Kanpaina abiatu dute azterketak euskaraz egitea aldarrikatzeko

Dei egin dio Seaskak Bordeleko akademiako errektoreari Frantziako Hezkuntza Ministerioaren zirkularraren ondotik negoziazioak abiatzeko

Ikasleen protesta, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Azterketak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko komunikazio kanpaina abiatu dute Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioko ikasle, irakasle eta gurasoek. Frantziako Hezkuntza Ministerioak hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz prestatu duen zirkularrean ez diotekonponbiderik eman azterketen gaiari, baina atea ireki dute tokiko administrazioekin negoziatzen saiatzeko. Seaskak Bordeleko (Okzitania) akademiako errektoreari dei egin dio, eta iragarri du erantzun baikorrik eskuratu ezean mobilizazioak antolatuko dituela.

Komunikazio kanpainaren bidez, gaia berriz plazara atera nahi dute Ziburuko kolegiokoek. Arlo anitzetako pertsona ezagunengana jo dute, kolegioko eta lizeoko ikasleei babesa erakusteko eta azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrika dezaten. Ondoren, #AzterketakEuskaraz traolarekin zabalduko dituzte bideoak Instagram sare sozialaren bidez. Kolegioko ikasleen egoera azpimarratu du Amaia Saez irakasleak. «Brebeta euskaraz pasatzeko aukera izan zuen lehen belaunaldikoa izan nintzen. Orain, irakaalea naiz, eta nire ikasleek ezin dute euskaraz pasatu. Gibelapen handia da», ohartarazi du.

Lehen, Historia, Matematika eta Frantsesa pasatzen zituzten ikasleek Brebetako azterketan. Probetako galderak frantsesez izanik ere, erantzunak euskaraz emateko aukera zuten, eta irakasle euskaldunek zuzentzen zituzten. 2017ko erreforman zientzia gaiak gehitu zituzten: Biologia, Fisika eta Teknologia.

Zuzenketetan aldaketa 2018an egin zuen Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Ravel ikastetxetik Seaskara deitu zituzten, erranez errektoretzako ordezkari bat pasatu zela zuzenketa zentrotik, eta euskaraz erantzundako zientzietako probak eraman zituela. Zuzentzaile erdaldunek zuzendu zituzten, Bordelen, zenbakiak eta latin terminoak bakarrik kontuan hartuta.

2019an trikimailu bera egin zuten, eta 2020an azterketak bertan behera gelditu ziren osasun krisiagatik. Iaz, probak euskaraz erantzun zituzten ikasleek, desobedientziaz, eta Donapaleuko zuzenketa zentroa okupatu zuten Seaskako irakasle eta gurasoekin batera, protesta gisa. Euskaraz idatzitako probak bahitu zituen, beste behin, Bordeleko errektoretzak.

Baxoari dagokionez, historikoki, Historiako gaiak euskaraz erantzuten ahal zituzten ikasleek, eta, 2012tik, baita Matematikakoak ere. 2020an erreforma egin zuen ministerioak: gehiena kontrol jarraikian oinarritzen da, eta, beraz, Seaskako ikasleek euskaraz egin dezakete. Idatzizko probak dituzte gainera: Frantsesa, Filosofia, eta bakoitzak hautatutako bi espezialitate. Azkenik ahozko handia deitua dute, hori ere hautatutako espezialitateen ingurukoa. 2020an azterketa idatziak bertan behera gelditu ziren; iaz, filosofiako proba euskaraz erantzutea erabaki zuen ikasle talde batek, hor ere desobedientziaz. «Errealki desobedientzia edo intsumisio ekintza egiten dutenak ikasleak dira, adingabeak izanki», ohartarazi du Saezek. Horregatik, babesa erakusteko beharra azpimarratu du.

Erantzunaren zain

Frantziako Hezkuntza Ministerioak hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz egin berri duen zirkularrean izan liteke egoera konpontzeko bidea. Honela dio baxoari buruz: «Ibilbide elebidun hori segitu duten ikasleek baxoko proba batzuk eskualdeetako hizkuntzetan pasatzen ahal dituzte»; brebeta ez dute aipatzen. «Aitzineko zirkularrean [2017] brebetari buruz egiten zituzten aipamenak kendu dituzte, eta baxoan azterketa batzuk euskaraz pasatzeko aukera aipatu dute, zehaztu gabe. Zehaztasun falta horrek errektoretzarekin negoziatzeko aukera ematen digu»,esplikatu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Brebetari aipamena egiten ez diotenez, hori ere errektoretzarekin adosteko aukera izan lezakete.

Urte bukaerarako bidali zioten gutuna Bordeleko akademiako errektoreari, eta posta elektronikoz ere eskatua diote elkartzeko, baina, oraingoz, ez dute erantzunik. «Espero dugu laster ukanen dugula erantzun bat, eta baikorra izanen dela». Egutegiak sortzen duen «presa» azpimarratu dute, martxoan abiatuko dira baxoko lehen azterketak. Errektoretzatik jasotzen duten erantzunaren arabera mobilizazioak antolatuko dituztela ere iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.