Kanboko Marieneko lurren auzian tentsioa handitu da aste honetan

Marieneko lurren defentsan, laborariak Kanboko herriko kontseiluan sartu ziren asteazkenean, eta eztabaida pil-pilean da. Jendarme, manifestari eta hautetsien arteko bultzada mugimenduan, auzapeza erori zen, eta batzuek eta besteek salaketak egin dituzte.

Asteazkeneko Kanboko kontseilutik ateratzean gertatu bultzada mugimendua. GUILLAUME FAUVEAU
Asteazkeneko Kanboko kontseilutik ateratzean gertatu bultzada mugimendua. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko apirilaren 12a
16:00
Entzun

Hautsak harrotu ditu Kanboko asteazken arratseko herriko kontseiluak. Aurrekontua bozkatzekoa zuten, eta ehun bat laborari eta herritar kontseilu gelara sartu ziren, Marieneko laborantza lurren auzia salatzeko. Hautetsiak eta manifestariak bi orenez elkarri so egon ondoan joare eta lur gaineko makila ukaldien harrabotsaren erdian, Christian Deveze auzapezak kontseilu bilkura gelditu zuen. Kanpora ateratzean, jendarme, manifestari eta hautetsien arteko bultzada mugimenduan, auzapeza lurrera erori zen, eta «arinki zauritu». Prefetaren, prokuradorearen eta hautetsi batzuen salaketak etorri ziren berehala, «Errepublikako hautetsiekin» izandako «jokaera bortitz» horiengatik. ELBk eta Lurzaindiak segidan erantzun dute: beren bertsioa eman dute, eta «hautetsi zenbaiten erreakzioak» salatu, nahaskeria sortzen dutelakoan. NDH Nahi Dugun Herria Kanboko oposizioko hautetsi taldeak ere gaualdiaren kontaketa egin du, eta «egiten ari diren nahasketak» salatu.

NDHko kideek kontatu dutenez, apirilaren 10eko Kanboko herriko kontseilua 19:30ean hasi zen, «finkatua zen bezala». Oren erdi bat berantago, Laborariak nekazari taldeak deiturik, ehun bat lagun sartu ziren kontseilu gelara, Marieneko laborantza lurren defentsan. Lurzaindiko Dominique Ameztoi laboraria han zen, eta esplikatu zuen harat joanak zirela Kanboko kontseiluari galdegiteko «berrikusi» zezala onartu zuen hirigintza plana, Marieneko lurrak laborantzarako egon daitezen. Ameztoik adierazi zuen «kontseilua ez egiten utziz», hautetsiei laneko tresna hori kenduz, ikusarazi nahi zietela zer den «laborantzan aritzeko trabatua izatea», horretarako tresnarik gabe —hau da, lurrik gabe— gelditzea.

Ateratzean gertatu mugimenduan Deveze auzapeza lurrera erori, eta artatua izan zen. Eta, gehiengoko hautetsiek erran dutenez, Baionako ospitalean atxiki zuten zaintzapean. Gauean berean, gauerdi gabe, Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak prentsa agiri bat bidali zuen «Kanboko auzapezari eta herriko kontseilu osoari sostengua» erakusteko. «Errepublikako hautetsiek jasan larderiatze saiakerak fermuki» salatu zituen.

Biharamun goizean, Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek jakinarazi zuen ikerketa bat zabaldu zuela, «hautetsi batenganako talde bortizkeriagatik», eta azpimarratu gertatutakoak «printzipio errepublikanoei kalte» egiten ziela. Egun berean, hautetsi batzuk agertu ziren Devezeren alde, eta laborarien ekintza gaitzetsi zuten. Jean-Jacques Lasserre Departamenduko buruak erran zuen «onartezina» dela bozka bidez hautatua izan den hautetsi bati «jazartzea». Euskal Hirigune Elkargoko buru Jean-Rene Etxegarai urrunago joan zen: «Aldarrikapen batek, legitimoa bada ere, ezin dezake bortizkeriaren erabiltzea legitimatu». Max Brisson senataria ere gordinki aritu zen, «Kanboko bizia hainbat hilabetez usteltzen aritu diren errabiatu horiek» aipatuta. Isabelle Pargade Hazparneko auzapez eta Euskal Elkargoko laborantza sailaren hautetsi delegatuak ere ildo beretik iharduki zuen. Erran zuen Deveze auzapeza «lurrera bota» eta «arinki zauritu» zutela, eta «ospitalera eraman» behar izan zutela gero. Gertakaria, «handizki damugarria» zela gehitu zuen, eta herriko etxeek, «demokraziaren sinboloa» diren neurrian, ez luketela sekula halako «larderiatzeen agertokia» izan behar. Alain Rousset Akitania Berriko buruak ere bat egin zuen salaketekin.

«Mespretxuz bete isiltasuna»

ELBk eta Lurzaindiak agiri bidez erantzun zieten salaketa horiei, atzo. Hala egin du NDH Nahi Dugun Herriak ere, gaur. Kanboko oposizioko hautetsiek kontatu dutenez, kontseilu bilkura hasi orduko «jendarmeak, uniformez eta zibilez, gelaren inguruan eta barnean» ziren, eta horrek manifestaldi bat zetorrela iragartzen zuen, nolabait.

NDHk laborarien ekintza sinbolikoa ulertzen du, «auzapezak sistematikoki errefusatu baitu ordezkaritza batekin solastatzea». Deitoragarri zaio, auzapezak «ez ikusiarena egin baitu» bi orenez. Laborariei «ez die hitzik erran, ez hitzik eman, ez eta hitzordurik proposatu ere», dioenez. Ehun bat manifestari eta 25 hautetsi giro horretan utzita, auzapezak «egoera usteltzera» utzi duela salatu du NDHk, eta «tentsio handia sortu». Auzapezaren «isiltasun» hori «mespretxuz betea» iduritu zaio. Oposizioko hautetsiek dolu dute Deveze jauna erori baita eta «fite berpixkola dadin desiratu» diote. Diotenez, Devezek «oreka galdu du, eta erori da. Ez da erasorik izan, ez dute jo, ez eta ere iraindu». Horregatik, ondoko orduetako erreakzioetan egin diren «nahasketak» salatu dituzte.

ELB eta Lurzaindia ere «damu» dira auzapeza «arinki zauritua izan» delako, «jendarmeriak kontseiluko gelan sartuz hasitako bulkada baten ondorioz, bi orduko saio baketsuaren ostean». Euskal Irratietako bideo batek erakusten duen «bulkada» horren ondotik auzapeza «ustekabean» erori zela diote, eta «fisikoki erasotzeko asmorik» ez zela zehaztu.

Auzapezarekin «aitzineko aldi guzietan bezala» eztabaidatzera jinak zirela erran dute laborantzako bi eragileek, baina «auzapez jaunaren ezezko temati bat baizik» ez dutela lortu aldiro. Kanboko hautetsiekin eta Euskal Elkargoko arduradunekin mintzatzea galdegin dute berriz ere, «Marieneko laborantza lurrak salbatzeko eta ez sakrifikatzeko».

Geroztik, Kanboko herriko kontseiluak jakinarazi du elkarretaratzea eginen duela asteartean 18:00etan, herriko etxearen aitzinean, «auzapez jaunaren sustenguz eta gure hautetsienganako bortizkeriaren kontra». Bestalde, Marieneko lurren auziagatik Devezeren gehiengotik ateratzea erabaki zuten hautetsiek —Peio Etxeleku eta Jean-Francois Lacostak— prentsa agerraldia eginen dute astelehen goizean, beren ikuspegiaren berri emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.