Eta konturatu gabe, sartu gara buru-belarri hauteskunde kanpainan. Oharkabean, oporrak tarteko, askok astelehenerako utzi dutelako eguneroko martxa berreskuratzea, tartean, kanpainaren jarraipena egiten hastea. Bizkaian ez dago Athleticen finalarekin lehiatzerik, beraz hemen kanpaina astelehenean hasiko da finala galduz gero, eta irabaziz gero auskalo; gabarra ateratzeko eguna jakina da; ez, ordea, zaleen artean geratuko den ajea noiz arte luzatuko den. Beste arrazoi bat hauteskunde dinamika bera dela esango nuke, zaila delako oraingoen eta azken asteetako edozein egunen arteko aldea aurkitzerik.
Aldeak egon badaude, noski. Lehena, alderdien presentzia arautua eta neurtua izango dela komunikabide publikoetan, horrek batzuena ziurtatu eta beste batzuena mugatuko duelarik. Ez da gutxi, ezta txarra ere. Bestea orain bozka eska dezaketela; osteguna arte intuizio hutsa zen bozkaren borroka bete-betean zeudela, orain beldurrik eta lotsarik gabe eska dezakete. Hirugarren ezberdintasuna litzateke datozen bi asteak proposamen politikoak plazaratzeko egunak izango direla, lehendakarigaien aurkezpen momentua pasatu delakoan. Hemen nire zalantza.
Alderdi guztiek egin dute kanpaina guztiz presidentzialista. Hautagaiak ezezagunak direla ezin ukatu, hori omen da arrazoia. Baina atzetik datorren joera da, eta ezin kanpainari buruz idazten hasi eredu honek ekarri dituen aldaketa batzuk aipatu gabe. Askok ez dute jakingo nor den bozkatzen duten zerrendaburua, herrialde guztietan berdina dela (lehendakarigaia, noski) pentsatuz. Azpimarratu den bezala, inoiz baino emakume gehiago daude zerrendetan, baina inolako protagonismorik gabe. Ikusiko ditugu eta entzungo ditugu ekitaldietan, baina bigarren maila batean, lehendakarigaiaren itzalpean. Hemengoa sistema parlamentarioa dela, eta Gasteizekoa osatuko denean gehien-gehienak ez gara gai izango bertako hamar kide izendatzeko. Ez dakit albo-kalteak diren, garrantzirik gabeko burutazioak edota gaurko politikaren isla. Politikagintza mota honek botoa mobilizatzeko eta hauteskundeak irabazteko balio duela zalantzan jarri gabe, ez dakit oharkabean pasatzen uztekoak diren parte hartze politikoaren maila eta eredu honen mugak.