Bizkaiko Foru Aldundiak 2018ko maiatzean jakinarazi zuen azken urteetako egitasmo handienetako bat: bi tunel erraldoi, ibilgailuak bertatik pasatu ahal izateko, Bilboko itsasadarraren bi aldeak lotuz —Getxoko Artatzako biribilgunetik Portugaleteko Ballontiko biribilgunera, itsasadarraren azpitik—.
Proiektuaren kontrakoek —Subflubialari Ez plataforman bilduta daude—, kanpaldia egingo dute asteburu honetan, proiektuak eragingo dituen kalteak salatzeko, Leioako Artatzako parkean. Kontzertuak, bertso saioak, hitzaldiak eta abar antolatu dituzte.
Haien esanetan, obrek Artazako parkeko 3,5 hektarea inguru hondatuko lituzkete, Artatza-Romo institutuko patioaren zati bat hartuko lukete, zarata eta kutsadura eragingo lukete... Dirua xahutzea iruditzen zaie halako azpiegitura batean 450 milioi euro baino gehiago gastatzea, eta autoaren erabilera murriztu beharrean sustatu egingo duela nabarmendu dute, «proiektuan bertan onartzen baitute ibilgailuen kopurua %33 handituko dela». Klima larrialdiari aurre egiteko behar denaren «kontrako neurria» iruditzen zaie: «Energia eta material eskasia gero eta handiagoa den honetan makroegitura berriak eraikitzea trantsizio ekologikoaren eta zentzu komunaren aurka doa».
Halako azpiegitura bat egin beharrean garraio publikoari eta bizikletaren erabilerari lehentasuna emateko eskatu dute.