Iritsi da amaierara Europako Parlamenturako bozen kanpaina ere, eta hasi bezala bukatu da. Alderdiek euren mezuak nabarmentzeko baliatu dituzte azken ekitaldiak, eta, horietan, eskuin muturraren gorakadaren arriskua izan da elementu nagusietako bat igandean parte hartzeko deia egiteko. Gasteizen eta Bilbon izan dira ekitaldi gehienak; Nafarroan, berriz, Iruñea hiriburua izan da gehienen azken geralekua.
EAJ
Europari ere zerbait «eskaini»
Bilbon egindako ekitaldian, EAJk irudikatu nahi izan du hura dela «euskal zazpi lurraldeetan» aurkezten den alderdi bakarra. Hala, CEUS zerrendako hautagaiez gain, han izan da Gracianne Mirande Ekologia Positiboa eta Lurraldeak zerrendako kidea ere. Hark «Europa justuago» baten zein «lurralde eta nazioen arteko Europa federal baten» alde egin du. CEUSen zerrendaburu Oihane Agirregoitiak, berriz, «Europa berdinzale eta eraldatzailea» defendatu du: «Segi dezagun Europa denon artean eraikitzen».
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, atzera begira, nabarmendu du EAJren ordezkariek «herrien Europaren eraikuntzan» izandako rola: «Agirre lehendakariaren hitzak gogoratuko ditut: ‘Esan Europari Euskadi zutik dagoela’». Eta gehitu du orain ere asko dagoela jokoan, eta, «muturrekoen eta populismoen» aurka, aukera «zentral eta zentratu» gisa definitu du eurena. Hala, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak deia egin du: «Igandean bozkatu egin behar da». Besteak beste, Europan konpondu behar delako nazio auzia, «Euskadiren aitortzaren, bere hizkuntzaren auzia». Baina gehitu du EBri ere zerbait «eskaini» behar zaiola: «Egonkor egin behar dugu. Horretarako, Euskadik ordezkaritza sendoa behar du».
EH Bildu
«Borroka» eguna
Arabako hiriburutik Estrasburgora begira jarri da Pernando Barrena Orain Errepublikak zerrendako kidea: «Ziur gaude emaitza onak lortuko ditugula ultraeskuinari modu eraginkorrean aurre egiteko, eta arduraz hartzen dugu Euskal Herri osoa eta bertako herritar guztiak Europan ordezkatzeko lana». Hain zuzen, Barrenak azaldu du konpromiso horien alde «borroka» egiteko eguna dela igandekoa: «Gure herria ordezkatzearen eta bere zaintzearen erronkari aurre egiteko prest gaude». Hala, defendatu du «zero kilometroko ezkerra» dela EH Bildu, «herri ikuspegiarekin» eta «jarrera antifaxistarekin» jardungo duena.
Hain zuzen, Bakartxo Ruiz zerrendakideak eta koalizioko buru Arnaldo Otegik ere eskuin muturrari aurre egiteko tresna gisa aurkeztu dute koalizioaren aldeko botoa. Ruizen esanetan, «intrantsigentziari, autoritarismoari eta eskubideen ukapenari aurre egiteko botoa» da EH Bildurena: «Hauteskundeak ere balio dute borroka ideologikoa eta kulturala egiteko». Otegik, berriz, azaldu du bozak abagune bat direla Euskal Herria «nor den eta nolakoa den» erakusteko. Hala, «ezkerreko subiranista guztiei» dei egin die «PPVox garaitzera», helburu gisa jarrita Hego Euskal Herriko botoekin eserleku bat bermatzea; hala bada, Barrenari europarlamentari izango litzateke legealdi osorako.
Alderdi Sozialista
Motozerrarik gabe
PSE-EEko kideek ere Gasteizen amaitu dute kanpaina. Han, Idoia Mendia hautagaiak Bruselara joateko erabakia defendatu du, baina gehitu horrekin ez duela utziko euskal politikagintza: «Bruselara eramango dut euskal agenda». Horrekin batera, botoa eskatzeko aldarri nagusia ultraeskuinari «balazta» jartzeko xedea izan da. Hain zuzen, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak azaldu du «inoiz ez bezala» defendatu behar dela EBren «eredu soziala», «motozerradun eskuin erradikalari» aurre eginez. Eta gehitu alderdi abertzaleak baztertuz egin behar dela hori: «Ez da asmatutako errepublikez eta subiranotasunez hitz egiteko ordua».
Elena Santxo hautagai nafarrak, berriz, etxean amaitu du astea, Ribaforadan. Azken ekitaldian, besteak beste, Maria Txibite Nafarroako presidentearen babesa izan du. Biek ala biek «demokrazia eta berdintasunean» irabazteko botoa eskatu dute, eskuinaren arriskuen aurrean.
PP
Sanchezi «min emateko»
Alderdi Popularrak Gasteizen egin du azken ekitaldia, baina aurrez Bilbon izan dira alderdikideak. Han, Javier Zarzalejos eta Carlos Iturgaiz PPren hautagaiek alderdiak Espainiako Kongresuan duen eledun Miguel Telladoren babesa jaso dute. Telladok argi azaldu du euren aldeko botoa emateko arrazoia: «[Espainiako gobernuburu Pedro] Sanchezi min handien egiten diona da». Zergatik? Haren ustez, Alderdi Popularraren garaipenak legealdia «moztu» dezakeelako Espainiako Gorteetan. Diskurtso hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoako testuingurura egokituz, Zarzalejosek adierazi du badirela lehiakortasuna sustatzeko baldintzak, baina horretarako «nazionalisten eta sozialisten politiken pintza» askatu behar dela: «Indarguneak garatzea galarazten dute».
Iruñean, berriz, Espainiako gobernuburu ohi Jose Maria Aznar izan zen protagonista. Hark esan du PPk igandean «emaitza txarrak» baditu «autodeterminazio galdeketa bat» egongo dela Katalunian.
Sumar
«Europa soziala» aldarri
Sumarrek «eskubideen eta askatasunen» Europako Batasun bat defendatzera dei egin du kanpainako azken ekitaldian. Bilbon, Andeka Larrea koalizioaren zerrendakideak azken abagunea baliatu du Sumarrena «trantsizio ekologiko eta energetikoaren aldeko» boto gisa definitzeko, «gorroto diskurtsoen aldean». Era berean, adierazi du «Euskadi nazio europar bat» dela, eta «ekarpen bat» egiteko aukera duela igandean: «Herri bezala eman behar da botoa».
Iruñetik, berriz, Carlos Guzman hautagaiak mobilizatzeko deia egin die Nafarroako hautesle «aurrerakoiei». Izan ere, adierazi du eskuin muturreko hautesleak «ia modu erlijiosoan» joaten direla hauteslekuetara, eta horri aurre egin behar zaiola igandean, EBn ere politika aurrerakoiak bermatzeko: «Egunerokoa baldintzatzen duten politiken %80 Europan erabakitzen dira».