiak, eta babesteko asmo berak aipatu zituzten; baina, hondarrean, publizitate euskarriak —digitalak barne— handizki emendatu zituzten». Ondorioz, kolektiboa «guziz erne» egonen da Euskal Elkargoak abiatu araudi berriaren bidean.

Kolektiboak aitzinatu bederatzi proposamenetan, puntu nagusi batzuk agertzen dira: Ingurumen Kodea urratuko luketen salbuespenak kentzea, gune jakin batzuk publizitaterik gabeko gune izatea, pantaila publizitate eta euskarri argiztatuak debekatzea, eta garraio mota anitzeko gurutzabideak publizitateetarik begiratzea.

 

ARAU ETA EREMUEN FINKATZEKO KOLEKTIBOAK EGIN bederatzi NEURRI PROPOSAMENAK

  1. Publizitateen Araudi Nazionala baino babesleagoa litzatekeen herriarteko araudia egitea. Ingurumen Kodea saihestuko luketen salbuespenak debekatuz.

  2. Publizitatetik osoki babestuak diren eremuak finkatzea: ikastetxe inguruak, hirietako alde zaharrak, hiri sartzeak, eremu naturalak.

  3. Publizitate argiztatuak debekatzea (barne, publizitate pantailak).

  4. Argizko idazkun digitalak debekatzea.

  5. Leihoetako iragarki digitaletan finkoak ez diren irudiak debekatzea. Irudi finkoak metro koadro batetik pekoak izatera behartzea.

  6. Eremu arautuak molde sinplean finkatzea: 0 eremua = publizitaterik gabeko eremua; 1 eremua = hiriguneetan bizitegiak nagusi diren eremuak; 3 eremua = hiriguneetako industria eta merkataritza eremuak.

  7. Iragarki taulak bi metro koadrora mugatzea.

  8. Bidegurutzeak 75 metroko inguruan babestzea (ibilgailuak, oinezkoak eta txirrindulariak gurutzatzen diren guneak).

  9. Hiri-altzarietan, zirkulazio informazioaren aldean publizitatea ez dela lehentasuna oroitaraztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.