Jose Antonio Ardanza lehendakariaren aldeko hiletak erakarri du arreta politikoa, eta behin-behinean ostenduta utzi du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpaina. EAJk bertan behera utzi ditu bere ekitaldiak. Gainerako alderdiek kanpainari eutsi diote, eta zenbait agerraldi egin dituzte.
Burujabetzan «jauzi bat egitea» jarri du EH Bilduk xedetzat
Gernikako Juntetxeraino joan da EH Bildu, estatus politikoari buruzko bere jarrera azaltzeko, eta han, Gipuzkoako hautagai Arkaitz Rodriguezek esan du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «jauzi bat» egin behar dutela burujabetzaren eta autogobernuaren arloan: «Estatus politiko berri bat behar dugu, gizarte gisa, komunitate nazional gisa eta herri gisa ditugun erronkei berme guztiekin aurre egin ahal izateko; izan ere, zenbat eta autogobernu eta burujabetza handiagoa, orduan eta ongizate handiagoa izango dugu».
Horretarako, autogobernuaren inguruan Eusko Legebiltzarrean 2018an landutako oinarri eta printzipioen akordioa berreskuratzea proposatu du Rodriguezek, «akordio haren letra eta espirituarekin bat etorriko den testu artikulatu bat adosteko». EH Bilduk hitzeman du legebiltzarra abian jarri eta hurrengo hiru hilabeteetan berriro jarriko dutela martxan Autogobernu Batzordea, eta helburua izango dela urtebetean testu artikulatu hori ixtea. Horretarako, «marra gorririk» ez jartzeko eskatu die gainerako indar politikoei, bai eta «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren borondatea errespetatzeko ere».
Arratsaldean, berriz, Rodriguez Sestaon egon da, 50. eta 60. hamarkadetan Espainiatik etorritakoei eskerrak emateko, haien «lan eskergarengatik» Euskal Herria eraikitzeko. Rodriguezek bere «abuela» gogoratu du, dula bi aste zendua, eta gogoratu du Ezker Abertzaleak beti esan duela euskal herritarra dela lan eta bizi den guztia Euskal Herrian; «eta beti ez dute izan hori hain argi beste batzuek», erantsi du.
EAJri erreparatuz, baina siglarik aipatu gabe, galdetu du ea «nork jarriko duen zutik Osakidetza orain»; «pribatizatu eta ahuldu dutenak urte askoan?», gaineratu du. Galderekin jarraitu du: «Nork emango dio soluzioa etxebizitzaren arazoari, alokairuen prezioak jaisteko legeari helegitea jarri diotenak?». Ondoren, garbi utzi du EH Bildu «gobernatzeko prest» dagoela, eta unea heldu dela. «Unea da orain» errepikatu du hiru aldiz, erantsita euskal gizarteak ez duela gehiago itxarongo.
Rodrigez hizketan hasi aurrretik, Kataluniako Generalitateko lehendakariorde Laura Vilagrak hartu du hitza, eta Sestaoko ekitaldira gerturatutakoei esan die ezkerrak «pertsona zaurgarriak» jartzen dituela «politiken erdian», eta eskuinak «justu aurkakoa» egiten duela. EH Bilduren barruan «ilusioa eta indarra» ikusten ditu Vilagrak, baina «solbentzia» ere bai «gobernatzeko», ERCk Katalunia gobernatzen duen moduan. Azken legealdietan eratu diren Eusko Jaurlaritzen «eredua agortua» dagoela uste du, eta EH Bilduren garaia heldu dela sinetsita dago.
Garraio publiko «irisgarri, eraginkor eta integrala» bultzatu nahi du PSE-EEk
PSE-EEren hauteskunde programan garraioari buruz proposatzen diren neurriak aurkeztu ditu Eneko Andueza lehendakarigai sozialistak, Bizkaiko foru diputatu Sonia Perezekin batera. «Garraio publiko, irisgarri, eraginkor, integrala eta lurraldea egituratuko duena» defendatu du Anduezak: «Leku batetik bestera joateko moduak jasangarriak izatea erabateko lehentasuntzat dugu».
Trenbidearen 4. linearen proposamena aletu du Anduezak. Linea horrek Bilboko Matiko eta Zorrotza auzoak lotuko lituzke, beste zenbait auzotatik igaroz, eta Basurtun lotura egingo luke Balmasedaraino doan trenbidearekin: «Horrek aukera emango luke bidaiari batek trena Balmasedan hartu, eta Hendaiaraino iristeko, trenetik jaitsi gabe. Hori da lurraldea egituratzea». Anduezaren esanetan, alor horretan EAJk egiten duen proposamenak bost milioi bidaiariri emango lieke zerbitzua, eta sozialistenak, berriz, hamazazpi milioiri: «Gure proposamena da egingarriena, logikoena, eta herritar gehienei mesede egingo liekeena».
Beste zenbait proposamen ere egin dituzte sozialistek: Zorrotzatik igarotzen den trena lurperatzeko lan egitea, Karrantza eta Aranguren (Bizkaia) lotzeko aldirietako trenbidea sortzea, beste horrenbeste egitea Miranda de Ebro (Espainia) eta Altsasu (Nafarroa) konektatzeko, eta abar. Tarifa sistema integratu eta progresiboa ezarri izana goraipatu dute, eta hori sozialisten lorpena izan dela defendatu du Perezek: «Gure helburua da garraio publikoa herritarrentzat erakargarriagoa izatea, eta gehien bidaiatzen dutenek eta diru sarrera gutxien dutenek abantailak izatea».
