Kanpaina abiarazi dute Kukutzako kideei elkartasuna adierazteko

Bilboko gaztetxea eraitsi zutenean Ertzaintzak atxilotu eta zauritu zituenei babesa helarazi nahi diete

Ni ere egon nintzen. Elkartasuna ez da delitua kanpaina aurkeztu zuten atzo Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2013ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Kukutza III gaztetxearen huste eta eraisteak iraun zuen egunetan Ertzaintzak atxilotutako eta zauritutako lagunei —80 atxilotu eta 100 zauritu baino gehiago— elkartasuna eta babesa helarazteko asmoz, Ni ere egon nintzen.Elkartasuna ez da delitua kanpaina jarri du martxan Kukutzako Elkartasun Taldeak.

Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea eraistean izandako istiluen ondorioz orain arte egin diren bi epaiketetan, Ertzaintzak emandako bertsioa benetan gertatutakoarekin ez zetorrela bat argi geratu dela adierazi dute gaztetxeko kide ohiek. Iñaki Carro abokatuak esan du atxiloketak «arbitrarioak eta justifikaziorik gabekoak» izan zirela. Gainera, 2011ko iraileko egun haietan ertzainek lagun ugari eraso zituztela erantsi dute. Abokatuak azaldu du Ertzaintzak oztopoak jarri dituela agenteak identifikatzerakoan eta oso zaila egin zaiela akusazio zehatzak egitea.

Kukutzako kide ohi batek esan duenez, gaztetxea hustu ondoren batzarrak egiten hasi ziren inputatuei elkartasuna adieraztzeko. «Ikusi genuen gure indarrak ez zirela hainbeste, eta beste pertsona batzuen parte hartzearen beharra sumatu genuen». Duela hilabete eta erdi erabaki zuten Ni ere egon nintzen kanpaina martxan jartzea. Eta atzo goizean egin zuten aurkezpena, Errekalde auzoko plazan.

Kukutzaren afera egoera orokorraren adibide gisa jotzen dute elkartasun taldeko kideek. «Plazaratu nahi dugu Euskal Herrian jasaten den indarkeria poliziala. Okupazioa legitimatzea da beste helburuetako bat. Eta, hirugarrenik, inputatuak daudenei elkartasuna adieraztea».

Jaialdiak eta mobilizazioak

Epaiketek luze joko dutenez, Kukutzako Elkartasun Taldeak mobilizazioak antolatuko ditu datozen hilabeteetan. «Jaialdiak antolatuko ditugu, isunak ordaintzeko dirua bildu ahal izateko. Eta kamisetak ere aterako ditugu». Plataformako kideek asmoa dute Euskal Herriko eragile, elkarte, gaztetxe eta norbanakoekin harremanetan jartzeko, «beren laguntza eta parte hartzea eskatzeko».

Kukutzako Elkartasun Taldeak deituko duen aurreneko elkarretaratzea martxoaren 11n izango da, bi gazteren aurka egingo den epaiketa dela eta.

Kukutzako kideen arabera, gaztetxearen hustea eta eraispena «aitzakia hutsa» izan zen Bilboko Udalarentzat, «okupazio mugimendua bukatzeko». «Orain gelditu den orubea da horren erakusle», adierazi du Kukutzako kide ohiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.