Josu Muguruzaren hilketa. 25. urteurrena

Kanpaina baten emaitza tragikoa

Ostegunean 25 urte beteko dira Josu Muguruza HBko diputatua Madrilen tirokatuta hil zutenetik. Hotel batean zegoen, koalizioko ordezkaritza batekin afaltzen. 1989ko azaroaren 20a zen. Ez zuten ekintza bakantzat jo.

enekoitz esnaola
2014ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Bi pertsona sartu ziren Madrilgo Alcala hoteleko jantokian; tiro egin, eta Josu Muguruza HBko diputatua hil zuten. 1989ko azaroaren 20a zen. Hotzean eta motzean kontatuta, hori gertatu zen duela 25 urte, baina testuinguruarekin bazeukan zerikusia. HBren aurkako kriminalizazioarekin lotura zuela dio Teresa Toda Egin egunkariaren Madrilgo orduko berriemaileak —hantxe zen hura—.

Urriaren 29an izan ziren Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak. Herri Batasunak (HB) 217.278 boto lortu zituen Hego Euskal Herrian, eta lau diputatu: Jon Idigoras eta Tasio Erkizia Bizkaitik, eta Iñaki Esnaola eta Itziar Aizpurua Gipuzkoatik. Bizkaian bozen aurretik erabakitako aldaketa bat egin zuten: Muguruzak hartuko zuen Erkiziaren lekua. Senaturako, berriz, hiru aulki erdietsi zituen HBk, Gipuzkoatik: Iñigo Iruin, Jose Luis Elkoro eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. HB aurretik ere aurkeztu izan zen Espainiako bozetara, baizik lehen aldiz hartuko zuen parte Kongresuan-eta. «Aljerko negoziazioak hautsi berriak ziren, eta Madrilen handia zen ikusmina», dio Todak.

ETAk 1989 hartako urtarrilaren 8an eman zuen bere lehen su-etena: bi astekoa, eta Espainiako Gobernuak Aljerren negoziazioei ekinez gero luzatzeko eskaintzarekin. Ekin zieten elkarrizketei, eta ETAk eutsi egin zion tregoari. Gainera, erakunde armatuak martxoaren 27an jakinarazi zuen ekainaren bukaera arteko «aldebiko distentsioa» adostu zutela. Agirian ez zituen edukiak aipatu, baina ageri zen «elkarrizketa politikoak» zirela haiek eta «konponbide politiko negoziatua» zutela xede. «Garrantzi politiko handiko garaia zen», Todak dioenez. «Baina dena pikutara joan zen, Madrilek martxoaren 28an ez zuelako adostutako esaldi bat esan publikoki; bere kabuz hitz batzuk sartu zituen». ETAk apirilaren 4an amaitutzat jo zuen su-etena.

Teresa Toda (Brasil, 1950) 1984tik zegoen Madrilen Egin-entzat lanean. Euskal gatazkagatik urte «gogorrak» ziren 80ko hamarkadakoak: atxiloketak, epaiketak, Madrilen ere atentatuak... 1989an estatuak beste jauzi bat eman zuela uste du hark. Gogoan du orduko iraila. «ETAk Carmen Tagle Auzitegi Nazionaleko fiskala hil zuen Madrilen irailaren 12an. Auzitegian euskal auziko giroa orduan hasi zen aldatzen, aurretik ere joera horretako keinu batzuk izan ziren arren ETAren atentatu gogor batzuengatik». Kasurako, 1987an Bartzelonako Hipercorreko eta Zaragozako (Espainia) Guardia Zibilaren kuarteleko leherketak izan ziren: 21 eta 11 hildako. Erakundea bonba-autoak jartzen hasi zeneko garaiak ziren. Tagle hil eta lau egunera, Guardia Zibilak Irun parean bi etakide hil zituen, tirokatuta: Jon Oiarbide eta Manu Urionabarrenetxea. Eta irailaren 20an, Jose Antonio Cardosa Errenteriako postaria hil zen, bonba-pakete bat lehertuta; HBko zinegotzi baten buzoian pakete bat sartzera zihoan.