Arratsaldean, berriz, Gipuzkoako zerrendaburu Denis Itxasok azaldu du «ezkerarren zati bat banaturik» dagoela, eta horien botoak «zakarrontzira» joango direla. Beraz, Sumar eta Elkarrekin Podemos koalizioen siglak aipatu gabe, horien aldeko botoa emateko asmoa dutenei hitz egin die, haien bozka eskatzeko «baliagarria den ezker bakarrarentzat»; hau da, PSE-EErentzat, haren arabera.
Errenterian (Gipuzkoa) egindako ekitaldi politikoan, Itxasok ziurtatu du PSE dela «berme bakarra» Eusko Jaurlaritzan kudeakerta on bat egon dadin: «Benetan eragingo duen ezkerra egon dadin gobernuan, baliagarria, eta politika aurrerakoiak egia bihurtzeko gai dena». Horregatik, ezkerreko espazioan dagoen «overbookingaz» aritu da, PSErekin «obsesioa» dutenei buruz eta «eserleku bat bera ere» aterako ez dutenei buruz. Ohartarazi die boto asko «zakarrontzira» joango direla, eta galdetu du nola den posible «PSEri eraso egitea Etxebizitza Legea elkarrekin onartu eta gero».
Elkarrekin Podemosek «talka-plan bat» dauka «talentuaren ihesari buelta emateko»
David Soto eta Miren Eetxebeste koalizioko hautagaiek «Euskadik behar duen eraldaketa digitalari ekiteko» hauteskunde programaren ildo nagusiak azaldu dituzte Elgoibarren (Gipuzkoa), eta zientzia eta teknologiako inbertsio publikoa %10 handitzeko premia helarazi dute, besteak beste. Hurrengo legegintzaldian, BPGaren % 3ra iristeko nahi du EPk hazkunde hori; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ikerketa eta garapeneko inbertsioa %2,3koa da orain.
Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako zerrendaburu Sotok «talka-plan» bati buruz hitz egin du esparru zientifikorako, talentuaren ihesa gerarazteko: «EHUrekin lankidetzan, beharrezkoa da finantzaketaz hornitzea beharrezko ekosistema bat sortzeko, beren lanbide-eremua trantsizio digital eta zientifikoaren munduan garatzen duten gazteek gure lurraldea utz ez dezaten, lan baldintza eskasen ondorioz».
Halaber, zerga arloari heldu dio Sotok, «industriako roboten eta automatizazioaren erabilera arautzea» ezinbestekoa ikusten baitu ezkerreko koalizioak. Zerga tasa berri bat sortu nahi du Elkarrekin Podemosek «automatizazio eta robotizazio mekanismoen erabilera zergapetzeko»; sektore batzuetako enplegu galera zerga berri horiek «konpentsatzea» proposatzen dute moreek.
Era berean, adimen artifiziala hartu dute ahotan EPko hautagaiek, «lan erreformaren garapenean, kontuan hartu behar baita adimen artifiziala dela zergapetu beharreko gaietako bat». Hezkuntzaren esparruan, berriz, Lanbide Heziketan «finantzaketa talka-plan bat» proposatu dute, askoz plaza gehiago egon daitezen, «egiteke dauden trantsizioekin lotutako LHko esparru guztiei dagokienez». Lanbide Heziketak «zuzkidura handiagoa» izatea nahi dute, finean, «eremu horretan ikasle gehiago egon daitezen, produkzio-sarean enplegua sortzeko aukera bat baita».
«Berdintasuneko sailburu emakume bat» jarriko du Sumarrek, «Politika Feministetarako Sail espezifikoan»
Carmen Muñoz Sumarren Bizkaiko hautagaiak iragarri du koalizio horrek «Berdintasunerako eta Politika Feministetarako Sail espezifiko bat» sortuko duela, eta «Berdintasun sailburu gisa» emakume bat ariko dela. Sopelan (Bizkaia) egindako ekitaldi batean, hautagaiak adierazi du Sumarrek feminismoa «indar eraldatzailetzat» hartzen duela, agenda politikoaren «erdigunean zaintzarekin batera» egon behar duelako, haren arabera.
Ezkerreko koalizio horrek «berdintasun politiketara bideratutako aurrekontua handitzeko konpromisoa» hartu du. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu guztiak «genero ikuspegiarekin eta ikuspegi feminista eta intersekzionalarekin egiteko» konpromisoa da zehazki. «EAJren eta PSEren programetan, beren orrialdeetan feminismo hitza ia ez da agertzen, baina korporatibista dei genezakeen moduan agertzen denean, sartu egiten dute, inork kontrakoa lepora ez diezaien, baina ez dute sinesten», esan du Muñozek.
Gainera, «indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko», Sumarrel indarkeria matxisten eremuan esku hartzen duten eragileen arteko koordinazio mekanismoak eta protokoloak bultzatuko ditu, eta beste sektore batzuk inplikatuko ditu, «hala nola hezkuntza, osasuna eta kazetaritza», kaltea errepika ez dadin «aitorpena, ordaina eta bermea ziurtatzeko».