Hazteoir.org antolakunde ultrakatolikoaren kanpainak hautsak harrotu ditu. Izan ere, Chrysallis adingabe transexualen familia elkarteak abiatutako Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak kanpainari erantzun nahi izan diote, justu kontrakoa aldarrikatuz: Mutilek zakila dute, emakumeek bulba dute. Ez zaitzatela engaina. Gizon jaiotzen bazara, gizona zara. Emakumea bazara, hala jarraituko duzu. Hala irakur daiteke Espainian hiriz hiri ibili nahi duten autobusean. Madrilen da egunotan, baina atzo iluntzean immobilizatu egin zuen Udaltzaingoak, kanpaina «biolentoa» delakoan, eta udal ordenantzak urra ditzakeelakoan. Edonola ere, autobusa Euskal Herrira ekartzeko asmoa du elkarteak: aurreikusitako plana betez gero, martxoaren 5ean eta 6an Iruñean izango da; 7an eta 8an, Donostian; 9an eta 10ean, Bilbon; eta 11n eta 12an, Gasteizen.
Makina bat erantzun eman diote kanpainari, bai eragileek, bai alderdi politikoek ere. Chrysallisek kanpaina ikertzeko eskatu dio Espainiako fiskal nagusiari, ea «gorroto deliturik» badakarren. Era berean, ironiaz salatu du kanpaina: «Tontakeria errepideetan barrena dabil autobus laranja batean, ikusten baduzu atera iezaiozu behatza». Gezur errepikatuta egia bihurtu nahia egotzi diete kanpainaren bultzatzaileei.
Autobusak bisitatuko dituen hirietako udalek ere badute zer esanik. Donostian Irabazik autobusari zirkulatzen ez uzteko eskatu du. Eneko Goia alkateak erantzun die bera «alkatea» dela: «Ez jainkoa». Hala ere, ziurtatu du aztertuko dutela zer egin dezaketen autobusa hirian ez egoteko. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ibilgailua hirian ibiltzea debeka dezaketen aztertzen dabiltzala esan du, autobusak ez duelako bat egiten Gasteizen moduko «hiri anitz, moderno eta tolerante» batekin. Iruñeko Udalak baztertu egin du autobusaren presentzia hiriko kaleetan: ez bidaltzeko eskatu du. Era berean, babesa eta onespenaberretsi diete pertsona transexualei.
Alderdi politikoek, eragileek eta sindikatuek hertsiki salatu dute ultrakatolikoen kanpaina. Sare Antifaxista, Equo, EH Bildu, Ezker Anitza eta LABek prentsa ohar bana kaleratu dute. LABek aldarrikatu du «ozenki» salatu dutela «aniztasun sexual eta genero eskubideen aurkako» erasoa. Autobusari Euskal Herriko kaleetan ibiltzen ez uzteko eskatu du. Antzera mintzatu da Sare Antifaxista. Hego Euskal Herriko hiriburuetako alkateei eskatu die autobusaren zirkulazioa debekatzeko. Yunque eragile neofaxistarekin lotu dute Hazteoir.org.
Instituzioetan, eskaerak
EH Bilduk eta Ezker Anitzak instituzioetara eramango dute auzia. EH Bilduk iragarri du ordezkaritza duten instituzioetan ekimenak aurkeztuko dituztela, kanpaina gaitzesteko eta pertsona transexualen defentsan aritzen diren eragileak defendatzeko. Ezker Anitzak, berriz, kongresuan ekinaldi bat aurkeztuko du, Espainiako Gobernuak kanpainaren aurka neurriak har ditzan. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek oroitarazi du «edozein motatako biolentzia» errefusatu behar dela, eta berdintasunean oinarritutako balioak bultzatzen dituzten ekinbideak beharrezkoak direla. Mezu transfobikoak ez dira, ordea, berriak; urtarrilean Chrisallysen kanpainaren afixen kontra egin zuten hainbat pertsonak Iruñean eta Gasteizen; hautsita eta gainetik margotuta agertu ziren.
Euskal Herritik kanpo ere eragin du Hazteoir.org-en kanpainak oihartzuna, eta hainbat instituziok eta taldek eskatu dute bertan behera uzteko.
Kanpaina «transfobikoa» ikertzeko eskatu dio Chrysallisek Fiskaltzari
'Hazteoir.org' talde ultrakatolikoak autobus batean hedatu nahi du mezua; Euskal Herrira badator
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu