Ricardo Peña. Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea

«Kanpoko kaia aukera bat da, baina gaur egun ez da bideragarria»

Jaizkibelgo itsaslabarren morfologia kontuan hartuta kanpoko kaia eraikitzeak «asaldurak» eragingo lituzkeela onartu du Peñak.

ainara arratibel gascon
Pasaia
2013ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Pixkanaka» ari da kargu berrira egokitzen Ricardo Peña, Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea (Zumaia, 1953). Orain arte «politikoki zuzena» kanpoko kaiaren alde egitea zela onartu du. «Egungo portuak balio ez zuelako argudioa erabili da kanpoko kaia eraikitzea justifikatzeko»,

Sei hilabete daramatzazu Pasaiako Portuko Agintaritzako presidente moduan. Zein balorazio egiten duzu hilabete hauetaz?

Pixkanaka joan naiz egokitzen. Asko ikasi dut, eta ohartu naiz zein konplexutasun duen halako erakunde batek. Interes eta pertsona asko daude. Espero dut ikasten ari naizena baliagarria izatea, ondoren erabaki egokiak hartzeko.

Konplexutasun horren adibide da kanpoko kaia egiteko proiektuaren egoera. Duela urtebete eman behar zuen Espainiako Ingurumen Ministerioak kanpoko kaia egiteko egitasmoaren ingurumen baimenari buruzko txostena. Urtebete igaro da, eta ez dago berririk. Zertan da proiektua?

Ingurumen Ministerioaren erantzunik ez dugu. Guk prozesuarekin jarraituko dugu, baina lasai. Egungo baldintzetan kanpoko kaia gauzatzea oso zaila da. Aukera gutxi ditu aurrera egiteko

Zergatik jarraitu behar duzue orduan tramiteekin?

Azken urteetan jende asko ibili da proiektu honen inguruan lanean. Lan hori ezin da egun batetik bestera hankaz gora jarri. Kanpoko kaia aukera bat da, baina orain ez du bideragarritasunik.

Zuen planteamenduak, beraz, bat datoz EAJren eta PSE-EEren arteko itunean jasotakoarekin?

Arduraz jokatu behar dugu, eta herritarrei egia esan behar diegu. Orain, proiektua ez dago justifikatuta, batez ere egoera ekonomikoarengatik.

Egoera ekonomikoa hobea balitz, kanpoko kaiaren proiektua babestuko zenukete?

Bai, baina arrazoituta egon beharko luke. Hemen historikoki salgaien urteko batez besteko trafikoa lau milioi tonakoa izan da. Aurten, 2,6-2,7 milioi tonatan amaituko dugu urtea. Hori kontuan hartuta, egungo portuak duen dimentsioa nahikoa da. Ondo erantzuten die Gipuzkoako enpresek dituzten beharrei. Kanpoko portuak askoz salgai gehiago mugitzeko gaitasuna izango luke. Datuak kontuan hartuta, ez du justifikaziorik.

Jaizkibelen eragingo lituzkeen ondorioak kontuan hartuta, ingurumen baimena jasoko duela uste duzu, dena den?

Ikerketa asko egin dira, eta egia da asaldura asko eragiten dituela proiektuak. Egitasmoaren morfologia eta Jaizkibelgo itsaslabarren formak kontuan hartuta, asaldura asko eragiten dira. Beraz, aurrera jarraitzekotan aldatu beharko litzateke egitasmoaren morfologia.

Trafiko datuak, egoera ekonomikoa eta ingurumen eragina kontuan hartuta, aurreko agintaritza eta hainbat alderdi ez al dira itsutu proiektuaren alde egiten?

Nik ez dut nahi inor epaitu. Lehen kanpoko kaiaren proiektuaren aldeko diskurtsoa zen nagusi. Alde egotea zen politikoki zuzena.

Duela aste batzuk, EHUko Udako ikastaroetan esan zenuen kanpoko kaia ez eraikita ere egungo azpiegiturak lehiakorra izan behar duela aurrerantzean ere. Zertan ari zarete hori lortzeko?

Orain arte zentral termikoa zegoen lekuan kontainerrentzako terminal bat jarriko dugu. 2015erako prest egotea espero dugu. Estatuan kontainerrak mugitzen ez dituen portu bakarra Pasaiakoa da.Terminalarekin espero dugu enpresa berriak erakartzea. Ipar Euskal Herrian ere hainbat kudeaketa egiten ari gara, lekaleak eta abar hemendik ateratzeko. Terminalak martxa hartu ahala, urtean 50.000 kontainer garraiatu ahal izango dugula uste dugu. Espero dugu enpresek gure aldeko apustua egitea. Bestalde, guk geuk hartu behar dugu trafiko berriak erakartzeko ardura. Ezin dugu portuan lan egiten duten eragileen bizkar utzi ardura hori, orain arte egin den bezala. Dagoeneko Merkataritza Departamentu bat sortu dugu horretarako.

