«Lokatzetatik atera» eta kanpaina edukietan ardaztera deitu du EH Bilduk

Oihana Etxebarrietak EH Bilduren kanpainaren berri eman du, eta eztabaida politikoa «maila gorenekoa» izan dadin galdegin du. Andoni Ortuzarrek berretsi du apirilaren 21a egun egokia dela hauteskundeak egiteko.

Oihana Etxebarrieta, EH Bilduko kanpainako koordinatzailea. JON URBE / FOKU
Oihana Etxebarrieta, EH Bilduko kanpainako koordinatzailea. JON URBE / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko otsailaren 23a
15:00
Entzun

EH Bilduk kanpaina nondik nora eraman nahi duen marraztu du Oihana Etxebarrieta EH Bilduren kanpaina arduradunak, Donostian egin duen agerraldian. «Maila goreneko eztabaida politikoa» eskatu du, bakoitzak bere proiektuak azal ditzan, «bide lokaztuak» alboratuta. Erantsi du herritarren beharrei eta kezkei erantzuteko proposamenen debatea sustatu nahi dutela.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 21ean izango direla iragarri eta biharamunean egin ditu adierazpenok Etxebarrietak. Haren irudiko, ziklo baten itxiera irudikatzen da Urkulluren legealdiaren amaierarekin, eta beste bat irekitzeko aukera dago, «beste gehiengo batzuekin, beste lidergo batzuekin, politika egiteko beste modu batzuekin».

EH Bildurena herri proiektua dela esan du. Azken hauteskunde zikloetako emaitzen arabera, gorantz doa alderdia. «Gero eta gehiago gara subiranistak eta ezkertiarrak». Ziklo aldaketa honetarako alternatiba bakarra EH Bildu dela adierazi du, eta kanpainiari ilusioz eta konpromisoz heltzeko prest agertu.

Ortuzarrentzat, egun egokia

Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruak uste du Urkulluk bete-betean asmatu duela apirilaren 21erako deituta hauteskundeetara, «Gaur egun Espainiako politikak dena kutsatzen du, ikusi berri dugu Galizian gertatutakoa. Eta Eusko Legebiltzarrerako bozak Europakoekin batera egin izan balira, lausotu eta galdu egingo ziren PPren eta PSOEren oilar jokoarengatik». Beren-beregi legebiltzarrera begira jartzea erabaki ona izan delakoan dago, beraz. Kritikatu egin du oposizioko zenbait alderdik dataren harira izan duten jarrera: «Negarti profesionalak dira».

«Gaur egun Espainiako politikak dena kutsatzen du, ikusi berri dugu Galizian gertatutakoa. Eusko Legebiltzarrerako bozak Europakoekin batera egin izan balira, lausotu eta galdu egingo ziren PPren eta PSOEren oilar jokoarengatik».

 ANDONI ORTUZAREAJren EBBko lehendakaria

Aitorzen du belaunaldi berri bat datorrela, proposamen berrituak izango direla eta hurrengo 10-15 urteak proiektatzeko beta izango dutela. Berretsi egin du Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiaren aldeko apustua, «gaitasuna, prestakuntza eta gogo handia dituelako». Hain zuzen, Bizkaiko azpiegitura diputatu gisa azken ekitaldia egin zuen atzo Prdalesek. Datorren asteartean argitaratuko da Aldizkari Ofizialean hauteskundeetarako deia, eta formalki orduan egingo dio uko karguari, jada buru belarri kanpainan jartzeko, gaur Santurtzin iragarri duenez. Bide gorri bateko lanak bisitatu ditu. Aurrekanpaina betean, eragileekin hizketan segituko duela esan du, ahalik eta programa osatuena ontzeko.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu eta PSE-EEko idazkari nagusi ohiak, berriz, esan du jokalekua irekia dagoela. Uste du itun abertzaleak egon izan direnean «Euskadi geratu» egin izan dela, eta EAJrekin egindako gobernu koalizioa ondo joan dela. Baina erantsi du herritarrak subiranoak direla, eta apirilaren 21etik aurrera geratuko den jokalekuaren arabera ezer ez dagoela idatzita. Babestu egin ditu PSE-EEk egindako politikak, haren ustez PSE-EErena boto baliagarria delako bizikidetzarako, aurrerapen sozialetarako eta ekonomikorako.

Ekonomia izan du hizpide, hain zuzen, Eneko Andueza PSE-Eko lehendakarigaiak. Esan du euskal ekonomiak ez duela jada lehengo lidergorik, «ezta hurrik eman ere». Bere ustez, arazoak daude behar diren profesionalak aurkitzeko, egiturazko arazoak daude enpresen jarraipena egingo duenik ez dagoelako, arazoak daude enpresen neurriekin eta erabakitzeko guneen galerarekin. «Aro berri batean gaude, arazo berriekin. Politika publikoek erantzun berriak eman behar dituzte».

«Aro berri batean gaude, arazo berriekin. Politika publikoek erantzun berriak eman behar dituzte».

ENEKO ANDUEZA PSE-EEren lehendakarigaia

Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusia izan da Gastezen, Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemosen lehendakarigaiari babesa agertzen. Ezkerreko gobernua aldarrikatu du: «Euskadiko gehiengo ezkertiarrak ezkerreko gobernua osatu behar du. Apirilaren 21ean sekulako aukera dago lehenbizikoz ezkerreko gobernu bat eratzeko». Hori gertatuko balitz, etxebizitzarako eskubidea bermatuko litzatekeela esan du. Defendatu du Podemos gabe ez dagoela ulertzerik etxebiizitzaren lege berria, eta Errenteria izan da lehen udalerria eskatu duen gune tentsionatu izendatzeko, etxebizitzaren arautu ahal izateko. EH Bilduk gobernatzen du bertan, Elkarrekin-Podemosekin batera.

«Euskadiko gehiengo ezkertiarrak ezkerreko gobernua osatu behar du. Apirilaren 21ean sekulako aukera dago lehenbizikoz ezkerreko gobernu bat eratzeko».

IONE BELARRAPodemoseko idazkari nagusia

Uste du etxebizitzaren auziari aurre egiteko eiznbetsekoa dela EAJ gobernutik ateratzea, eta horretarako Elkarrekin-Podemosen beharra dagoela uste du, izan ere, beste alderdi guztiak EAJrekin era bateko edo besteko itunak egiteko prest azaldu dira. Gorrotxategik salatu du orain arte egin den etxebizitza politika, etxe asko dauzkatenen jabeei eta bankuei eman zaie dirua orain arte, bere esanetan, eta horrek ez du errazten etxebizitzarako eskubidea bermatzea. Alokairuen prezioa mugatzea eta etxebizitza parke publikoa hedatzea dira konponbidea, bere irudiko. Horretan tematuko da Elkarrekin-Podemos.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.