Koronabirusaren eta hari aurre egiteko neurri murriztaileen ondorioz, presoek behin eta berriro izan dute mugatua kanpoarekin komunikatzeko eskubidea. Izan ere, bisean bisekoak maiz eten dizkiete, eta bisiten ondotik berrogeialdiak egin behar izaten dituzte. Sarek eta Etxerat-ek eskatu dute eten ditzatela «komunikatzeko eskubidearen» urraketa horiek: «Bada garaia eskubide hori berreskuratzeko, familia loturari eusteko, modu humanizatuan jokatuz». Jakinarazi dutenez, asteon euskal presoen senideek gutunak bidali dizkiete espetxeetako zuzendariei, horixe eskatzeko. Salatu dute, gainera, presoen urruntzeak zaildu egiten duela arazoa.
Atzo eguerdian Gasteizen eginiko elkarretaratze batean ohartarazi zuten Etxerat-ek eta Sarek egoera hortaz, Arabako Salhaketa elkartearen babesarekin. Adierazi zuten gizarteak ezin diola «uko» egin presoen osasunerako eskubideari, eta eskatu zuten lehentasuna eman diezaiotela haien osasun baldintzak hobetzeari, «COVID-19ari dagokionez ez ezik, osasunaren arlo guztietan» ere. Bertzeak bertze, eskatu zuten galdutako komunikazioak berreskuratzeko, antigeno testak masiboki egiteko, kasu positiboak daudenean berrogeialdiak egiteko leku «nahikoa» prestatzeko eta halakoak gertatzen direnean telefono bidezko komunikazioa «gutxienez» errazteko.
Ramada, berriz espetxera
Atzo arratsaldean Etxerat-ek jakinarazi zuenez, berriz, Francisco Jose Ramada euskal presoari alta eman zioten atzo, eta Martuteneko kartzelara itzularazi dute (Donostia). Bihotzeko arazoak ditu.
Kanpoarekin komunika daitezen
Presoei ezartzen dizkieten murrizketak eteteko eskatu dute Gasteizen. Francisco Jose Ramada kartzelara itzularazi dute, alta emanda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu