EH Baik eta LABek elkarretaratzea egin dute Baionako suprefetura aitzinean, kanak herriari elkartasuna adierazteko eta konponbide politikoa eskatzeko. Gogor salatu dute Frantziako Estatuaren jarrera, eta hura egin dute azken egunetan sortu den «indarkeria giroaren erantzule». Halaber, Noumeako akordioen esparrura itzultzeko eskatu dute. «Kanakyko gatazka politikoa ezin da indarrez konpondu. Frantziako Estatuak bururaino eraman behar du deskolonizazio prozesua».
Bi indar abertzaleek oroitarazi dute hautesle errolda handitzeko erreforma onartu ondoren sutu dela uhartea. «Lege aldaketaren bidez, bozkatzeko eskubidea eman diote Kanakyn hamar urtez bizi izan den pertsona orori, eta, ondorioz, erroldan kanakak gutxiengo bilakatzeko arriskua handitu da».
Hori da, hain zuzen ere, Noumeako akordioen bidez eragotzi nahi zena, LABen eta EH Bairen hitzetan. Adierazi dute erreforma bertan behera utzi behar dela, eta elkarrizketari berriro ekin Noumeako akordioen esparruan.
Irmo salatu dute Emmanuel Macron Frantziako presidentearen jarrera. "Kanakyko gatazka politikoa ezin da indarrez konpondu. Frantziako Estatuak deskolonizazio prozesua bururaino eraman behar du" @berria
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) May 21, 2024
(Bideoan LABeko argitxu Dufau eta EH Baiko Mathilde Hary) pic.twitter.com/LmgGap1bDw