Kriminalizazio saioak

«Ezker abertzalea sozialki zokoratzeko» saioez akordatzen da Egin-eko kazetari ohia. Esaterako, ZEN planaz —Iparraldeko Zona Berezia plana—. Barne Ministerioak 1983an abian jarritako egitasmo bat zen, Jose Barrionuevo zela ministro (1982-1988), eta «terrorismoari esparru guztietan» aurre egitea zuen helburu: politikoan, sozialean, legedikoan eta polizialean. Hedabideetako arloa dakar gogora Todak. «Barne ministro Jose Luis Corcuera [1988-1993] zela asko garatu zuten ZEN planeko hedabideetako atala; batik bat, Aljerko elkarrizketak bukatu ostean. Lortu zuten komunikabideek euskal gatazkarekiko ikuspegia aldatzea. Adibidez, Aljerko garaian oso gutxitan aipatzen zuten 'ETA erakunde terrorista'. Gero hasi ziren, batez ere. Rafael Verak esan zuen: 'Hedabideetako hizkuntza aldatzea lortu dugu'». Aljerren ETArekin eserita egon zen Vera, eta gerora jakin zen GALeko auzian inplikatuta egon zela —1983-1987 artean 27 lagun hil zituen GALek—.

HBren kriminalizazio saioen adibide nabarmen bat da 1989ko azaroaren 20koa bertakoa: El País egunkariak lehen edizioan ETA eta HB lotu zituen bineta batean. Bigarrengo ediziorako erretiratu egin zuen. Handik ordu batzuetara izan zen Alcalako atentatua.

Euskal presoen aurkako sakabanaketa politika 1989an hasi zutela ere badio Todak. «Gobernuak bi mezu zituen. Jendaurrera begirakoa zen ETAk presoak ez kontrolatzeko neurria zela. Baina, modu pribatuan, Justizia Ministerioan-eta argi esaten ziguten egoera tenkatzea zela asmoa, euskal presoen eta sozialen artean enfrentamenduak bilatzea». Kataluniako egunkari bateko Madrilgo kazetari bati Todak esan zion une egokia izan zitekeela presoen senideekin erreportaje bat egiteko. «Erantzun zidan gai hori ez jorratzeko agindua zutela. Informazio ofizialera lerrokatu ziren».

Ajuria Eneko Ituna 1988ko urtarriletik zegoen, baina Todak esaten du izaera horretako estrategia Madrilen eratu zutela lehenago.

HBren aurkako esanak

Espainiako hauteskunde kanpainan eragile askok hizpide izan zuten HB. Kataluniako kazeta batek atera zuen ETAk ez zuela HBren kanpaina finantzatzeko dirurik. Jaurlaritzako orduko lehendakari Jose Antonio Ardanza Herri Batasunari botoa ematen ziotenei mintzatu zitzaien:«HBren boto-emaileak jakin behar du ETAren mehatxuak babesten ari dela». Rafael Vera Estatu Segurtasun idazkariak HBko buruzagiak markatu zituen gorriz: «HBko boto-emaileak ezin dira identifikatu ETAren hilketa eta terrorismoarekin, baina badaude buruzagi batzuk beti erakutsi dutenak ETAren aldeko oso jarrera argia; horretan ez da zalantzarik». PSEk Herri Batasuna alkatetzatatik kentzeko eskatu zuten, «onartezina baita alkatetzak ETA babesteko eta atentatuak ez gaitzesteko erabiltzea». Eta PP —Jose Maria Aznar zuen presidentegai, aurrenekoz— HBren legez kanporatzea eskatzen hasi zen —Barne Ministerioan alderdien erregistroan 1986tik zegoen HB; koalizio gisa 1978an sortu zen—.