Neurri horiek hartuta, egungo portua lehiakorra balitz, zentzua izango luke etorkizunean kanpoko kaia eraikitzeak?

Egungo portua harribitxi bat da; txikia, baina nahikoa Gipuzkoarentzat. Beti erantzun die hemengo enpresen beharrei. Zaindu, bultzatu eta hobetu egin behar dugu. Baina zehaztu ditugun neurriak hartuta ere lau milioi tonatara ez gara iritsiko hemendik bost urte arte. Hori litzateke lehiakorra izatea.

Aurreko presidenteak, Lucio Hernandok, beti defendatu zuen kanpoko kaia eraiki gabe ezinezkoa zela Pasaiako badia biziberritzea eta portua lehiakorra izatea. Horrela dela uste duzu?

Ez. Niretzat hori esatea oker bat izan da. Hori defendatuta, kanpora begira portuaren inguruan eman den irudia kaskarra izan da. Egungoak ez duela balio erabili da argudio moduan, kanpokoa eraikitzea justifikatzeko.

Zein ekarpen egin nahi diozue zuek badiaren biziberritzeari?

Guk elkarlanerako zubiak eraiki nahi ditugu erakundeekin, horretan laguntzeko. Pasaiako alkatearekin maiz hitz egin dut, eta ulertzen ditut berak aldarrikatzen dituen gauza asko. Uste dut berak ere ulertzen dituela nik aldarrikatzen ditudan beste batzuk. Gure ustez, ezinbestekoa da Herrera Iparraldean eta Mendebaldean hirigintza eraldaketa bat egitea. Aukera ezin hobea dugu elkarlanaren bidez hori lortzeko.

Pasaiako Udalarekin duzuen harremanaz hitz egin duzu. Aldundiarekin nolakoa da harremana? Hura ere kanpoko kaiaren proiektuaren aurka agertu da.

Astelehenean egingo dugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lehen bilera. Zubiak eraikitzeko garrantziaz ohartaraziko diet. Alde horretatik, nire planteamendua gardena izango da. Izan ere, ditugun baliabideak eta indarguneak aprobetxatu behar ditugu. Bi aldeek argi izanda egungo portua indartu behar dugula, eta jakinda hurrengo urteetan trafiko galerak izango ditugula, aztertu behar dugu zein bide ditugun bestelako diru sarrerak lortzeko.

Nolako harremana eta elkarlana duzue Bilboko Portuarekin? Eta Baionakoarekin?

Baionakoekin hartu-eman batzuk izan ditugu. Bilbokoarekin, berriz, dagoeneko landu dugu elkarlanerako dokumentu bat. Espainiako Gobernuak, ordea, ez du onartu. Horrek ez du esan nahi bazterrean utzi behar dugula. Hilabete honetan bertan beste bilera bat egingo dugu, elkarlanaz hitz egiten jarraitzeko. Bilboko Portua Pasaiakoa baino hamar aldiz handiagoa da. Urtean 600.000 kontainer mugitzen ditu. Nik uste guri batzuk uzteak ez diela ondoriorik ekarriko. Batez ere, Gipuzkoako enpresenak. Egokia litzateke. Ikuspegi nazional eta abertzale batetik, zergatik ez elkarri lagundu? Zerbitzu nautikoak oso garesti ateratzen zaizkigu, lana izan edo ez izan hor egon behar dutelako. Kostua murrizteko, lagungarria litzaiguke elkarlana.

Zein balorazio egiten duzue Jaizkibiak egindako lanaz,kontuan hartuta bertan parte hartzen zuten erakundeek desegitea erabaki dutela?

Jaizkibia Pasaiako badia biziberritzeko helburuarekin sortu zen. Hirigintzari lotutako biziberritze bat proposatzen zuen, kanpokokaiaren erakuntzari lotuta. Baina, bertan parte hartzen ez genuenez, gu ez gara erabakian sartzen. Egingo dugun bakarra da eskatu Jaizkibiak ordaintzeko gurekin duen zorra.

Zentral termikoa eraisteko prozesua zertan da?

Ikatza uzten zuten gunea urte amaierarako eraitsiko dute, eta, ondoren, barrukoarekin eta tximinia handiarekin jarraituko dute. 2015ean jarriko dugu martxan kontainerren terminala.

Lezo-Gaintxurizketa plataforma logistikoarekin zer gertatuko da?

Hori ere airean dago, eta proiektuaren inguruan zalantza asko daude. Batzuek diote azpiegitura baliotsua izan daitekeela, eta, besteek, kontrakoa. Nik ez dut iritzi garbirik. Ematen du ona izan daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.