Kanpaina garaian Leitzarango autobidearen auzian ETAk urrats kualitatibo bat egin zuen, azpiegituraren lanetako enpresetako arduradun, teknikari eta ingeniariak mehatxatu zituelako. Urriko hauteskunde kanpainan erakunde armatuak ez zuen inor hil; urri hartako 8an hil zuen azkena, Donostian, Espainiako polizia bat, kanpaina hasteko ia astebete falta zela. Bozen ostean, zortzi egunera egin zuen lehen hilketa: azaroaren 6an, Getxon; polizia bat zendu zen auto azpian bonba bat lehertu ostean. 1989an 18 lagun hil zituen ETAk; Madrilen haietatik sei.

HBko kargu hautatuak azaroaren 20an joan ziren Espainiako hiriburura, kreditazioak jasotzera. Hurrengo egunean jarriko zen legealdi berria abian, eta Kongresuan-eta behar zuten HBkoek ere. Xabier Oleaga prentsaburua lehenago heldu zen Madrilera, azaroaren 20an Villarreal hotelean eman behar zuten prentsaurrekoa lotzeko. Muguruza (Bilbo, 1958) orduan Gasteizen bizi zen, eta Esnaolak-eta goizeko seietan errepide bazter batean hartu zuten autoan Madrilera elkarrekin joateko. Eguerdi partean prentsaurrekoa eman zuten —elkarrizketei eusteko mezuarekin—, kreditazioak jaso, eta Alcala hoteleko Basque jantokian bazkaldu zuten. Gauean ere hantxe afaldu zuten, Esnaolak hala nahi zuelako; izan ere, hark kideei esan zien Francisco Franco diktadorea zendu zeneko urtemuga zela —14.a— eta hotelean geratuta zeudela seguruen. Handik pixka batera Tiempo aldizkariak argitaratu zuen HB eta Egin-ekoek aipatu izan zutela azaroaren 20an beste leku batean afaltzeko aukera. Todak hori irakurtzean frogatu zuen kontrolatuta eduki zituztela. «Izan ere, Oleagari telefonoz neuk proposatu nion beste nonbait afaltzeko. Beraz, atentatuaren aurretik entzuketak izan genituen».

HBkoekin afaldu zuen Todak. Ezagutzen zituen lehendik, lan kontuak zirela medio. Muguruza bera Egin-en lankide izana zuen. «Erredaktoreburu aritu zen Josu, Hernanin. Politikan oso jantzita zegoen. Egin-en zela ia egunero hitz egiten genuen telefonoz».

Atentatu osteko deia

Atentatutik egun batzuetara dei berezi bat jaso zuen Todak, «kezkagarria»: «Ia bi astera, abenduaren 4an, HBkoak diputatu kargua hartzera joan zirenean, goizean etxeko telefono erantzungailuan mezu bat neukan: Ramon Lillo poliziaburu eta Barne Ministerioko kidea zen, niretzat mezu bat zuela esanez, eta deitzeko. Zur eta lur geratu nintzen. Baina deitu nion, eta esan zidan ea ba al nekien HBkoak Madrilen non zeuden, zer plan zituzten egun hartarako eta abar. Aho zabalik ni; Barne Ministerioko arduradunetako bat Egin-eko Madrilgo berriemaileari galdera haiek egiten Muguruzaren hilketatik hamalau egunera! Ezer ez nekiela erantzun nion, jakin banekien arren Madrilen lagun batzuen etxean zeudela eta zer egin behar zuten. Oso larria izan zen Lilloren hura. Batetik, ikusten da estatuak HBko diputatuei-eta ez ziela segurtasun babesik eman, bi aste lehenago Muguruza hantxe tiroz hil bazuten ere. Bestetik, espekulazioak egin zitezkeen: Barne Ministerioak zergatik jakin nahi zuen HBkoak Madrilen non zeuden? Faxistei abisatzeko?».

25 urte pasatu dira Alcalako atentatutik. HBko ordezkaritzak garbi zeukan hasieratik: «Estatu krimena» izan zen, eta, ordezkari politikoei eraso eginda, «gerra zikinean emandako jauzi kualitatiboa». Halaber, estatuak Aljerko bidea erabat moztu nahi izan zuela ere bazioten Herri Batasunekoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.